Richard Oribek badu kontatzeko moduko beste balentria bat. Atzo gauean zilarrezko domina irabazi zuen S4 mailako 100 metroetako estilo libreko finalean, bere ibilbide oparoko hamabosgarrena. Igerilari donostiarrak 1.24,28koko marka egin zuen, Gustavo Sanchez irabazlearengandik 1,05era. Oribek domina bat irabazi du gutxienez bost Paralinpiar Joko ezberdinetan.
Oribek final bikaina jokatu zuen. 50 metroko proban brontzezkotik oso gertu gelditu zen, eta atzo atera zuen pilaturiko amorrua. Inoizko euskal paralinpiar igerilari onena finaletan hazi egiten da, eta atzo, beste behin, jo eta su irten zen. Lehen 50 metroetan bera izan zen bizkorrena (39,43), David Smetanine lagun minarekiko—azkenean hirugarren— ia segundoko aldearekin. Hirugarren Sanchez zioan.
Itzulerako luzean, baina, mexikarrak hegan egin zuen. 50 metrotan segundo eta erdi baino gehiago jan zion Oriberi. Bikain hura ere. Oriberen lana zilarra defendatzea zen, eta ederki babestu zuen, Smetaninerekiko aldea gehiago irekiz. Oriberen lanak Londresen ez dira bukatu, etzi 200 metroko proba jokatuko baitu, bere kutuna, eta bigarren domina irabazteko aukera asko ditu.
Oroza, hamabosgarren
Aitor Oroza txirrindularia, berriz, ez zen onenen artean egoteko moduan izan. Erlojupeko proban hartu zuen parte, T1-T2 maila mistoan, eta hamabosgarren sailkatu zen. Bilbotarrak 17 minutu eta 26 segundotan amaitu zuen zortzi kilometroko ibilbidea. Irabazlea Carol Cooke australiarra izan zen (13.50), Hans-Peter Durst alemaniarra eta David Stone britainiarra gaindituta. Hala ere, aurkari gehienek Orozak baino urritasun maila txikiagoa zuten. T1 mailakoen artean, hirugarren denbora onena markatu zuen.
Bestalde, Espainiako saskibaloi selekzioak galdu egin zuen Kanadaren aurka (77-51), final-laurdenetan. Asier Garcia bizkaitarra ez zen ondo aritu, eta e zuen punturik lortu jokaturiko hamabi minutuetan. Ez ziren nahikoak izan, ordea, finalerdietara pasatzeko. Kanadaren aurka jokatu aurretik, Espainia laugarren izan zen A multzoan, sailkatzen zirenetan azkena. Horregatik, B multzoko lehenaren aurka aritzea egokitu zitzaion, Kanadaren aurka.
Lehen fase horretan, hiru partida irabazi zituen Espainiak —Italia, Hego Afrika eta Turkiaren aurka—, eta bi galdu —Australia eta AEBen kontra—. Asier Garcia oso maila onean aritu da txapelketa osoan. Azpimarratzekoa izan zen Australiaren aurka egin zuen partida: 23 puntu eta sei errebote lortu zituen.
Gaur eta bihar ez da euskal kirolaririk izango lehian Paralinpiar Jokoetan. Lehiatzen hurrengoa Aitor Oroza izango da. Txirrindularia errepideko proban ariko da. Ziklistak 11:30ean abiatuko dira, eta 24 kilometroko ibilbidea osatuko dute. Atzoko erlojupekoan lehiatu zirenak izango ditu berriz ere arerio bilbotarrak, hemezortzi guztira.
Beste balentria bat kontatzeko
Richard Oribek zilarra irabazi du estilo libreko 100 metroko proban; bere ibilbideko hamabosgarren domina
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu