Berritu eta berretsi

Athleticek ez du lan gaitza izango iazkoa hobetzeko; Osasunak, ostera, berriro zerua ukitzea du amets

HARITZ GALLASTEGI / ASIER LEGARDA-EREñO
2007ko abuztuaren 26a
00:00
Entzun
Euskal taldeek elkarren aurka ekingo diote denboraldiari. Denboraldi-aurrean ilusioa sortzen ahalegindu dira bi taldeak, eta ilusio hori berresten ahaleginduko dira. Athleticek ez du erakustaldirik eman beharko joan den denboraldiko lana hobetzeko. Hobetzen ez badu, Bigarren Mailako taldea izango da. Osasuna, berriz, azken denboraldiotan izan duen gorakada hobetzen edo mantentzen ahaleginduko da. Errespetua ematen duen taldea da.

Zuri-gorriak itxaropentsu daude. Fitxaketek, min hartutakoen itzulerak eta denboraldi-aurreko emaitzek baikor egoteko arrazoiak eman dizkiete jokalari, entrenatzaile zein zuzendariei. Halere, jakin badakite zein den egun Ligan duten estatusa. Mailari eustea izan behar da helburu nagusia. Hasi aurretik beste helburu batzuk izatea ez litzateke egokia izango.

Mailari eustea ere lan gaitza izan daiteke. Lehiaketan parte hartzen duten talde gehienen maila igotzen ari da urtero, eta ez dago aurkari samurrik. Lo hartzen duenak nekez ematen dio buelta egoerari.

Horregatik, Athleticentzat oso garrantzitsua izango da sasoia ondo hastea. Batetik, lasaitasuna emango diolako. Bestetik, lehen jardunaldietako aurkariak gogorrak direlako oso. Irabazi beharreko neurketak aurrera ateratzea ezinbestekoa izango da talde zuri-gorriarentzat. Beraz, Osasuna mendean hartzea du xede talde zuri-gorriak. Aurrekariak aintzat hartuta ez dirudi lan samurra. Halere, Athleticek ezin du atzera begiratu gaizki egindakoetatik ikasteko ez bada behintzat.

Denboraldiko lehen hiru puntuak eskuratzeko Tikoren aldeko apustua egin du Caparrosek. Azken lagunartekoetan ikusitakoaren arabera, Javi Martinezen laguna nor izango zen erabakitzea zen entrenatzailearen kezka nagusia. Berez, Orbaiz da euskarrian jokatzeko hautagai nagusia. Nafarra, ordea, ez da erabat osatu iaz izan zuen belauneko lesiotik. Ondorioz, Caparrosek denbora gehiago emango dio. Iñaki Muñoz zen beste hautagaietako bat. Baina Utrerakoak (Espainia) Tiko zelairatuko duela erabaki du. «Partida hau jokatzeko futbolari egokia dela uste dut», esan zuen.

Gainerako jokalariak espero zirenak izango dira. Iraizozek debuta egingo du Ligan Athleticekin. Baita Koikili Lertxundik ere. Otxandiotarrari bizitza aldatu zaio bi aste eskasetan. Ociorentzat eta David Lopezentzat ere partida berezia izango da. Gasteiztarra etxera bueltatu da. Errioxarrak, berriz, San Mamesen debutatzeaz gain bere talde ohia izango du aurrean -gola ospatzen ez badu astelehenean egurra emango diote Athleticen jarraipena egiten duten hedabideek-. Llorente eta Aduriz elkarren artean nola konpontzen diren ikustea ere interesgarria izango da.

Zaleek ere badute gogoa Athletic itxuraldatua ikusteko. Derbiak ikusmin handia sortu du jarraitzaile zuri-gorrien artean. Ondorioz, joan den denboraldiko norgehiagoka askotan gertatu zen legez, agortu egin dira sarrerak. Sasoi honetan iaz baino gehiago gozatzea espero dute denek.



AURREALDE ERABERRITUAREKIN. Ateak itxita egin zuen Osasunak atzo goizeko entrenamendua, eta Jose Angel Zigandak ez zuen hasierako hamaikakorik baieztatu. Sei fitxaketa berrietatik hiru jokalari besterik ez zituen sartu deialdian: Margairaz, Portillo eta Pandiani. Hugo Viana min hartuta dago, eta Vela eta Dady sasoi betean izan arte ez ditu aintzat hartu nahi Zigandak. Zazpigarren fitxaketa, Jaroslav Plasil txekiarra, atzo aurkeztu zuten, eta, normala denez, bera ere ez da deialdian sartu. Bigarren taldetik igo gazteek ere emango dute zeresana: Igotz Garde izan ezik, beste hirurak zerrendan sartu zituen Zigandak: Ion Erize, Kike Sola eta Cesar Azpilikueta.

