Kirola. Jarraitzaile taldeak

Betiko elkarrekin

Harmailetan edo errepide bazterretan egoten dira euren talde edo kirolari kutunak animatzen, eta gutxitan bereganatu ohi dute arreta. Euskal Herriko hainbat kirol peñaren barrunbeak hobeto ezagutzen aritu da BERRIA.

Lizarreria pabiloia, horiz jantzita, jendez gainezka, Itxakok eta Larvikek aurreko denboraldian jokatu zuten Txapeldunen Ligako finaleko itzuliko partidan. JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS.
Donostia
2012ko martxoaren 6a
00:00
Entzun
Afari baten ondorenean sortu zen dena. Baietz esan, eta beti batera egongo zirela hitzeman zioten elkarri, momentu onetan zein txarretan. Izena ere jarri zioten orduan sortutakoari. Hala jaio zen, duela sei bat urte, Sukar Horia, Itxako eskubaloi taldearen jarraitzaile taldea. «Aurretik ia sortuta zegoena formalizatu baino ez genuen egin». Horrela kontatu du Andres Diaz de Zeriok, taldeko idazkariak. Paperak sinatu eta eraztuna jantzi. Gauza bera egin zuten urte berean apiril aldera Mikel Astarlozaren gertuko lagunek. Xabier Isasa Astarloza taldeko zuzendaritzako kidearen arabera, «Mikeli babesa emateko, nolabait errepide bazterretik bultzatzeko» sortu zuten taldea. «2003az geroztik buruan geneukan ideia errealitate bihurtu genuen». Sanpedrotarra urte horretan bertan hasi zen profesionaletan.

Hamar urte lehenago, 1996an, Athleticen aldeko Piru Gainza jarraitzaile talde ezaguna sortu zuen Basauriko 40-60 urte bitarteko lagunen kuadrilla batek. Tartean zen Juan Karlos Txirapozu. Moskutik itzuli berritan aritu da hizketan BERRIArekin. Piru Gainzako beste jarraitzaile batzuekin batera, bere bihotzeko taldea animatzera joan zen Errusiako hiriburura. «Zale amorratuak gara. Asko maite dugu Athletic». Ez dago halako aitorpen bat egin beharrik. Bistakoa da 3.800 kilometro baino gehiago egin eta gero. Kilometro horiek eta gehiago eginak dira Baionako errugbi zaleak ere. Filosofia batek, espiritu batek mugiarazten ditu denak batetik bestera. Errugbiaz haragoko sentimendu batek. «Guretzat errugbia ez da partidak ikustea bakarrik: bidaia, partida baino lehen egoten den giroa, poteoa, partida bera, ondorengo festa, beste jarraitzaileekin dugun harremana... Errugbia elkartzea ere bada, azken finean». Hala dio Xexili Foix-ek, Peña Baionako zuzendariak. Beharko sinetsi gero. Hitzen tonuan nabari zaio barnean daramala filosofia santua.

Euskal Herrian diren hainbat zale talderen lau eredu baino ez dira orain arte aipatutakoak. Euskal kirolariak lasai ederrean egon daitezke. Jarraitzaile taldeen fenomenoak ez du etenik. Ez dezala izan, gainera. Zer litzateke, bada, San Mames bat hutsik?

386 jarraitzaile talde ditu Bilboko taldeak mundu guztian zehar barreiatuta. Nazioartean aski ezagunak dira. Nork ez du gogoratzen, bestela, Kongoko haurrak talde zuri-gorriaren ereserkia abesten irteten ziren bideo hura? Harmailei beste itxura bat emateaz arduratzen dira zaleak. Zeregin hori dute Piru Gainzakoek Katedralean. Bazkide bakoitzak bere eserlekua izendatuta dauka, eta horregatik ez dira peñako kide guztiak elkarren ondoan esertzen. Salbuespena dira. «Oraingoz», dio Txirapozuk. «San Mames Barria eraikitzen dutenean, ahaleginduko gara horretan. Garrantzitsua da guretzat zelaian denak elkarrekin egotea».

