Assignia Manresa 81. Bizkaia Bilbo Basket 73

Berriro berandu hasi da lanean

Partida hasi eta hautsi, Manresak batera egin ditu, eta 20 puntuko aldea maisuki kudeatu du beste hiru laurdenetan

Andoni Urbistondo.
2011ko azaroaren 6a
00:00
Entzun
Assignia Manresa. Javi Rodriguez (7), Montañez (15), Doellman (19), Landry (8), Asselin (9) —hasierako bostekoa—; Palsson, Hernandez (6), Gladir (7), Hanga (7), Achara (3) eta Oriola.

Bizkaia Bilbo Basket. Raul Lopez (4), Blums, Mumbru (10), Fischer (6), Hervelle —hasierako bostekoa—; Fisher (10), Jackson (4), Mavroeidis (15), Banic (10), Vasileaidis (14) eta Grimau.

Markagailua. 29-9, 42-34 (atsedenaldian); 64-51 eta 81-73.

Epaileak. Garcia, Sanchez eta Perez. Ez zuten inor kanporatu.

Bestelakoak. 4.400 ikusle inguru Nou Congost pabiloian.

Berandu dabil Bilbo Basket. Aireportuetako erritmo geldoarekin kutsatuta, martxa hartu ezinik, eta garesti ordaintzen ari da atzerapen hori. 20 minutu berandu esnatu zen Manresan, baina nahikoa izan zen etxeko taldeak partida hausteko. Hankapean ibili zuen tarte horretan Manresak Bilbo Basket, eta 20 puntuko zulo sakona ireki: 29-9. 30 minutu minutu asko dira, eta saskibaloia ez da matematika, ezusterako tarte handia uzten du, baina txar samarra izan behar du tamaina horretako aldeari ihes egiten uzten dionak, edo oso ona parean duen taldeak. Logika inposatu zen, eta Manresak, eroso, estutasunik igaro gabe kudeatu zuen bere errenta. Bilbo Basket lau eta bost puntura hurbildu zen, gehienez, bitan, baina behetik gora etortzen ito zen, eta balantze kezkagarria pilatu zuen etxetik urrun: 0-5.

Katsikarisek akaso azalpenen bat izango du, baina zaila da ulertzen Bilbo Basketen hasiera kaskarra. 4-0 lehen minutua, eta entrenatzailearen oihuak, erreakzionatzeko deiak, alferrikakoak. 7-2, 15-2, 20-4, 24-6 eta 29-9 egin baitzuen hanka Ponsarnauren taldeak. Nola? Erasoan bizkaitarrek emandako erraztasunei etekina aterata, eta defentsan hortzak estututa. Jakin bazekiten hasiera on bat erabakigarria izan zitekeela, Bilbo Basketeko jokalariak nekatuta zeudelako, eta egurrean ekin zioten. Javi Rodriguezen gidaritzapean, Doellmannek Hervelle eta D'Or Fischerren ahalegin oro zapuztu zuen. 16 punturaino joan zen estatubatuarra. Beste makulu bat ere izan zuen Manresak: Montañez. Bizkaitarrak bonusean sartu ziren laugarren minuturako, eta Bilbo Basketeko jokalari ohiak lau sartu zituen bata bestearen atzetik, guztira zortzi saskiratzeko. Puntu bakarreko jaurtiketak zama astuna izan ziren beltzezkoentzat, hamabi egin eta hamar sartu baitzituen Manresak.

Balorazioaren datua beldurgarria zen lehen laurdena bukatuta. 45 Manresarentzat, -5 Bilbokoentzat. Egoerak ezin zuen okerrera egin, eta neurketak bilakaera logikoagoa eduki zuen. D'Or Fischerrek lau puntu saskiratu zituen jarraian, eta Mavroeidisek ere hiru puntuko bi jokaldi gauzatu. Pixkanaka partidan sartu zen Bilbo Basket, eta atsedenaldian itxaropenari eustea lortu zuen: 42-34 etxeko taldearentzat.

Nahi eta ezin

Hogei minutu eta zortzi puntuko kontrako aldea. Jokaldi on pare bat, konfiantza hartu eta garaipena bilatu. Mumbruk taldearen lehen hirukoa lortu zuen lehen jokaldian (taldeak aurreko zortziak kale egin zituen), eta 42-37koa jarri. Zonakako defentsan trabatzen hasi zen Manresa. 45-41 eta 48-43 mantendu zen Bilbo Basket, baina Landryk, Javi Rodriguezek eta Montañezek hiruko bana saskiratu zuten jarraian bere taldeari hamahiru puntuko lasaitasuna emateko: 64-51.

Kontrakarrean, Vasileiadisen suan jarri zuen itxaropen guztia Katsikarisek. Bi hiruko saskiratu zituen errenkadan, baina Doellmannek eta Asselinek erantzun berarekin eman zioten errematea Bilbo Basketi: beste bi hiruko. Javi Rodriguez izan zen partidako onena: zazpi puntu, zazpi asistentzia eta bederatzi errebote.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.