Orain bost hilabete San Mamesen 0-3 irabazi zuen taldearen antz askorik ez du izango Osasunak gaur arratsaldean. 2007ko martxoaren 18an San Mamesen hasieratik aritu ziren hamaika gorritxoetatik lau soilik izango dira hasierako hamaikakoan: Ricardo atezaina, Izquierdo eta Miguel Flaño atzelariak eta Juanfran erdilaria. Hala eta guztiz ere, iragan sasoian Osasunan ez zeudenetatik bi jokalarik soilik hasi dezakete gaurko derbia nafarrekin: Portillok eta Pandianik. Aurrealdea erabat berritu du Osasunak udan, eta «P bikoitzak» -hala deitzen diote jada osasunazaleek Portillok eta Pandianik osatu aurrealdeari- bere eraginkortasuna erakusteko lehen aukera izango du gaur Bilbon.

«Iragan sasoian gure hasierako hamaikako ohikoenarekin alderatuz gero, aurpegi berri ugari izango dugu sasoi honetan, baina berdin zaigu, taldea oso ondo ari da lanean, eta barrua hustu behar dugu futbol zelaian», adierazi zuen atzo Jose Angel Zigandak. Derbi giroa ziurtatuta dago gaur ere harmailetan, baina Zigandak ez du uste martxoan 0-3 irabazi partidaren antz askorik izango duenik gaurko lehiak: «Giroa eta tentsioa antzekoak izango dira, baina iragan sasoiko derbiarekin zerikusirik ez du izango. Denboraldiko lehen partida da, eta ondorioz egoera erabat ezberdina da bi taldeontzat», aitortu zuen gorritxoen prestatzaileak.

Zigandaren esanetan, «partida on bat ikusteko osagarri guztiak» ditu lehiak, eta Athleticek abantaila txiki bat izan dezakeela esan zuen: «Iragan denboraldian sufritu zutena sufrituta, aspaldiko partez aldarte baikorrarekin lan egiteko moduan da Athletic orain, eta horrek mesede egingo dio».

Dena dela, orain entrenatzaile lanetan Joaquin Caparros dutelako bilbotarrek presio handiagoa egingo dutenik ez du uste Zigandak: «Derbietako giroak eta taldeen arteko lehiak presionatzera behartuko du Athletic, estu hartu nahiko gaituzte, baina orain bi denboraldi ere hala izan zen, eta iragan sasoian ere Athleticek gogor presionatu zuen lehen ordu erdian. Beti bezala egingo digute presioa, ez azken urteetan baino gehiago».



Fernando Llorente Athleticeko jokalaria

«Athleticentzat ona da, beharbada, faboritoa Osasuna izatea»

H. GALLASTEGI

Bilbo

Gauza asko aldatu dira Athleticen. Fitxaketa garrantzitsuak egin dituzte, baina, halere, iaz taldean zeuden jokalari askok zeresan handia izango dute. Euretako bat Fernando Llorente izan daiteke. Harribitxi izatetik bide bazterrean utzitako harri zahar izatera pasatu da azken denboraldi biotan. Urzaizen agurra aprobetxatuz txipa aldatu duela dirudi.

Denboraldi-aurrea amaitu da. Ezinbestekoa izan arren, jokalariok ez duzue oso gustuko. Gaur hasiko da sasoia. Lehia gustukoago duzue.

Ilusio handia daukagu, eta hasteko gogoa ere badaukagu.

Partida horiek ez dute punturik ematen, baina zuentzat garrantzitsua izango zen konfiantza berreskuratzeko.

Joan den denboraldian eman genuen itxura eskasa aldatzeko garrantzitsua izan da. Irabaztea beti da ona. Emaitzei bakarrik ez zaie begiratu behar, gainera. Aurkari gehienak ez dira goi mailakoak izan, baina itxura ona eman dugu.

Jokatzeko aukera eman dizute, gainera, eta golak sartu dituzu.

Pozik nago, bai. Zortea izan dut, eta nik ere konfiantza hartu dut.

Behar zenuen. Iaz bi partidatan besterik ez zinen hasieratik aritu. Denboraldi hau, behinik behin, titular gisa hasiko duzu.