Harremanak beste peñekin

Gainontzeko jarraitzaile talde gehienak, normalean, elkarren ondoan aritzen dira animatzen, euren pankarta eta guzti. Ez dira oharkabean pasatzen. Baionako errugbi taldearen jarraitzaileak, esaterako, harmaila ttipia izenekoan elkartzen dira. Lepoko urdina da haien ezaugarri adierazgarriena. 2.260 lagunek osatzen dute Peña Baiona gaur egun. Tartean-tartean atzerriko batzuk ere badira bazkide. Ezagunak dira Baionako jarraitzaileak Frantziako Ligako gainontzeko peñen artean. Foixen arabera, «kanpoko partidak ikustera» joaten direnean, «denek» eskatzen diete euren ereserkia euskaraz abesteko. «Asko maite dute euskaraz nola abesten dugun entzutea». Telebistan askotan erakusten dituzten irudietatik urrun, euren arteko harremanak eredugarriak dira. Zelaitik kanpoko errealitateak oso bestelako itxura erakusten du. «Oso hartu-eman ona dugu gainontzeko zaleekin. Hartu-eman horiek oso garrantzitsuak dira, errespetuan oinarritzen direlako. Gu beti saiatzen gara giro alaiean ibiltzen, beste zaleekin ongi pasatzen», dio Foixek. Antzekoa dio Txirapozuk. «Athleticeko peña guztien artean harreman ona daukagu».

Sukar Horiaren kasuan, baina, ez dago halako harremanetarako aukera handirik. «Esku bakarrarekin kontatzeko adina jarraitzaile talde egongo dira ABF ligako taldeen artean», dio Diaz de Zeriok. Halere, dauden peñekin harreman estua dute, eta jaio berri direnekin orain hasi dira harremanetan jartzen. «Aspalditik dugu harremana Eldarekin. Harreman ona, gainera. Itxako sailkapeneko laugarrena zenean eta Elda goiko puntan zebilenean ezagutu genuen elkar. Eta gaur arte eutsi diogu harremanari. Beste batzuekin orain hasi gara; Bera Beraren Erreka Laranjarekin, adibidez».

Astarloza taldeko kideen kasua ere salbuespena da. Ez dute batere harremanik beste txirrindulari zaleekin. Doazen lekura doazela, euren kasa ibiltzen dira. Frantziako Tourrean, Pirinioetan jokatzen diren etapetan, ez dira elkartzen marea laranjarekin. «Normalean, gure taldeko kideentzat soilik antolatzen ditugu bidaiak, eta beste zaleekin ez bagara elkartzen, ez da harreman txarrak ditugulako. Besterik gabe, nahiago dugu geure kasa ibili. Guri gehien interesatzen zaizkigun etapak aukeratzen ditugu, eta horiek ikustera joaten gara». Duela bi urte Haimar Zubeldiaren peñarekin elkartu zirela argitu du. «Baina gugan ez da oso ohikoa besteekin elkartze hori».

Azken bi urteak gogorrak izan dira Astarloza taldearentzat. Dopin kontrol batean positibo emateagatik, bi urterako zigortu zuten San Pedroko txirrindularia. «Une gogorrak» bizi izan zituzten. «Berez, azkar pasa zaizkigu bi urteak; berari baino azkarrago, ziur. Lagunak garen neurrian, beti egon gara Mikelen ondoan, nahiko triste, bera ere ez genuelako ondo ikusten. Bidegabekeriatzat hartu genuen jarri zioten zigorra», aitortu du Isasak. Astarloza joan den abuztuan itzuli zen errepideetara. Eta, harekin batera, haren jarraitzaile taldea ere bai errepide bazterretara. Ez dira joaten lasterketa guztietara, baina joaten direnetan, haien presentzia nabarmena da. Ondo daki hori Astarlozak.

