2003ko urrian eman zion Xabi Prietok (Donostia, 1983) lehen igurtzia Realari, Oviedon (Espainia), Kopako partidan. Horietara, askotan bakarrera, lotuta egon da urtetan txuri-urdinen irabazteko ahalmena. Orain, kapitainaren besokoarekin, haren ekarpenak ez du lehenagoko pisurik, zintzo aitortu duenez. Gaurdainoko bidean pentsatzen jarrita, zeharkatzeko geratzen zaion horretera egiten du salto nahi gabe: «Bihar ez bada etzi, Europako tokietarako sailkatzeko borrokan pentsatu beharko luke Realak». Beste lau sasoirako dauka kontratua.
Estatistikak zaintzen dituen horietakoa al zara?
Duela aste pare bat jakinarazi zidaten Athleticen aurka jokatuko nuela ziurrenik 300. partida Realarekin. Ezustean jasotako albistea izan zen. Kopuru ederra da. Ez nuen uste hainbeste neramatzanik jokatuta. Garrantzitsua izan da niretzat.
16 urterekin iritsi zinen Zubietara, eta hamargarren denboraldia duzu lehen taldean. Itzuli al diozu klubari hark zuri emandakoa?
Nekez lortu ahal izango dut halakorik. Horrenbeste urtez etxean jokatzea gauza handia izan da.
Betiko moduan jokatzen al duzu oraindik?
Bai. Santo Tomas Lizeoarekin Berioko zelaian aritzen nintzeneko garaiak ez ditut sekula ahaztuko, eta nire jokatzeko era ez da ezertan aldatu. Betidanik egin nahi izan ditut gauzak baloiarekin, hankapean erabili batera eta bestera.
Realera iritsi zinenean zer zuzendu zizuten?
Gauza asko. Teknika eta taktika arloak urtez urte lantzen dira. Lanerako aldez aurretiko jarrera ere pizten dizute. Jakin hori gabe jokatzeko aukera gutxiago izango dituzula eta nekez etorriko direla esperotako emaitzak. Hona etorri nintzenean ihar-iharra nintzenenez, giharrak asko landu behar izan ditut.
Ikusten al duzu zeure burua hegaletik aterata?
Zubietara iristean hasi nintzen eskuinetik jokatzen, ordu arte barrutik mugitzen bainintzen. Hemen aldatu zidaten kokapena, eta, geroztik, hortik jarraitu dut. Baliteke aurrerago erdialdera itzultzea. Ez litzaidake arraroa egingo.
Kosta egin al zaizu Philippe Montanierren ideia gauzatzea?
Ez. Bolada luzez egon nintzen erritmoa ezin hartuta, sasoiko egon gabe eta konfiantza gutxirekin. Arazoa nirea izan da, eta ez entrenatzailearen marrazkira egokitzeko ezintasuna.
Haren lan egiteko era al da egokiena Zubietan dauden baliabideak ikusita?
Bai. Fruituak emango ditu. Ez da ahaztu behar Iñigo Martinez, Illarramendi, Ruben Pardo, Cadamuro eta Ros taldeko partaide bihurtu dituela denbora tarte laburrean. Egokitu egin da pixkanaka Zubietako funtzionamendura, eta nekez topatuko duzu gure artean harekin konforme ez dagoen inor.
Gogoan al daukazu non jokatu zenuen lehen partida Realarekin?
Lengokoak-en kontrako lagunarteko bat izan zen, Zubietan. Ez dut emaitza gogoan. Roberto Olabe zen entrenatzailea. Hark deitu ninduen hona etortzeko.
Duela bederatzi urte Raynald Denoueixek deialdian sartu zintuen aurrenekoz. Oviedon jokatu zenuten.
Espainiako Kopako kanporaketa baterako izan zen, Carlos Tartiere berrian. 2-1 irabazi genuen. Ez dut inoiz ahaztuko. Aita, osaba eta anaia elkartu ziren harmailan, eta egun hartako elastikoa gure baserrian daukagu gordeta. Javi Garridok eta biok debutatu genuen egun berean.
Jose Mari Amorrortuk zer toki betetzen du zure ibilian?
Funtsezkoa izan da. Hamaikakoan sartzeko aukera eman zidan, Valery Karpin erdialdera bidaliz.
Zer-nolako harremana zenuen Karpinekin?
Oroitzapen politak dauzkat. Ipurterrea zen, etengabe errietan dabilen horietakoa… Jokalari bikaina zen, oso lehiakorra.
Garai ilunenetara ari gara iristen. Noiz ohartu zineten ez zeneukatela ihesbiderik?
Urteak joan ahala, geroz eta zailtasun handiagoak geneuzkan mailari eusteko, eta, azkenean, inork nahi ez zuen eguna iritsi zen. Denboraldi benetan gogorra izan zen Realarentzat. Bai guretzat, bai zaleentzat.
Egun horietan kontratua berrituko ez zenuela-eta kanpoan sortu zen zaratak eraginik izan al zuen zugan?
Gehiegi hitz egin zen kontu horretaz. Norberak baino ez daki zer den benetan nahi duena eta zer bide aukeratuko duen. Gertukoenek bazekiten ez nuela hemendik ateratzeko asmorik. Une latza izan zen niretzat. Gogoan dut Azpeitiko lagunarteko batean epelak entzun behar izan nituela autobusetik jaistean.
Ezegonkortasun aldi gogor batean barneratu zen kluba. Taldeak zeri jarraitu zion iparra ez galtzeko?