Egoerari buelta emateko lan egin dut. Taldean lekua izateko borroka gogorra daukagu. Hasieratik aritu edo ez, gauzak ondo egiteko esperantza eta ilusioa daukat.

Ligako estreinakoan, Osasuna. Lehen Athletic zen faborito, baina azken denboraldietan gauzak aldatu egin dira.

Azken denboraldi biak gaitzak izan dira, eta normala da zaleentzat Osasuna izatea faboritoa. Athleticentzat ona izan daiteke hori. Lasaiago jokatzeko aukera eman diezaguke. Ondo gaude, indartsu.

Athletic beste talde bat dela esan daiteke. Zein helburu dituzue?

Helburu bakarra igandeko partida irabaztea da. Asteroko beharrak erakutsiko du zein postu merezi dugun.

Nola amaituko da derbia?

2-0 irabaziko dugu.





Jose izquierdo Osasunako atzelaria

«Lehen Mailan bi gol besterik ez dut lortu, biak San Mamesen»

A. legarda-ereño

Iruñea

Lehen Mailan zazpigarren denboraldia hasiko du Jose Izquierdok, eta azken hiru denboraldietan baino hasiera hobea izan du aurten errioxarrak. Badirudi Javier Flañori aurre hartu diola eskuin hegalean, eta azken urteetan ez bezala, hasierako hamaikakoan has dezake denboraldia. Zelairik kutunenetakoan, gainera.

Liga hasteko irrikaz izango zarete, ezta?

Hilabete pasatxo daramagu lanean, eta lehendabiziko egunetik San Mameseko hitzordura ondo iristea izan da helburua. Gogotsu gaude. Ea itxura ona emanda irabaztea lortzen dugun.

Azken denboraldietan ez duzu entrenatzaileen konfiantza izan, baina gauzak aldatu egin direla dirudi.

Oraindik ezer ez da segurua, baina badirudi hasierako hamaikakoan izango naizela. Hori albiste ona da, zalantzarik gabe. Hurrengo jardunaldietarako postua irabaztea da nire helburua.

San Mamesen hastea ere ez da albiste txarra zuretzat, ala?

Lehen Mailan eginiko sei urteetan bi gol besterik ez dut lortu, biak San Mamesen. Baina bitxikeria besterik ez da. Berdin zait golak nork egiten dituen, irabazi egin nahi dut.

Orain bost hilabete 0-3 nagusitu zineten.

Emaitza hori errepikatzea oso zaila da. Teorian oraingoak ez du martxoko partidaren antzik izango. Athletic asko sendotu da, baina gu ere gogotsu zelairatuko gara.

Jokalari asko joan, eta berri ugari iritsi dira. Oraindik taldea egin gabe dago?

Jokatzeko era eta joko sistema berarekin jarraitzen dugu, baina bakoitzak bere ezaugarriak ditu eta ezberdintasunik izan daiteke. Iragan sasoian bezain ondo jokatzea, eta iragan sasoian baino gol gutxiago jasotzea da helburua.

David Lopez eta Iñaki Muñoz lagun handiak dituzu.

Partida hasten denean ez da lagunik izaten. Ez lagunik eta ez ezagunik. Partida ondoren seguru nago biekin hitz egingo dudala, baina zelaian ez ditut lagun gisa ikusiko.





saILKaPenaK

LEHEN MAILA

1. JARDUNALDIA

JOKATUTAKOAKEMAITZA

R. Madril - At. Madril-

Sevilla - Getafe-

Murtzia - Zaragoza-

GAUR ORDUATB

Athletic - Osasuna 19:00 O.I.

Racing - Bartzelona 19:00 O.I.

Mallorca - Levante 19:00 O.I.

Deportivo - Almeria 19:00 O.I.

Recreativo - Betis 19:00 O.I.

Valencia - Vila-real 21:00 O.I.

Espanyol - Valladolid 21:00 O.I.



BIGARREN MAILA

1. JARDUNALDIA

JOKATUTAKOAKEMAITZA

Racing Ferrol - Eibar1-1

Numancia - Las Palmas3-0

Hercules - Xerez2-2

Cadiz - Granada 74 -

GAUR ORDUATB

Celta - Kordoba 12:00 C+

Malaga - Salamanca 17:30

Sevilla At.-Tenerife 19:00

Reala - Castello 19:00

Sporting - Ejido 19:00

Gimnastic - Alaves 20:00

Albacete - Elx 19:00
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.