Errugbia. 2012-2013 denboraldia: Miarritze

Berriz gailurrera igo nahi du

Aurreko sasoi bukaera bikainaren abiada baliatu nahi du Miarritzek, Top14an eta Heineken kopan buruan aritzeko

Seremaia Burotu Miarritzeko hegaleko fijiarra, baloiarekin, Anoetan, Euskal Herriko Lehen Kopan Baionaren aurka jokatutako lehian. GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS.
Eneritz Zabaleta.
Baiona
2012ko abuztuaren 16a
00:00
Entzun
Errugbia mundu txiki bat da. Tarteka-marteka, bitxikeria eta pasadizo batzuk ere izaten ditu. Duela hiru hilabete bukatu zuen sasoia Miarritzek, Londresko Twickenham Stoop estadioan, Europako Challenge kopako txapela irabazita. Hurrengo urriaren 13an, estadio berean hasiko du Miarritzek Heineken kopako ligaxka, Harlequinsen aurka. Bizikletaren errotaren iduriko, aurreko sasoiko arrakastaren inertziak berean dirauen keinu gisa ikusi nahi du Miarritzek bitxikeria hori. Txapela buruan bukatu zuen Twickenhamgo Stoop estadioan, eta besoak altxatuta garaipena ospatuz itzuli nahi du Londresko estadiora.

Azken finean, iragan sasoi bukaerako arrakastan oinarritu nahi du Aguilerako taldeak sasoi berri honetarako. Ahantzia dago hiru hilabetez bere jokalari onenak gabe utzi zituen Munduko Kopa madarikatua. Aldi honetan, Yachvili, Hariñordoki, Traille eta enparauak hasieratik ariko dira. Eta horrek gauza anitz aldatzen ditu.

Iragan urtean argi ikusi zen Miarritze bere liderrak gabe zaporerik gabeko talde ertain bat besterik ez zela bihurtzen. Izarrik gabe, adinean aitzina doazen eskarmentuzko beste jokalariek ez zuten maila eman —Thion, August, Marconnet...—, eta taldea jaisteko postuetan zegoen Zeelanda Berrian zeuden jokalariak itzultzerako. Munduko Kopak zerbaitetarako balio izan bazuen, taldearen ahuluneak non ziren jakiteko balio izan zuen. Aguilera aldean, ederki ikusi ziren hamabostekoaren gabeziak, eta horretan lan egin dute.

Aitzinean, lehen bi lerroetako bostekoa berritzea izan da lehentasuna, zahartzen ari baita. Marconnet eta Terrainek taldea utzi dute, eta Augusti ere urteak pilatzen ari zaizkio. Haien ordez, Genevois, Dubarry eta Synaeghel ekarri ditu; Top14ko gazte onentsuenen artean daude. Ezusteko kolpea, ordea, Watremezek taldea uztea izan da. Hutsune hori betetzeko eta gazteak laguntzeko, Broster eta Blaauw jokalari atzerritar eskarmentudunak ekarri ditu Miarritzek.

Gibelean, jokalari gutxiago etorri dira, baina azken urteetan Miarritzeren gabezia handienak izan diren postuetara etorri dira. Urteak dira Miarritzek irekitzailearen postuan behar duen formula topatzen ez duela. Balio eta adore anitz du Peyrelonguek, baina talentuz justu samar dabil, eta haren ondoan aritzeko laguna topatu ezinik dabil taldea. Courrentekin saiatu zen lehenik, alferrik. Boschek ere ez zituen berme guztiak eman postu horretan. Tarteka, Traillek hartu behar izan du ardura. Azken urtean, Barraque gazteari eman zaio ardura, baina oraindik hazteko denbora behar du. Arazoa konpontzeko, Berquist ekarri du Miarritzek Heineken kopa hirutan jarraian irabazi duen talde batetik, Leinsterretik. Zeelandaberritarrak Irlandan jokatzeko izan ez dituen aukerak izan nahi ditu Euskal Herrian.

Galestik, berriz, Brew erdikoa etorri da. Postu horretan Traille falta delarik, pattal ari da Miarritze. Boschek bikain jokatzen du aldi oro, baina haren ondoan Baby gaizki ibili zen aurreko sasoian. Gimenezek, berriz, adorea eta defentsa bikainak ditu, baina traketsa da oso baloiarekin. Brewek oreka handiagoa ekarriko dio Miarritzeren erdiko bikoari.

Gazteen bilakaera

Baina sasoi honetako gakoa gazteek emanen duten itxura izanen da. Alde horretatik, iragan sasoia erabakigarria izan zen. Zailtasunean, Lauret, Guyot, Gray eta Barraquek ardura handiak izan zituzten. Kosta zitzaien erantzuten hasiera batean, baina liderrak itzuli eta gero, oso ongi aritu ziren. Aldi honetan, Hariñordoki, Traille eta Yachvili hasieratik ariko dira, eta egoki laguntzen ahalko dituzte gazteak. Etorri diren gazteek ere dinamika horretan segitu nahiko dute; Synaeghelek eta Dubarryk, adibidez.

Azken urteetan Top14a sekulako tamaina hartzen ari da finantza aldetik, eta jada Miarritzek ezin ditu onenak berera erakarri. Horrek estrategia aldatzera ekarri du. Bere izarren jarraipena segurtatu du lehenik, eta 19-20 urteko jokalari gazteak fitxatzen ari da orain. Potentzial handikoak dira, baina denbora beharko dute hazteko.

Egokituta badaude, Miarritzek iragan sasoi bukaerako itxura emanen du, eta izan Top14an, izan Heineken kopan, buruan egoten ahalko da. Halere, argi dago Miarritze ez dela talde bera Yachvili, Traille eta Hariñordoki gabe. Jokalariok min hartuz gero, argi ibili beharko du Lapurdiko taldeak. Hori bai, gazteek anitz ikasi zuten iragan sasoian, eta jaisteko postuetatik urrun ibiltzeko moduan ibiliko dira. Tituluekin amets egiteko, baina, izarrak maila onenean egon beharko dira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.