Bosgarren sasoia du Miarritzek Europako Heineken Kopan, eta lautan lortu du final-laurdenetako kanporaketa jokatzea, jokoan den honetan berriro sailkatu baita, larunbatean Londres-Wasps mendean hartuondoren (18-15). Orain dela bost sasoi, 2000-2001 sasoian alegia, Irlandako Munsterren aurka jokatu zuen eta 38-29 galdu zuen, han. Hurrengo sasoian ez zen sailkatu, baina bai 2002-2003an, eta berriro Irlandako talde batek kanporatu zuen: Leinsterrek (18-13), Dublinen. Iaz, berriz, Galesko Llanelli Scarlets kanporatu zuen (27-10), eta finalerdietara sartu zen, Tolosak kanporatu zuelarik.
Lau urte geroago Munsterren aurka jardungo du berriro, baina, oraingoan etxean jokatzeko aukera ukanen du. Izan ere, irlandarrekin berdindu arren sailkaturiko zortzi taldeen sailkapen orokorrean, miarriztarrek irlandarrek baino hamar entsegu gehiago egin dituzte, eta horri esker jokatuko dute etxean; aurreneko lau sailkatuek lortu dute zorioneko aukera hori.
Kanporaketa, apirilaren 3an
Atzo jakinarazi zuen ERCk (European Rugby Club), Kopako antolatzaileak noiz jokatuko direnfinal-laurdenetako kanporaketak, eta Miarritze-Munster, apirilaren 3an (igandea) jokatuko da. Aurrez, Sei Nazioetako Torneoa jokatuko da, eta hori da final-laurdeneak hain berandu jokatzearen arrazoia. Finalerdiak, berriz,apirilaren 23 eta 24ean jokatuko dira eta finala maiatzaren 22an, Edinburgon (Eskozia).
Miarritzek egina dio Munsterren aurkako kanporaketa Donostiako Anoeta estadioan jokatzeko eskaria ERCri, Miarritzek ikusle asko biltzea espero baitu. Aguileran 12.000 sartzen dira eta Anoetan 32.000. Munsterretik 3.500 txartel eskatu dituzte, eta pentsatzekoa da Anoetan jokatuz gero hogita bost mila ikusle bilduko liratekeela. Nolanahi ere, apirileko lehen asteburuan Realak Osasunaren aurkako derbia jokatuko du, eta aldaketa handi samarrak egin beharko lituzkete bi partidak jokatu ahal izateko.Munsterrek Heineken Kopako txapelketa guztiak jokatu ditu 1995ean sortu zenetik; beraz, egungoarekin hamargarrena du. Azken sei sasoietan bi final jokatu ditu, hiru finalerdi eta final-laurden bat. Hortaz, jokatuak ditu sei final-laurdenetako kanporaketa. Arlo horretan Miarritzerena baino oparoagoa da esku-hartzea.Taldearen erdia internazionala du; guztira 19 jokalari. Tartean, Cullen Zeelanda Berrikoa dute; aski ezaguna. Bertakoen artean, berriz, Stringer, Foley kapitaina, Henderson, Horgan, Mullins, Wallace eta O'Gara. Gehienak 2003ko irailean Euskal Herrian izan ziren Euskariansek gonbidatuta Sei Nazioetakoa prestatzen.Philippe Bidabe kanbotarra 2001eko kanporaketan aritu zen Munsterren aurka, eta baita hurrengo bi kanporaketetan ere. Munster taldeaz mintzo aitzin, Ingalaterrako bi talde indartsu eta Kopako txapeldunak izan direnak mendean hartu izanak konfiantza eta ziurtasun handia eman diotela taldeari nabarmendu zuen.Miarritzek galdu egin ditu irlandarren aurka jokaturiko bi final-laurdenak, eta arrazoi hau eman du: «Nik uste dut hasieran heldutasun faltagatik izan zela. Horrez gain, etxetik kanpoko lehiari neurria hartzea asko kosta zaigu eta ez dugu lortu ataka igarotzea. Horregatik, aurten espero dut behingoz irlandarrak menderatzea, eta, gutxienez, finalerdietara heltzea, iaz bezala».Larunbateko partidari dagokionez, Bidabek adierazi zuen izugarrizko borondatea eta gogoa jarri zutela lehen zatian eta biziki saiatu zirela Wasps itotzen. Bigarren zatian, berriz, zelaia ongi okupatu zutela eta defentsan lan handia egin zutela, ingelesak nekaraztealortuz.Traille izendatu zuten jokalaririk onena, baina Hariñordokiren prestutasuna ere aipagarria izan zen, gainerakoekin batera. Larunbatean Auchen ariko dira Top 16ko jardunaldian, etaohiko entrenaldietara itzuliko dira.
ERRUGBIA. EUROPAKO HEINEKEN KOPA
Berriro Munsterren aurka
Miarritzek Irlandarren aurka jokatuko ditu final-laurdenak, 2001ean bezala; 29-38 galdu zuen
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu