Urtero legez udako beroarekin batera eromena iritsiko da Galarretako pilotalekura. Remonte 2000ko intendentziak jaialdi andana antolatu du abuztuko arratsaldeetarako. Sei jaialdi jokatuko dira astero, ostiraletan izan ezik egunero. Jaialdi horietako plater nagusia buruz buruko Casino Kursaal txapelketa izango da. Txapelketa bihar hasi eta irailaren hirura arte luzatuko da.
Atzo goizean aurkeztu zuten Donostiako Kursaal kasinoan Banakako erremonte txapelketa. Aurtengoa buruz buruko txapelketaren hogeigarren aldia izango da, eta antolatzaileek aldaketa ugari egin dituzte. Txapelketa sisteman eginiko aldaketekin batera berritasun estetiko esanguratsu bat egongo da. Txapelketaren babesleak eskatuta pilotariak elastiko gorri eta beltzekin ariko dira kasinoetako erruletako koloreak Gerrikoen kolorean, baina, ez da aldaketarik izango. Dena den, elastikoetako koloreen aldaketa anekdota huts bezala har daiteke, txapelketa sisteman eginiko aldaketa garrantzitsuekin alderatuta behintzat. Hiru dira aurtengo txapelketa sistemari egin dizkioten aldaketa nagusiak. Ligaxkarik ez da egongo, bi zerrendaburu baino ez daude eta maila nortzuk galduko duten jaitsiera partida baten bidez erabakiko da. Kike Elizaldek, Remonte 2000ko intendenteak, atzo azaldu zuenez aldaketa hauek «txapelketaren emozioa handitzea» dute helburu. Aurtengo aldaketa esanguratsuena azken bi urteetan hainbat buruhauste sortu dituen finalerdietako ligaxkaren desagertzea izan da. Elizalderen iritziz, partida pilaketa dela-eta, ligaxkak pilotariei kalte egiten die. «Abuztuan partida asko jokatzen dira eta ligaxkarekin pilotariek asko sufritzen dute. Iaz arazoak izan genituen lesioekin eta aldatzea erabaki dugu».
Iazko sailkapenari erreparatu gabe
Txapelketako koadroa diseinatzean intendentziak ez du kontuan hartu iazko sailkapena, eta bi zerrendaburu sartu ditu bakarrik. Iazko bi finalistak, Ezkurra eta Lizaso alegia, finalerdietan hasiko diren artean, beste parte-hartzaile guztiek bi partida irabazi beharko dituzte finalerdietara iristeko. Imanol eta Garikoitz Altuna iaz finalerdietako ligaxkarako sailkatu ziren, aurten, ordea, lehen partida galduz gero mailari eusteko jokatu beharko dute. Aurtengo txapelketaren diseinuak koadroko oilarrak ohikoa den baino lehenago jokatzera behartuko ditu. Altunatarrekin batera, Jon Eizagirrek, 2003ko txapeldunak, eta Patxi Zeberiok, 2002ko txapeldunordeak, halaber, lehen kanporaketa jokatu beharko dute.
Mailari eusteko partidak aurtengo beste berrikuntza bat dira. Iaz lehen kanporaketako bi galtzaileek automatikoki galdu zuten maila. Aurten, berriz, lehen kanporaketako lau galtzaileakbi partidatan gurutzatuko dira. Partida horietako galtzaileek heldu den urteko San Fermin Torneoan irabazi beharko dute txapelketa nagusia jokatzeko eskubidea.
Eizagirre kolokan dago
Pilotarien arazo fisikoek txapelketako antolatzaileen lana zaildu dute. Etxaberen eta Iñigoren lesioek txapelketako parte-hartzaileen zerrenda aldatzera behartu dute, eta baliteke azken orduko beste aldaketaren bat egin behar izatea. Izan ere, Jon Eizagirreren parte-hartzea kolokan dago, eta gaur jakingo du jokatzerik izango duen ala ez. Duela bi urteko txapeldunak kolpe latza jaso zuen belaunean iragan astelehenean. Semearekin batera bizikletan zebilela auto batek hankan kolpatu zuen, eta harrezkero mina kendu ezinik dabil. Lesioaren larritasuna aztertzeko Eizagirrek erresonantzia magnetiko bat egin du aste honetan, eta gaur jasoko ditu emaitzak. Zarauztarrak jokatzerik izango ez balu, Pello Aizpuru ariko litzateke bere ordez.
Etxaberen eta Iñigoren kasuan, berriz, Anjel Lekunberrik eta Etxeberria III.akbeteko dituzte euren tokiak. Kike Elizaldek atzo azaldu zuenez Doneztebekoa eta iruindarra oso sasoiko daude, eta eurak hautatu izana «urte osoko lanarekin irabazitako saria da».
PILOTA. ERREMONTEA
Berritasun ugari
Banakako Casino Kursaal txapelketa aurkeztu dute, ligaxkarik gabekoa eta bi zerrendabururekin
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu