Beste hasiera bat Txinan

McLarenek auto onena duela erakutsi nahi du bihar Shanghain, eta Alonsok kendutako lidergoa berreskuratu

Laurentzi Garmendia
Donostia
2012ko apirilaren 14a
00:00
Entzun
Hiru asteren ondoren, Munduko Txapelketari helduko dio 1 Formulak berriz ere Txinan. Lehen bi lasterketak jokatuta, Fernando Alonso (Ferrari) da sailkapeneko buru, Lewis Hamiltonen (McLaren-Mercedes) aurretik. Autoei lehen berrikuntzak egin dizkiete Shanghaiko lasterketarako, eta horrek are eta gehiago estutuko du lehia. Malaysian gertatu bezala, baliteke euriak biharko lasterketa baldintzatzea. Halako zerbait beharko du Alonsok. Nahi gabe, ez sinesteko moduko urte hasiera egin du Ferrarik. Espero ez zituen emaitzak lortu ditu. Denboraldi osoan, gainera, gora egingo duen taldea da.

Beste pilotuei euririk gabeko lasterketa komeni zaie, norberaren aurkari zuzenak zein diren jakin eta haien kontra neurtzeko. Galdera asko argitzeko daude oraindik, eta Txinako lainoek euririk botatzen ez badute, horiek erantzuteko aukera aproposa izango da.

Shanghaiko zirkuituaren ezaugarri nagusietako bat bere zuzengune amaiezina da. Kilometro bat baino luzeagoa da. Abantaila galanta atera dezake hor Mercedesek, bere DRS sistema bereziarekin. Schumacherrek, esaterako, bere kirol ibilbideko 69. pole-a lor dezake. Baina lasterketan dituzten pneumatiko arazoak ez dituzte konpondu, eta lasterketa erabaki dezakeen faktore bat izango da. Puntu bakarra lortu dute orain arte alemaniarrak.

Sailkapen probetan txukun dabilena Lewis Hamilton da. Bitik bi pole lortu ditu. Lasterketetanez du abantaila hori baliatzen, ordea. Bihar beste traba bat izango du ingelesak. Herenegun martxak aldatzeko kutxa hautsi zuen,eta, ondorioz, bost postuko zigorra izango du sailkapen proban.

McLaren eta Red Bullen arteko lehia ere ikusgarria izango da. Iazko sasoian azken hori zen talderik indartsuena, baina aurten ez du aparteko nagusitasunik erakutsi oraindik. Lasterketan erritmo onenetarikoa du, ordea, eta McLareni aurre egin diezaiokeela erakutsi du.

Lehia horrek Bahreinen ere jarraituko duela dirudi. Bernie Ecclestonek atzo ziurtatu zien taldeei lasterketa jokatu egingo zela. Muturruko segurtasun neurriak izango dira han, protesta ahalegin guztiak ixilaraziz. Talde batek baino gehiagok hango egoeraren inguruan kezka agertu du, baina FIAren eskutan utzi dute azken erabakia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.