KIROLA

Bertan behera geratu da Felix Baumgartnerren jauzia

Inoiz inork egin duen jauzirik luzeena egin nahi du Felix Baumgartnerrek (Salzburgo, Austria, 1969), baina atzo ez da posible izan. Kapsula batean igo behar zuen estratosferaraino, eta handik —36 kilometrotatik— jauzi egin, soinuaren abiadura baino azkarrago eroriz. 

Maialen Unanue
2012ko urriaren 10a
13:03
Entzun

Atzo botatzekoa zen Felix Baumgartner austriarra estratosferatik. Hasiera batean Euskal Herriko 14:00etan zen saioa hastekoa, baina haizea zela-eta 16:00etara atzeratu zuten, gero 17:30era eta ondoren 19:30era. Azkenean, baina, bertan behera utzi zuten. Red Bull enpresaren Stratos ekimenetako bat zen Baumgartnerrena, baina oraingoan gaizki atera zaie marketing kanpaina ikusgarri bezain arriskutsua.

Kostatako lana izaten ari da Felix Baumgartnerren jauzia. Izan ere, bere osotasuna babestea lehentasuna zen, marka haustearen aurrean. Hori dela eta, eguraldi baldintza egokiak izan ezean, atzeratu egin dute, behin eta berriz, hainbeste ikusmin piztu duen jauzia (mundu osoko 150 telebista-katek eman dituzte prestatze-lanak, zuzenean). Baumgartnerren osasuna zaintzeaz gain, estratosferaraino eramango zuen azpiegitura ere, tentuz zaindu beharrekoa zen: kapsula heliozko globo bati lotua zegoen, eta biak ere tentu handiz prestatu behar izan zituzten globoa ez hausteko; horrek ere atzeratu ditu aireratze-lanak.

Atzokoa baino lehen, hainbat proba egin ditu: azkenekoa uztailan izan zen —ia 30 kilometroko alturatik jaurti zuen bere burua—. Proba horretan Baumgartnerren kapsulak kalteak izan zituen lur hartu zuenean —1.300 kilo baino gehiago pisatzen ditu kapsulak—.

Jauziei lotutako bizitza

Baumgartnerrek lortu ez duenez, Joe Kittinger amerikarrak du altuera handienetik jauzi egin izanaren munduko marka. Duela 52 izan zen, eta 31 kilometroko altueratik egin zuen jauzi. Gaur, Kittinger bera da Baumgartnerren aholkularietako bat.

Eroriko askean esperientziaduna da Baumgarnet, eta izatez, urteak eman ditu estratosferako jauzia prestatzen. Paraxutista bezala, hainbat marka bereganatu ditu. Mantxako Kanala erokiko askeaz gurutzatzen lehena izan zen austriarra; baita Brasilgo Kristo Berreroslea estatuatik salto egiten ere. Malaysiako Petronas Dorreetatik salto egiteagatik errekorra lortu zuen, eraikin batetik egindako jauzirik altuena izateagatik.

Paraxutista izateaz gain, BASE modalitatean ere aritzen da Baumgartner. Airean dagoen aireontzi batetik beharrean, lurrari irmo helduta dagoen objektu batetatik jauzi egiteari deitzen zaio BASE moldalitatea. Ingelesetik dator hitza: batetik, ‘oinarri’ bezala ulertzen dena, eta bestetik, sigla bezala —Building, Antenna, Span, Earth—; hau da, jauziak eraikin, antena edo dorre elektriko, zubi eta lurrazaletik egiten direnean.
 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.