Beste peñekin harreman ona izatea bezain garrantzitsua da taldeko zuzendaritzarekin eta kirolariekin ere harreman egokia izatea. Athleticeko jarraitzaile taldeen kasuan zailagoa da. Hainbeste peña izanda, denek ez dute zuzendaritzarekin hartu-emana izateko zorte bera. Piru Gainzakoek, dena den, «oso harreman ona» daukate Josu Urrutiarekin eta haren lantaldearekin. Oso bestelakoa da jokalariekin duten harremana. «Apenas daukagun harremanik. Neurri batean, ulertzen dugu. Nahiko genuke denak gure peñako kide izatea, noizean behin haiekin elkartzea... Baina jakitun gara eurek ere euren bizitza daukatela», zehaztu du Txirapozuk. Familia giro beroagoa nabari da Sukar Horiaren eta Itxakoren artean. Sukar Horiaren sortzaileetako batzuk, izan ere, aurretik Itxakoko zuzendaritzan ibiliak dira. Diaz de Zeriok behin eta berriro berretsi du harreman bikaina dutela taldeko zuzendaritzarekin: «Ezin hobeto ulertzen dugu elkar. Klubak beti gordetzen digu leku bera Lizarrerian, eta sarrerak lortzerakoan ere erraztasunak besterik ez digute jartzen».

Kanpoko partidetan, gertuago

Baionako jarraitzaileek ere harreman estua dute zuzendaritzako kideekin. Foixen esanetan, «laguntzeko prest» agertu izan dira beti. «Eta jokalariekin ere oso ondo konpontzen gara. Kontraesana badirudi ere, etxeko partidetan baino harreman estuagoa izaten dugu kanpokoetan. Partida amaieran beti etortzen dira guregana, eta berriketan aritzen gara. Irabazi edo galdu, beti eskertzen digute ematen diegun babesa».

Bidaiak ordaintzea. Hori da jarraitzaile talde batek izan dezakeen gasturik handiena. Apenas jasotzen duten diru laguntzarik, eta bazkideek urtero ordaindu behar izaten dutenarekin finantzatzen dute gehienek jarraitzaile taldea. Baina ez denek. Sukar Horia, esaterako, bazkideei urteko kuota kobratzen hasi zen hasierako urteetan, baina krisia tarteko, beste modu batzuk bilatzen hasi ziren. Bidaia luzeren bat egin behar badute, bakoitzak bere poltsikotik ordaintzen du. Diaz de Zeriok zehaztu duenez, ez da zale asko joaten kanpoko partidak ikustera. «Kontraesana badirudi ere, taldea okerrago zihoanean, askoz zale gehiago mugitzen zen. Orain, partida jokatu baino lehen irabazitzat jotzen dute, eta etxean, irrati edo sare sozialen bidez jakiten dute partiden berri».

Astarloza taldea ere bazkide bakoitzari hamar euro kobratzen hasi zen. Orain, ordea, elastikoak, pizgailuak eta bestelakoak salduz lortzen dute dirua. «San Pedroko Udalaren aldetik ez dugu diru laguntzarik jasotzen, eta bidaiak gure kontura ordaintzen ditugu, baina ez dugu asko bidaiatzen ere».

Bestelakoa da Piru Gainza eta Peña Baionaren antolakuntza;bazkideek ordaintzen duten urteko kuota dute finantzabidea.Baionako zaleek, kuota jartzeaz gain, taberna bat ere zabaltzen dute taldeak etxean jokatzen duen bakoitzean. «Hor lortutako irabaziekin bidaietako gastua txikiagoa izaten da gero». Basauritarrek, ordea, agentzien bidez antolatzen dituzte egin beharreko bidaia guztiak. «Hainbeste urte bete eta gero, prezio berezia eskaintzen digute», dio barrez Txirapozuk.

Jarraitzaile talde baten zeregina ez da bakarrik bere taldea animatzea. Behar gehien dutenei laguntzeko beta geratzen zaie askori. Urrutira joan gabe, Piru Gainzakoek 3.731 euro eman zizkiotenGabonetan Mugarik Gabeko Medikuak erakundeari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.