«Beti gustatu izan zait buruz buruko partidak jokatzea»

Fin ibili zen igandean, Zubieta garaituta, eta bihar Diaz izango du aurkari. Txapelketa «polita» jokatzeko itxaropena dauka.

Iñaki Lasa Etura.
Donostia
2010eko urriaren 28a
00:00
Entzun
Bigarren Mailako lau t'erdiko txapelduna da gaur egun. Orain bi urte Elgetako lau t'erdiko txapela irabazi zuen. Lehen Mailan ere txukun hasi da Mikel Urrutikoetxea (Zaratamo, Bizkaia, 1989), final-hamaseirenean Aitor Zubieta nagusitasunez garaituta, 22-12. Oraindik gorputza guztiz egitear duela dirudi; hala ere, bere eskuin besoak badu zerbait berezia. Laudorio asko jaso ditu Zubietari sakez bederatzi tanto egin izanagatik eta pilotari ematen dion abiaduragatik. Urrutikoetxea, baina, lasai dago. Badaki Diaz aurkari gogorra dela, eta txapelketan aurrera egin nahi badu izerdi asko bota beharko duela bihar Balmasedan (Bizkaia).

Zer moduz ikusi zenuen zeure burua Aitor Zubietaren aurkako partidan?

Hasieran pixka bat urduri nengoen, eta partida erdialdean beherakada nabarmena izan nuen. Urduritasuna zela eta, gauzak ez zitzaizkidan nahi bezala irteten. Baina, gero, nire partida egin nuen amaieran, eta pozik bukatu nuen garaipenarekin.

Lehen mailako lau t'erdiko debuta izanik, zaila zen urduri ez egotea, ezta?

Bai. Lehenengo partida beti zailena izaten da, ez dakizu nola egongo den gorputza. Azkenean, erraz ez, baina partida espero baino errazago ateratzea lortu nuen.

Bigarren Mailako txapelketatik lau t'erdiko nagusira salto handia nabaritu al zenuen?

Hemen pilotari guztiek asko jokatzen dute, lehiatu beharreko partidak izaten dira guztiak. Banekien gogorra izango zela Lehenengo Mailan Zubietaren aurka aritzea. Azken finean, profesionaletan partida guztietan lehia handia izaten da.

Zeure garaipen zerrendari begira lau t'erdia gustuko duzula dirudi.

Bai. Beti gustatu zait buruz buruko partidak jokatzea, bai lau t'erdian, bai frontoi osoan. Agian, txikitatik horretan aritzeak lagundu izan dit hain gustura aritzen. Orain bi urte Elgetako lau t'erdiko txapelketa irabazi nuen; iaz, profesionaletako nire lehenengo urtean, Bigarren Mailakoa. Ea aurten gutxienez txapelketa polita egiten dudan.

Nola ikusten duzu Diazen aurkako kanporaketa?

Aurreko partidaren guztiz desberdina da. Zubietak luze jokatzen du, eta Diaz, berriz, errematatzailea da. Horregatik, jokoa aldatu beharko dut, eta urduritasu- nak kanpoan utzi, aurreko kanporaketan bezala. Partida polita izango da.

Sakean asmatzea izango da gakoa?

Buruz buruko partidetan sakea eta errestoa oso garrantzitsuak izaten dira. Ondo sakatzen baduzu, hurrengo pilotakada ona daukazu, eta tantoa dominatzen hasten zara. Hor asmatzen baduzu, abantaila asko daukazu partida aurrera ateratzeko. Sakez bederatzi edo sei tanto egitea asko da horrelako partidetan. Badakit Diazek asko sakatzen duela; ni ere eroso egon nintzen aurrekoan, eta ea bihar ere asmatzen dudan.

Herritarren beroa espero duzu biharko partidan?

Partida gauean da, eta beti joaten diren lagunak joango direla uste dut. Herritik jende gehiago joaten bada, eskertuko diet.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.