Lau partida jarraian irabaztea gaitza da egungo futbolean. Edozein txapelketan eta edozein mailatan kostatzen da hamabi puntu jarraian irabaztea. Beraz, mundu mailan dagoen lehiaketarik onentsuenetakoan lortzea merezi den moduan baloratu behar da. Lan bikaina egiten ari da Athletic. Ernesto Valverdek taldea zuzendu zuenetik ez du antzeko sendotasunik erakutsi, ezta Espainiako Kopako txapeldunorde izan zenean ere.
San Mames da Athleticen arrakastaren giltza nagusia. Konfiantza handiz jokatzen du taldeak zaleen babesarekin. Baina harmailen hauspoa ez daukanean gabeziak erakutsi ditu Joaquin Caparrosek zuzentzen duen taldeak. Ez da talde lehiakorra izan. Baina, azken jardunaldietan ikusitakoaren arabera, arlo horretan ere hobetze bidean dago. Levanteren kontra zortez irabazitako partidak, eta batez ere, Kopan Bartzelonaren kontra Camp Noun lortutako berdinketa baliotsuak, kanpoan ere maila ona eman dezakeela sinesteko balio izan dio taldeari. Eskertuko du konfiantza hori hurrengo jardunaldiei aurre egiteko. Mallorcatik eta Bartzelonatik pasatu beharko baita Katedralean Valentziaren bisita jaso aurretik.
Aipatutako hiru taldeetatik Mallorca da talderik apalena. Haren maila ezin da Bartzelona handiarenarekin eta Valentziak daukanarekin alderatu. Maila gutxiagoko taldea da. Hala ere, aintzat hartzekoa da. Onena eta txarrena egiteko gai da. «Talde gorabeheratsua da. Valentziari Mestallan irabazteko gai izan da, eta Sportingen kontra jipoia hartu du etxean. Hala ere, zaleen aurrean kanpoan baino arriskutsuagoa da», esan du asteon Andoni Iraolak. Bestalde, Michael Laudrupen taldea estu hartzeko era zein den argi dauka Gaizka Toquerok. «Etxean bezala jokatu behar dugu. Ea posible den». Eta hori bai, inork ez dezala pentsa Athletici ikara egiten dionik Europako postuetan egoteak. Sei onenen artean egoteko gogor borrokatzeko prest dago. «Bertigoa? Guk ez daukagu presiorik. Gure taldeak garaipen gosea dauka. Ez dakit noraino ailegatzeko gai izango garen, baina guk sekula ez dugu atzera begiratzen».
Konfiantzak ematen duen jarrera baikorra dute Athleticeko jokalariek. Edozein talderi aurre egiteko behar den indarrarekin ikusten dute euren burua. Beharbada nagusi sentitzea izan daiteke arazo nagusia. Jokatu aurretik norgehiagoka irabazita dagoela pentsatzea, hain zuzen ere. Athletic jarrera horrekin zelairatzen bada, galdu egingo du. Eta litekeena da astindua jasota itzultzea etxera. Horregatik, ezinbestekoa da oinak lurrean izatea. Sasoi txarretan gertatzen den legez, bolada gozoetan ere jakin egin behar da unea kudeatzen. Entrenatzaileari dagokio hori.
Javi Martinez berriro hasieratik
Teknikariaren lana da neurketa hasiko duten 11 jokalariak aukeratzea. Aspaldian lan gutxi izan du arlo horretan. Emaitza ona dakarrena aldatzeko arrazoirik ez baitago. Gaur ere ez da ezustekorik espero. Euskarrian Javi Martinezek jokatuko du partida bateko zigorra bete beharko duen Carlos Gurpegiren ordez. Pablo Orbaiz bikain ari da, eta Caparrosen ustez, hau da ohiko euskarri biei atsedena emateko une aproposa. Horregatik behartu zuen bosgarren txartel horia Gurpegik Sportingen kontra. Beste aldaketa atzealdean egon daiteke. Mikel San Jose eta Ustaritz Aldekoaotalora arazo fisikoekin daude. Lehenak bizkarrean du min, eta orkatilan bigarrenak. Hala ere, sasoi betean egon ez arren, litekeena da San Josek jokatzea erabakitzea. Nafarrak jokatu ezin badu, Aitor Ocio izango litzateke gaur-gaurkoz ordezkaezina dirudien Borja Ekizaren bikotea.
Beste bat, beste bat!
Egutegiaren tarterik zailenari ekin aurretik bosgarren lehia irabazi nahi du jarraian bihar Athleticek, Mallorcan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu