Baskoniak bere emaitza bolada gozoa luzatzeko aukera izango du gaur, ligako 25. jardunaldian. Hiru garaipen lortu ditu errenkadan Gasteizko taldeak, bi ligan eta bat Euroligan, eta Valentziaren aurkako arrakasta garrantzitsua izan zen bezala, gaurkoa ere hala da. Fuenlabradak ez du Valentziak adina izen, sona, baina haren kirol emaitzek erakusten dute haren kantxan irabaztea balentria handia lortzea dela.
Datu on bat, egoera hori argitze aldera: 11 partida jokatu ditu Fuenlabradak Fernando Martin kantxan, eta hamar irabazi. Valladolid bakarrik izan da estatistika bikain hori hausteko gai, eta Fuenlabradak gainditutakoen artean, ACB ligako talde onena: Bartzelona. Aurreko astean jokatu zuen liderrak Fuenlabradan, eta 69-66 galdu zuen. Plaza zaila da tradizioz edonorentzat Fuenlabradakoa, baina sasoi honetan inoiz baino gehiago. Jardun dadila, beraz, tentuz Baskonia.
Arabarrekin konfiantza eduki behar da, dena den. Motorra martxan jarri dute, eta, oraingoz seigarren abiadura sartu ez badute ere, makina ondo olioztatzen ari direla dirudi. Ligako azken lau partidetatik hiru irabazi dituzte, eta tartean galdutako dema Bartzelonaren aurkakoa izan zen. Alegia, barkatzeko moduko porrota. Hamar egun barru hasiko da denboraldiko lehia garrantzitsuena Baskoniarentzat, Maccabiren aurkako Euroligako final-laurdenetako kanporaketa, eta hilaren 22ra garaipen bolada gozoan iristea oso lagungarria izango litzateke. Hiru lortu ditu, eta bost lortu nahi ditu: Fuenlabrada gaur eta Cajasol hurrengo ostiralean.
Partida berezia izango da Esteban Batistarentzat. Baskoniak urtarrilean fitxatu zuen uruguaitarra, Fuenlabradatik, eta harrera beroa espero du gaur. Ez alferrik, Batista ligako jokalari onena izan zen Fuenlabradan zegoela, eta hango zaleek zintzo eskertuko diote lan hori. Fuenlabradako eta Gasteizko Batista arrunt ezberdinak dira. Fuenlabradan izarra zen. Gasteizen, berriz, beste jokalari bat, eta espero baino nekezagoa gertatzen ari zaio talde handi batera ohitzea. Valentziaren aurka ere komeria franko izan zituen, baina Dusko Ivanovicek loreak bota zizkion, dena ez dela puntuak sartzea, jaurtitzaileentzat tarte asko ireki zituela eta horrek mesede egin ziola taldeari.
Fuenlabrada apala da baliabide aldetik, baina dituenak ezin hobeto ustiatu ditu. Hiruko lerrotik talde arriskutsua da oso, ia jokalari denek jaurtitzen baitute ondo urrunetik. Azken jardunaldian Gustavo Ayon pibot mexikarrak eman zuen zeresana, Bartzelonaren aurka 24 puntu sartu eta zortzi errebote lortu baitzituen. Pape Sow faltako da —ospitalean dago, biriketako tromboembolismo batek jota—, eta, hala, lan handia egin beharko dute Stanko Baracek eta Batistak.
FUENLABRADA-BASKONIA
Txapelketa. ACB ligako25. jardunaldia.
Fuenlabrada. Valters, Colom, Laviña, Davor Kus, Jon Kortaberria, Rabaseda, Mainoldi, Biyombo, Salva Guardia eta Ayon.
Caja Laboral Baskonia. Ribas, Huertas, David Logan, Oleson, San Emeterio, Bjelica, Teletovic, Batista eta Barac.
Sailkapena. Fuenlabrada7. postuan da: 13-10 (-9); Baskonia 3. postuan dago: 15-9(+121).
Lekua. Fernando Martin pabiloia (5.500 ikusle).
Ordua. 19:30.
Beste erpin zorrotz bat
Fuenlabradan jokatuko du gaur Baskoniak, etxean 11-1 balantze bikaina daukan talde arriskutsuaren aurka
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu