Iraupena. 46 minutu.
Pilotakadak. 428.
Sakez. Irujok hiru, eta Aritz Lasak alerik ez.
Markagailua. 6-0, 6-1, 8-1, 8-2, 16-2, 16-4, 17-4, 17-7 eta 22-7.
Bestelakoak. Leporaino bete zen Mungiako pilotalekua. Errebotean ere jende andana. Partida hasieran dirua Irujoren eta Barriolaren alde atera zen, alde nabarmenarekin (100-20ri).
Opariak egiteko garaia Gabonak omen. Hasi abenduaren 24an eta Errege eguna bitarte. Aritz Lasak eta Zubietak, ordea, epe hori luzatzeko asmoa hartu dute, nonbait. Izan ere, opariak behin eta berriz egin zituzten atzo Mungiako pilotalekuan, eta aise, oso aise galdu zuten Irujo eta Barriolaren aurka (22-7). Oparirik gutxien egin beharreko egunean eskuzabal jokatu zuten, eta garesti irten zitzaien. Joko tristea egin zuten galtzaileek, eta beste behin ere ikuskizun eza nagusitu zen frontoian. Ohitura balitz bezala.
Irujok eta Barriolak, txapelketa irabazteko faborito nagusietakoek, nahikoa izan zuten serio jokatzea laugarren puntua eskuratzeko. Zaleek pilota gosez utzi behar izan zituzten harmailak, eta, tamalez, ez da gertatzen den lehenengo aldia. Iruñean ere horixe gertatu zen joan den asteburuan, Olaizola II.a-Beroiz eta Bengoetxea VI.a-Apraiz bikoteen arteko partidan (22-9). Enpresek bikote orekatuak ez osatu izanak horixe dakar. Eta okerrena zera da, halako egoerak ohitura ari direla bihurtzen. Baina, noski, horren arazoa ez dago aldageletan; bulegoetan, baizik.
Apustua. Diru mugimendua. Horixe izan da pilotari bizi-bizirik eutsi izan dion ezaugarrietako bat. Ordea, aspaldian eserita ageri dira artekariak. Bai, behintzat, Irujo-Barriola eta Olaizola II.a-Beroiz bikoteak kantxan direnean. Akaso apustuen sistema aldatzeko garaia iritsi da. Orain arte gorri ala urdin hautatzea aski zen dirua jokatzeko. Atzo 100-20ri gorri atera ziren apustuak, baina inor gutxik egin zien jaramon. Beste hainbat kiroletan egin ohi den moduan, galtzaileek zenbat tanto egingo dituzten jokatu beharko da aurrerantzean. Martxa honetan, behintzat, ez dute lan askorik izango artekariek. Eta horren erruduna ez da krisia.
Bikoteen artean desoreka handia dagoela gauza jakina da. Baina, egia esan, hainbat pilotari euren mailatik oso urrun ari dira. Aritz Lasa eta Zubietaren adibidea da garbiena. Benetan partida eskasa jokatu zuten atzo. Tristea, iluna, negargarria. Etxarriko atzelaria eskuetako arazoekin ibili da azken bi asteetan, baina ustez ongi heldu zen atzoko neurketara. Lehen tantoan txukun aritu zen, bigarrenean ere bai, baina hortik aurrera eskuetako buruhaustea izan zuen etsai. Horrek lehia baldintzatu zuen, eta Lasak ez zion batere lagundu.
Epaileek norgehiagoka hasteko agindua eman orduko 6-0 aurreratu ziren gorriak. Berehala antzeman zen kolore bakarra nagusituko zela. Urdinak gaizki, eta Irujo eta Barriola aginduz aritu ziren. Lasaren eta Zubietaren estreinako tantoa aurkarien huts bati esker heldu zen, eta kontuak ez ziren gehiegi aldatu gerora. Antzu aritu ziren, asmatu ezinda. Gorriek euren zereginean jarraitu zuten, eta, tarteka huts bat edo beste egin arren, Iberoko aurrelariak denetariko tantoak egin zituen aurreko koadroetan. Guztira hamar tanto lortu zituen, hiru sakez eta beste zazpiak erasoan. Orduerdi igaro orduko 16-4 ziren aurretik.
Lasak kale edo bale egiteko erabakia hartu zuen orduan, eta, tira, Irujori tanto batzuk behintzat eginda hartu zuen aldageletarako bidea. 17-4 galduz joan ondoren, hiru tanto egin zituen jarraian, eta hirurak dotoreak. Hori bai, erreakzio txiki hori izan orduko, gorriek aginte makila hartu eta ez zuten barkatu. Zuzenean 22ra joan ziren.
4. jardunaldia jokatuta, txanponaren bi aldeetan daude Aspeko bi bikote horiek. Irujok eta Barriolak lau jokatu, eta laurak irabazi dituzte; Lasak eta Zubietak, baina, garaipen bakarra dute, eta gogotik egin beharko dute lan finalerdietako ligaxkara sailkatzeko. Datorren igandean bi bikote indartsuenak lehiatuko dira Bilbon: Irujo-Barriola eta Olaizola II.a-Beroiz. Gaur egingo dute pilota hautaketa (11:30).
Saralegi, Arretxe II.aren ordez
Iker Arretxe ez da osatu Albisuk buruan eman zion pilotakadatik, eta Ekaitz Saralegik ordezkatuko du bihar, Azpeitian. Luzaidekoak zorabioak ditu oraindik, eta ez dago jokatzeko moduan. Saralegik, beraz, Beginorekin lehen puntua lortzeko konpromisoa du, Xala eta Laskurainen aurka.
Irujo-Barriola 22. Aritz Lasa-Zubieta 7
Berriz ere, ikuskizun eza nagusi
Lasak eta Zubietak erraztasun ugari eman dituzte, eta laugarren puntua eskuratu dute Irujok eta Barriolak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu