«Beti izan dugu aukera»

Jokatutako partiden erdiak galdu arren guztietan emaitza ona lortzeko aukera izan dutela nabarmendu du Igor Gabilondok

Erredakzioa
Bilbo
2010eko urriaren 6a
00:00
Entzun
Lasai daude Athleticeko jokalariak. Jokatutako sei partidetatik erdiak galdu izanagatik, ez dute uste urduri egoteko motiborik dagoenik. Galdutako partida guztietan punturen bat lortzeko aukera izan omen dute. «Norgehiagoka guztietan izan dugu aukera emaitza on bat lortzeko, baina batzuetan ez dugu aprobetxatu. Baina aukerak sortu sortu ditugu. Baliatu izan bagenitu, gauzak ezberdinak izango lirateke», esan zuen atzo Igor Gabilondok.

Athleticeko erdilariak argi dauka zertan egin duten huts, zergatik ez dituzten aukera horiek aprobetxatu. «Hasieratik egon behar dugu bete-betean sartuta partidan, eta indar handiagoarekin aritu». Ez zaio arrazoirik falta Gabilondori. Denboraldi honetan jokatutako hiru partidetan hasi eta hamar minutura sartu diete gola zuri-gorriei. Atletico Madrilek, Sportingek eta Valentziak lortu zuten, hain zuzen-Sportingek bi gol sartu zizkien 23 minututan-. Ondorioa: puntu bakarra eskuratu zuen Athleticek jokoan zeuden bederatzi puntuetatik.

Hala ere, lasai dago erdilari donostiarra. «Beti daude garai onak eta txarrak. Egin behar duguna da garai txarrak ahal bezain ondo gainditu. Elkartu egin behar dugu, garai txarrak gainditu eta gogor lan egin, garai txar horiek laburrak izan daitezen».

Gabilondok, gainera, azpimarratu nahi izan zuen galdu duten azken partida Valentziaren aurka izan dela, «liderraren aurka, eta haren etxean». «Oso indartsu hasi zuen Valentziak norgehiagoka, eta hasieran erraz nagusitu zitzaigun. Gero, bigarren zatian, aurre egin genion, eta pena izan zen gol bat sartu ez izana gol bakar bateko aldea zuenean. Minutu askotan oso ondo aritu ginen».

Hain zuzen ere, minutu horietan erasoko jokoa antolatzen aritu zen Gabilondo, «gustura», jokalariak adierazi zuenez. Gola ere sartu zuen, aspaldiko partez, falta bat zuzenean jaurtita. Sasoiko bigarren gola du. Aurrenekoa Bartzelonari sartu zion hilaren 25ean. Orduan ere ezer gutxirako balio izan zuen golak, Valentziak bezala, Pep Guardiolak zuzendutako taldeak ere bi golen aldea baitzuen. «Pena izan da gol horiek azken unean sartu izana, eta ezer gutxirako balio izana. Baina niretzat hor daude, beti da ona golak sartzea. Alde ona ikusi nahi dut. Baina egia da golei etekin handiagoa atera behar diegula».

Hurrengo partida, hamar egun barru San Mamesen Zaragozaren aurka jokatu beharrekoa; horixe dute orain buruan Athleticeko jokalariek. «Zaragozaren aurka jokatzeko irrikan gaude. Oso partida garrantzitsua da. Etxean ariko gara, eta irabazi beharra daukagu», esan zuen Gabilondok.

Sasoi honetako partida gehienetan Jon Aurtenetxek zaindu du donostiarraren bizkarra. Valentziaren aurka ere hala izan zen, eta Zornotzako atzelari gazteak arazo dezente izan zituen lehen zatian etxeko taldearen erasoko jokalariei eusten. Gabilondok pazientzia eskatu zuen 18 urteko jokalariarentzat. «Talde guztiarentzat zaila izan bazen, zer esanik ez debuta egin berri duen gazte batentzat. Heldu beharra dauka. Mundu guztiak bizi izan du inoiz bera bizitzen ari den egoera; ondo ari da guztia barneratzen, eta jada erakutsi du dohainak badituela».



Javi Martinez ez da ariko Espainiarekin, eta Bilbon geratuko da

Javi Martinezek atseden hartu ahal izango du hurrengo egunetan. Athleticeko erdilariak Espainiako 21 urtez azpiko selekzioarekin jokatu behar zuen hilaren 9an eta 12an, baina azkenean Bilbon geratuko da, min hartuta baitago. Javi Martinezek kolpea jaso zuen ezker giharrean Valentziaren aurkako partidan, eta Espainiako Federazioko medikuek herenegun egin zioten erresonantzia magnetikoaren arabera, jokalariak egun batzuk beharko ditu osatzeko. Okerrik ezean, jokalari zuri-gorriak ez du arazorik izango hilaren 16 eta 17ko asteburuan Zaragozaren aurka aritzeko. Bestalde, Fernando Amorebietak min hartu zuen atzo iztartean, eta entrenamendua amaitu baino lehen joan zen aldagelara. Ustaritz Aldekoaotaloraren orkatilak, berriz, hobera egin du, eta baliteke hurrengo partida jokatzeko prest egotea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.