Administratzaileak, Konkurtso Legea, hartzekodunen hitzarmena… kontu ezezagunak ziren horiek guztiak guretzat, eta garbi geneukan zelaian zenbat eta hobeto moldatu orduan eta arnasa handiagoa hartuko zuela Realak. Hirugarren ahaleginean egin genuen gora. Lehenago lortu ez izanaren pena ere badaukat. Mendizorrotzako partida hura… Denbora horretan guztian bat eginik egon ginen, eta aldagela barruko harremanak sendo-sendoak dira. Nik ez dut beste multzorik ezagutu, baina kanpotik datozenak harrituta geratzen dira hemengo kidetasunaz ohartzean.
Futbolari batek derrigorrean jarri behar al ditu erronka berriak ala atzera begiratzea komeni zaio?
Ez duzu pentsatzen zer egin duzun, baizik eta zer helburu bete nahi dituzun. Egunero-egunero ateratzen dira erronka berriak, eta horiek lortzeko lanean jartzen duzu arreta guztia.
Zein litzateke bidezko exijentzia egungo Realarentzat?
Aurreko denboraldian egindakoa hobetzea. Mailari eusteko borrokaz kanpoko gauzetan pentsatzeko ahalmena badugu. Etxean sendo oso indartsu gabiltza. Anoetatik kanpoko emaitzak hobetzean egongo da koska. Oraingoz, gainditu gabeko irakasgaia da.
Begiak itxiz gero, ikusten al dituzu aita, osaba eta anaia Oviedoko harmailetan eserita egon ordez Europako beste zelairen batean?
Bai [berehala erantzun du]. Oraingoz ametsa izan arren, bete daitekeelakoan nago. Sasoi honetan, beharbada goizegi izan liteke, baina ondorengo urteetan zergatik ez. Are gehiago, Realak horretan pentsatzeko aukerak sortu behar ditu, eta bost sasoiz behin gutxi gorabehera borroka horretan egon.
Exijentziaren langa areagotzen ari zara.
Ziur nago puntu horretara iritsiko garela. Ez dakit noiz, baina ez daukat zalantzarik. Klubak txukun dihardu lanean.
Kapitain zarenetik zure izaeraren alderdi berriren bat ezagutu al duzu?
Oraingoz ez. Aldagelatik kanpo garrantzi handiagoa aitortzen zaio besokoa eramateari berez barruan duenari baino. Norberak bere funtzioa du, eta nire jokabideak ez dauka zertan aldatu.
Ez zabiltza Karpinen modura.
[Barre egin du]. Nire izateko erak ez du horrekin zerikusirik. Ez naiz imintzioak edo oihuak egitearen aldekoa. Barruak ez dit horrelakorik eskatzen. Trapu zaharrak etxean garbitu behar dira, aldagelan. Orduan esango diot edozeini esan beharrekoa.
Xabi Alonso eta Mikel Aranburu izan al dira zure erreferentzia?
Xabirekin gutxi jokatu nuen, ez nahi bezainbeste behintzat. Harreman ona daukagu, halere. Mikelekin, aldiz, askoz estuagoa da. Lehen egunetik izan nuen aldamenean. Haren ondoan aldatu izan naiz urtetan, eta bai, hura izan da nire erreferentzia nagusia.
Atotxatik zer geratu zaizu?
Umea nintzela hasi nintzen joaten aita eta osabarekin. 4-5 urte izango nituen, gehiago ez. Haien artean esertzen nintzen beti. Real Madrilen kontrako lehiez akordatzen naiz batez ere. Irudi horiek argi gogora ditzaket. Kopako4-1ekoa ahaztezina izan zen, nahiz eta eurak sailkatu gero.
Anoetan arnastu al duzu inoiz halakorik?
Bada, bai. Ados nago zelai hotza dela esaten dutenekin, baina taldearen jokoak zaleak piztean bertan sentitzen ditugu. Beroa ere izan liteke. Pistek irauten duten bitartean, geure zeregina da era horretako giroa sortzea.
Zer diozu Anoeta eraldatzeko egitasmoaz?
Ederra litzateke pistak kentzea. Beharrezkotzat jo baldin badute, zerbaitegatik izango da. Ea lortzen duten.
Belaunaldi berriei zuenari baino gauza gehiago onartzen al zaizkie?
Ez nuke horrenbeste esango, nahiz eta gure belaunaldiaren aldean lotsagabeagoak badiren. Askotan hitz egin dugu horretaz gazteekin. Oso urduri igotzen ginen nagusiekin entrenatzera. Atzerritar gehiago ere bazegoen, eta asko ez genituen ezagutzen. Paseak emateko borobil bat osatzean berdin zion ongi ala gaizki egin, ia beti baitzihoan gutako bat erdira.
Kalitateak eztabaida sortuko al du beti?
Ziurrenik. Jokalari gehienen inguruan eztabaida asko sortzen da. Norberak sentitzen duen moduan jokatu behar du, eta nik orain arte bezala jarraituko dut.
Xabi Prieto. Realeko jokalaria
«Betiko moduan jarraituko dut jokatzen, horrela sentitzen baitut»
Hamargarren denboraldia du Xabi Prietok Realean. Estreinako aldiz aritu zenetik bilakatu zen funtsezko jokalarietako bat talde txuri-urdinean. Mikel Aranburuk erretiroa hartu ondoren, hark jaso du oinordetzan kapitainaren besokoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu