Berriotxoak eta Errekak osatu dituzte final-laurdenak

Zazpi Iturri eta Oberena utzi zituzten kanpora azken jardunaldian

Erredakzioa
2006ko martxoaren 8a
00:00
Entzun
Berria Txapelketako final-zortzirenetako azken jardunaldia jokatu zen asteburuan. Elorrion eta Donostiako Altza auzoan jokatu ziren partidak, eta Berriotxoak eta Errekak lortu zuten final-laurdenetara sailkatzea. Osatuta gelditu da zortzi talde onenen azken txanpa, eta heldu den asteburuan hasiko da.

BERRIOTXOA (Elorrio) 47; ZAZPI ITURRI (Amezketa) 45

Kadeteak: Elezkano-Olalde 22; Iraola-Arzelus 13.

Gazteak: Azpiri-Landaburu 22; Ropon-Legarreta 10.

Nagusiak: Beitia-Olaortua 3; Baez II.a-Garmendia 22.



Kadeten mailakoa izan zen jaialdiko partidarik ikusgarriena, maila horretan ari diren lau pilotari onenak aritu baitziren elkarren kontra. Elezkanoren jardunari esker hasi ziren Berriotxoakoak aurretik, baina amezketarrek ez zuten etsi, atzelariari eskuin eskuan mina jarri zitzaion arte. Hortik aurrera kolore bakarra izan zuen partidak.

Jubeniletakoan gertatu zen ezustekoa. Amezketarrak Gipuzkoako txapeldunak dira eta faborito gisa atera ziren, baina berehala ikusi zen ez zirela ongi ari. Bikote ona dute bizkaitarrek ere, eta euren jokoa eginez, irabazi eta 21 tantoz jarri ziren aurretik. Onena Azpiri izan zen.

Nagusien partida bitxia izan zen. Berriotxoakoek tanto bakarra nahikoa zuten sailkatzeko, baina kosta zitzaien bakar hori egitea. Nagusien mailako atzelaria min hartuta zuten, eta gazte mailako bat aritu zen haren ordez. 16-0 hasi ziren kontrarioak aurretik, Olaortua gaztea bere onetik aterata aritu baitzen, pilotarik bueltatu ezinda. Eskerrak Beitia aurrelariak boleaz egin zuen lehen tantoa. Azkenerako 3 besterik ez zituzten egin, baina sailkatzea lortu zuten.

OBERENA (Iruñea) 40; ERREKA (Doneztebe) 51

Kadeteak: Calvo-Galarza 17;Bereau-Zelaieta 22.

Gazteak: Iribarren-Guruzeaga 22; Eskudero-Babaze 7.

Nagusiak: Etxeberria-Antxo 1; Alzugarai-Eraso 22.



Kadeetakoa partida polita izan zen, orekatua. Ladis Galarza pilotari ohiaren semeak lan ona egiten zuen atzean, baina Calvok ez zuen asmatu aurrean. Errekakoek bikote osoagoaren itxura eman zuten. Ugutz Zelaieta atzelaria izan zen onena.

Jubeniletakoak kolore bakarra izan zuen. Guruzeagaren lana izan zen erabakigarria, eta alde jarri zuten kanporaketa.

Nagusien partidan 13 tanto behar zituen Oberenak. Hasieratik ikusi zen ez zutela aukera hori izango. Errekakoak indar betean irten ziren, dena eman eta dena jasotzekotan, agur maria bat esaterako 22-1 irabazi zuten. Altzugarai aurrelariak eman zuen ikuskizuna. Gezurra dirudi enpresa profesionalak konturatu ez izana, baina gutxi daude hura bezala pilotan egiten dutenak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.