Baskoniak Dejan Musli pibot gaztea fitxatu du bost urterako. Muslik 19 urte ditu, Serbiakoa da, eta oso garaia da: 2,12 metro. Atzo goizeko lan saioaren ostean jakinarazi zuten taldeko arduradunek. Muslik hamar eguneko behin-behineko kontratua sinatu zuen irailean Baskoniarekin. Jaioterrira itzuli zen orduan, ziur asko Baskoniaren eskaintza besapean zuela, eta han bulegoetako kontuak konpondu ostean, Gasteizen da berriro bere saskibaloi jokalari bideari ekiteko.
Musli Baskoniako kirol teknikariek fitxatzen duten beste harribitxi bat da. Hamaikagarrena, dagoeneko. Merkatuan balio handia duten jokalari onak fitxatzeko baliabide ekonomiko nahikorik ez, eta etorkizun ona duten jokalari gazteak fitxatu ditu aspalditik Alfredo Salazarrek. Musli da azkena, baina aurretik asko etorri ziren. Muslik 19 urte ditu, eta, Salazarren txostenen arabera, talentu handiko mutila da. Gaztea, denbora beharko duena bere onena emateko, baina lehengai onekoa. Kontratuaren iraupen luzeak erakusten du Baskoniak itxaropen handia daukala jokalari serbiarrarekin.
Muslik ez dauka eskarmenturik lehen mailako taldeetan, eta Serbiako behe mailako selekzioekin lortutakoak dira informazio iturri. Bere adinekoak baino jokalari garaiagoa eta indartsuagoa da, eta Muslik nagusitasun hori baliatu du hainbat sari irabazteko. Ondo ezagutzen dutenek diote hanketako mugimendu azkarra duela eta posizioa hartzen trebea dela. 212 zentimetro luze izanda ere, jaurtiketa txukuna omen du hiruzpalau metrotik, edo urrunagotik. 110 kilotik gorako pisua du, eta, jakina, erreboteak hartzen eta txapelak jartzen ere nahiko ondo moldatzen da.
Musliren etorrerak bukaera ematen die hainbat zurrumurruri. Jakina zen Baskoniak pibot on baten hutsunea zeukala, baina Josean Kerejetak zuzentzen duen taldeak ez du ondo aritzen den jokalaririk topatu merkatuan. Litekeena da bilatu izana baina hura fitxatzeko sos askorik ez edukitzea eta Musliren aldeko hautua egin izana.
Baskoniak ez du jakinarazi jokalariak lehen taldean jokatuko duen edo ez. Orain aste batzuk talderen batera utzita joan zitekeela esan zuten, baina Ivanovicek saskipean duen zuloa estaltzeko jendea behar du, eta Muslik denbora beharko badu ere, lehen mailako lehiaketa baina ezer hoberik ez trebatu eta ikasten hasteko. Muslik bere alde du Baskoniak eskarmentu handia duela tankerako fitxaketetan, pazientziaz jokatuko duela, eta taldeko zaleek, kasu gehienetan klubak asmatu egiten duela bere hautaketan. Baskonian geratzen bada, Florent Pietrusen postua har dezake.
Beste harribitxi bat
Baskoniak Dejan Musli Serbiako pibot gaztea fitxatu du bost urterako; 19 urte ditu, eta 2,12 metro da luze
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu