12:00etan hasi da BERRIAren Seigarren Uztaia zuzeneko telebista saioa. Gonbidatu bereziak Maialen Chourraut eta Ander Elosegi piraguistak izango dira gaur. Tertulian Julen Etxeberria eta Enekoitz Telleria egunkariaren Kirola saileko kideak ariko dira.
Londresko Olinpiar Jokoen inguruko zuzeneko telebista saio bat egiten ari da egunero BERRIA.INFO; batik bat, euskal kirolarien ibilbidea aztertzeko. Baina ez hori bakarrik. Hainbat gonbidatu izaten dira egunero: kirolariak, kirolari ohiak, eta beste. Elkarrizketak, erreportajeak, musika, umorea eta abar biltzen ditu saioak. Saio guztiak webgunean ikus daitezke.
Programa astelehenetik larunbatera da. Gorka Erostarbe kazetariak aurkezten du, eta laguntzaile du Alazne Salcedo, produkzio lanetan eta kazetari lanetan. Lara Madinabeitia Berria TBko bideogilea da errealizadorea. Danel Agirre Gipuzkoako Hitza-ko zutabegileak ere kolaboratzen du saioan. Horiez gain, BERRIAren Kirola saileko kazetariek parte hartzen dute.
Gainera, BERRIA.INFOn, telebista saioaz gain, webgune berezi bat dago jokoen berri izateko, eta edizio jarraian atal bat dauka. Egunkaria egunero hamabi orrialdeko gehigarria ateratzen ari da.
BERRIAk bi kazetari dauzka Londresen: Unai Zubeldia eta Imanol Magro. Berriketan.info-n ere ematen dute Jokoen berri (Zubeldia eta Magro).