Beste aukera bat etxetik at

Urtarrilaz geroztik etxetik kanpo jokatutako hamahiru partidetatik hamabi galdu ditu Osasunak, eta bestea berdindu egin du. Atletico Madril bolada txarrean da, eta ligan ez du partidarik irabazi azken hilabetean

Iruñea
2010eko azaroaren 13a
00:00
Entzun
Asteazkenean Espainiako Kopari agur esan eta gero, Osasunak Espainiako Ligan jarri behar du arreta guztia orain, eta gaur iluntzean Vicente Calderonen ezustekoa eman nahi dute gorritxoek. Dena dela, Jose Antonio Camachoren taldea bolada kezkagarrian da Nafarroako Erresumatik at. Urtarrilaz geroztik etxetik kanpo jokatu dituen hamahiru partidetan hamabi porrot eta berdinketa bat bildu ditu. Iragan sasoiko azken zortzi irteeretan zortzi porrot jaso zituzten nafarrek, eta sasoi honetan etxetik kanpo jokatutako bost partidetatik lau galdu eta bat berdindu dute.

Nafarroako Erresumatik kanpoko partidetan bide horretatik jarraitzen badu, sasoi amaieran Bigarren Mailara jaisteko arrisku handia izango du Osasunak, eta lehenbailehen eten nahi dute nafarrek joera negargarri hori. Atletico Madrilen zelaia teorian ez da zelairik errazena. Baina orain bi denboraldi 2-4 irabazi zuten gorritxoek Madrilen, joko erakustaldia emanda. Atletico Madril ez dago sasoiko unerik gozoenean, gainera. Hamalaugarren aukeran ezustekoa eman nahi du Osasunak.

«Zelai guztietara irabazteko asmoz joaten gara beti, eta Vicente Calderonen ere berdin egingo dugu, nahiz eta Atletico Madrilek erasoan kalitate ikaragarria daukan», adierazi zuen atzo Camachok Madrilen egindako entrenamenduaren ostean. Osasunako jokalariek ez dakitela espekulatzen zehaztu zuen. «Hori bai, gureak bezalako jokalari beteranoek lanari etekin hobea ateratzen jakin behar dute. Horregatik, jokoan erakutsitako nagusitasuna golak eginez berretsi behar da». Racingen aurkako partida gogora ekarrita, jokalari berberek joka dezaketela ulertarazi zuen. «Baina ez dut berriz ikusi nahi geldikako jokaldietan hiru gol jaso zituen taldea hura».

Laugarren jardunaldiz jarraian hamaikako berarekin has daitezke espainiarrak. Malaga eta Hercules etxean 3-0 menderatzeko gai izan zen taldearen aldeko apustuari eutsiko dio Camachok. Baina bi partida horien tartean etxetik at jokatu duen lehian, Racingek 4-1 jipoitu zuen talde hori bera. Santanderko partidan oker egindakoak zuzendu nahi ditu Camachok, etxetik at etxean bezain sendo ari daitezkeela erakusteko, behingoz.

Atletico Madril, presiopean

Atletico Madril ez da sasoiko unerik gozoenean iritsiko gaurko norgehiagokara, eta hori baliatu egin behar du Osasunak. Azken hilabetean etxetik kanpo jokatu dituen ligako bi partidak galdu egin ditu Quique Sanchez Floresen taldeak, Vila-real eta Real Madrilen aurka. Eta etxean jokatu duen partida bakarrean 1-1 berdindu zuen Almeriaren aurka, orain bi aste. «Hurrengo partidetan ezin dugu huts egin. Gurekin batera lehen lau postuetarako lehian ariko diren talde guztien aurka jokatu dugu dagoeneko, eta hemendik aurrera puntuak hirunaka batu beharra daukagu». Hala esan zuen atzo Enrique Cerezo Atletico Madrileko presidenteak. «Jokalariek badakite ez daukagula huts egiteko aukerarik. Sasoiko une garrantzitsuenetako batean gaude, eta lortuko dugula sinetsita nago».

Urduritasunak eta kezkak uxatzeko asmoz, irabazi beharreko partidatzat hartuko dute espainiarrek Osasunaren aurkako norgehiagoka. Baina minutuak pasatu ahala motibazioa presio bilakatuko zaie Sanchez Floresen jokalariei, eta Osasunak hori bere alde aprobetxa dezake.

Camachok Vicente Calderonen lortu zuen Osasunarekin etxetik kanpoko lehendabiziko garaipena (2-4ko hura). Lehen hamaika irteeretan ezin irabazita aritu ostean, gorritxoak 2009ko apirilaren 5ean Atletico Madrilen zelaira joan ziren, eta Pandianik (2), Vadoczek eta Masudek sartutako golei esker irabazi zuten. Jose Angel Ziganda ordezkatu zuenetik, guztira 37 aldiz zuzendu du Camachok Osasuna etxetik kanpo. Partida horietan 21 porrot, hamar berdinketa eta sei garaipen eskuratu ditu Osasunak. Ea Vicente Calderonen zazpigarrena irabazten duen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.