Athletic, KOPAKO FINALEAN

Beste orbain mingarri bat

Athletic ezinean aritu da Bartzelonaren joko bikainaren aurka eta merezita galdu du Kopako finala. Zuri-gorriek, baloirik gabe, ia ez dute arriskurik sartu. Messiren lehen gola, artelan hutsa izan da. 

Gurpegi, igandean, Bartzelonako aireportuan zaleei bere sinadura ematen. MIGUEL TOñA, EFE
Imanol Magro Eizmendi.
2015eko maiatzaren 31
16:56
Entzun

Orbainez josita dago lehoia, eta beste bat izango du aurki miazkatzeko. Zauri larria egin dio Bartzelonak, beste behin, eta berriz ere min gehien egiten duen egunean. Bartzelonaren aurkako hirugarren Kopa finala sei urtetan eta hirugarren astindua. Errukirik ez. Futbola krudelegia izan da Athleticekin, eta Bartzelonara joandako milaka zaleekin. Baina ez da futbola izan haien malkoak eragin dituena, Bartzelona baizik. Askoz hobea izan da, kontrolpean izan du jokoa une oro eta bere kalitate agortezinaren zertzeladak utzi ditu. Messi, Iniesta, Neymar... guztien artean jota utzi dute Athletic eta munduko talderik onena zergatik osatzen duten erakutsi dute.


Bilbotik joandako exodoak, eta Athleticek bide batez, ia buruz ezagutzen duen beldurrezko film txarra ikusi duberriz ere. Lehen atala Valentzian ikusi zuen, 2009an, bigarrena, 2012an, Madrilen, eta hirugarrena gaur, borreroaren etxean. Bartzelonak bere irudirik onena eman du eta lehen zatian bideratu du garaipena. Messiren artelan batek desorekatu du dena. Munduko jokalaririk onena da eta Athleticek bere larruan pairatu du. Saiatu da Bilboko taldea, gogo baino zentzu gehiagorekin, baina baloiaren atzetik korrika ibiltzera zigortu du Bartzelonak.


Lehen minutuak izan dira Athleticen onenak. Bilboko taldeak gogotsu ekin dio partidari. Hasiera erabakigarria izango zela esana zuen finalari buruz hitz egitera ausartu zen orok. Oldarkor irten da gogor presionatu eta aurrera eginez. Jaberik gabeko baloiak ehizatu ditu eta beldur pixka bat sartu dio Bartzelonari. Sugar horrek, baina, hamabost minutu iraun ditu, Bartzelonak baloia hartu eta apaltzeko behar izan dituenak. Tarte horretan gainera sustoa eman du Bartzelonak, Neymarrek gola sartu baitu (7.min.), baina epaileak ez du ontzat eman. Jokoz kanpo adierazi du. Ez du asmatu.


Bartzelonak hortik aurrera lehen zatian marraztuko zuen lehen tanta izan da, baloia bahitu eta Athletic ernegatu duelako. Onena 19. minutuan iritsi da, eta, nola ez Messik egin du. Argentinarrak Athleticen aurka jokaturiko hiru finaletan zulatu du atea. Jeinuak baloia alboko marran hartu du, atetik berrogei metrotara. Buruz buru jokatzen utzi eta Athleticeko lau jokalari utzi ditu atzean: Beñat eta Balentziaga lehenbizi, gero Ricok ezin izan du gelditu eta azkenean Laporteri izkin egin dio area barruan gola sartu aurretik. Harrigarria. Etorkizunean gaurko finalaz hitz egiten denean jendeak gol hori gogoratuko du. 


Golak min asko egin dio Athletici. Baloirik gabe ezinezkoadu arriskua sortzea, eta izan duen aukera apurretan zuzenegi saiatu da. Bartzelonako zaleek kate motzean lotu dute Aritz Aduriz, eta ez du erremate bakar bat ere egin. Beste arean, aldiz, gauzak oso ezberdinak izan dira. Bartzelona zirimola bilakatu da eta Herrerinek geldiketa handiak egin behar izan ditu. Atezaina izan da zuri-gorririk onena Camp Nouko kalbarioan.


Bigarren golak gertu zirudien, eta Neymarren lortu du (27. min). Talde jokaldi batean Suarezek Athleticen atzeko lerroa hautsi du eta area barruan Neymar aurkitu du ate aurrean gola sar dezan. Merezitako emaitza zen, eta hala iritsi zen atsedenaldira. Aurretik Iñaki Williamsen bolea langaren gainetik joan da. Athleticen aukera bakarra izan da lehen zatian, gutxiegi amets egiteko.


Atsedenaldiak arnasa eman dio Athletici. Ideia antolatu eta miraria nola bilatu hausnartzeko tartea. Baina ezinezkoa izan da. Garra erakutsi du, grina, baina Bartzelonaren futbolak baretu du. Baloiaren bitartez lokartu du partida. Sehaska kanta bailitzan batetik bestera mugitu du baloia. Lehen zatian baino gutxiago estutu du eta Athletic ireki egin da. Tranpa itxura ere bazuen, kontraerasoa bilatu baitzuen. Eta baita ondo zukutu ere (68. min.). Neymarrek eta Alvesek eskuin hegaletik konbinatu eta hankaz gora utzi dute Etxeita. Messik, area barruan, ondo baliatu du pase zehatza.


Partidari buelta ematea ezinezkoa zen, baina bai emaitza atontzea, eta Iñaki Williams izan da buruz , falta bat ukituz, 3-1ekoa sartu duena (79. min). Bartzelona lasaitzen hasia zen, eta horrek ere eragina izan du. Golak harmaila piztu du, eta harekin ilusioa bai, baina titulua urrunegi zegoen. Athleticek bost minutu on izan ditu, baina Bartzelonak berriz ere lokartu du partida. Partidak, dena den, amaiera itsusia izandu. Athletic eta Bartzelonako zaleek txistu egin dute Xavi eta Iraolaren aldaketetan. Biek azken partida zuten euren taldeetan eta aurkarien zaleek txistu egin dute zelaia uztean. Usurbilgo eskuin hegaleko dotoreak ez zuen merezitako eta urteetan irabazitako agur loriatsurik izan.


Gero etorri dira Neymarren probokazioa, lekuz kanpo zeuden faltak, eta amaiera arteko azken hamar minutu ia amaiezinak. Bukaerarekin itzuli dira irudi hunkigarriak. Athleticeko jokalariek hondoa jota eta burumakur bukatu dute. Bazekiten ezer gutxi egiterik izan zutela, eta ikusleen txaloen kontsolamendua izan dute. Izan ere ,Bilbotik joandako zaleek ez diote animatzeari utzi. Finaletara iristea lorpen handia da Athleticentzat, eta hori balioan jartzen badakite. Gaurkoa bezalako porrotek ezin dute filosofia kolokan jarri. Aurrerantzean beste orbain bat izango dute azalean, egia da, baina harro erakuts dezakete, orbain batzuk harro egoteko modukoak direlako. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.