Berrikuntzak eta hutsuneak

Uztailaren 3an hasiko da, Liejan, 3.395 kilometroko Tourra; erlojupeko lau bakarra dauka, azken aurreko etapan, eta kronoigoera bat, Alpe D'Huezen; nabaria da oso mendate handien gabezia, eta azken astean erabakiko da lasterketa

Andoni Urbistondo.
2003ko urriaren 24a
00:00
Entzun
Tourra hasteko zortzi hilabete geratzen direla ibilbidea zehatz aztertzea alferrikakoa da, subjektiboa zeharo, dauden erlojupekoek, mendateek eta ordekak baino txirrindularien beraien sasoia, indarra delako erabakigarriagoa. Tronpatzea da errazena, Vueltaren atarian gertatu bezala. Mendian bukatzen ziren etapak gogorregiak ez zirela genioen, erlojupekoak luzeegiak zirela, eta ordokizaleentzat igotzaileentzat baino egokiagoa zela Vuelta. Haizeak eraman zituen aurreikuspen guztiak, munduko igotzaile onenetakoak irabazi baitzuen Vuelta, Roberto Herasek.

Tourreko ibilbidea zein den jakinagatik, ezin esan egokiagoaigotzaileentzat edo ordokizaleentzat den. Horregatik, azken urteetako Tourrei erreparatu eta 2004. urtean ere hauek joko ditugu Parisko podiumera igotzeko hautagaitzat: Lance Armstrong, Jan Ullrich, Joseba Beloki, Alexandre Vinokourov, Tyler Hamilton, Haimar Zubeldia, Iban Mayo, Ivan Basso eta beste.

Ibilbideak bati edo besteari mesede egiten dion ezin esan, baina bai nolakoa den: berrikuntza dezente izango ditu heldu den urtekoak, baina hutsune asko ere bai, nabarmenak gainera. Uztailaren 3an hasiko da, Liejan (Belgika), eta uztailaren 25ean bukatu, beti bezala Parisen. Aitzin-etapa bat eta 20 etapa izango ditu. 3.395 kilometro, denera. Hiri aldaketa egiteko egun bat hartuko du probak, eta Pirinioak igaro ostean, atseden egun bat, Nimesen.

Alpe D'Huezko kronoigoera, erabakigarria

Berrikuntzekin hasita, kronoigoera da garrantzitsuena, ez baita nolanahiko mendatean egingo, Tourreko historian orri asko bete dituen mendate ezagunenetako batean baizik, Alpe D'Huezen. Ikusgarriak dira mendatea eta mendateko 21 bihurguneak. Heldu den urtean bakarkako lanean ikusi ahal izango ditugu oilarrak. 15 kilometro tenteko etapa hori izango da, beharbada, lasterketako erabakigarriena. Kronoigoerak lehen erlojupeko lau luzea ordezkatuko du.

Berrikuntza nabaria da taldekako erlojupekoaren inguruan hartutako neurria, txirrindulariek bi minutu eta erdi galduko baitituzte gehienez. Euskaltel-Euskadi taldearentzat berri ona da hori, orain arte denbora hori baino gehiago galdu baitute. Azken berrikuntza, Tourreko etapa erabakigarri ia denak bigarren erdian jokatuko direla, azken astean. 12. etapa izango da Pirinioetako lehena, arina, La Mongien bukatuko baita. 15. etapan hasi eta Parisera iritsiko den etapa arte, dena da mendia edo erlojupekoa.

Berrikuntzetatik hutsuneetara. Bat nabarmena da oso: mendate garai, luze eta mitikoena. Ez dituzte igoko Tourmalet, Luz Ardiden, Galibier, Izoard eta beste heldu den urtean, eta horrek beti kentzen dio xarma probari. Alpe D'Huezko kronoigoera bazterrean utzita, Glandon eta Madeleine ezagunak bakarrik igoko ditu tropelak, baina ez dira lasterketako epaile izango, 17. etapako lehen erdian kokatu baitituzte. Hutsune nabaria da, era berean, Pirinioei eman zaien garrantzia. La Mongien eta Plateau de Beillen bukatuko dira bi etapa. Lehenengoa ez da zaila. Bigarrena, bai, baina bukaera urrun dagoEuskal Herritik.

Tourreko arduradunak, Jean Marie Leblancek, ibilbidea zirrarari, emozioari azken eguna arte eusteko helburuarekin egin dutela esan du. Lortuko du; baina, ibilbidearengatik baino gehiago, txirrindulariengatik. Armstrongen agintaldi iraingarria amaitzen hasi delako, eta Ullrichen indarra berriro loratzen. Eta euskaldunak, bikote horrek kale egin zain. Olanok ostadarra jantzi eta zortzi urte geroago izan da Astarloa munduko txapelduna. Indurainek bosgarrena irabazi eta bederatzi urte geroago irabaz dezake euskaldun batek Tourra.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.