Berdin-berdin. Jokatu dute beste jardunaldi bat, ez da ezer aldatu. Bartzelonak beste aurkari bat gehiago zapaldu zuen; gureetako bat oraingoan: Reala. Ez da albistea. Athleticek irabazi egin zuen San Mamesen; Espanyol aurkari gaiztoa oraingoan. Ez da ezer aldatu. Eta Osasunak etxetik kanpo ez galtzea sekulako notizia bada ere, taldearen biguntasunak eta opariek bere horretan jarraitzen dute. Lehengo lepotik du burua.
Mugimenduak, petoak eta aspermena. Txiki-txiki utzi zuen Bartzelonak Reala. Inor ez zen harritu. Astero gauza bera egiten du. Entrenamendu baten itxura izan zuen partidak. Telebistari begira nengoela, taktika lantzeko ariketa honekin gogoratu nintzen: mugimenduak. Taldeko taktika jorratzeko egin ohi den aurreneko ariketa sorta dira mugimenduak. Igandean, ematen zuen Reala defentsako kokapena lantzen ari zela lan saio batean. Mugimenduekin. Jarri jokalari denak baloiaren atzean, eta aurkariak baloia mugitzen duen lekura joan. Baloiaren inguruan dagoen jokalariak atera behar du baloia daukan jokalariaren parera, eta albokoek koberturak egin behar dizkiote. Partida aproposa izan zen lan hori egiteko. Petoekin ere oroitu nintzen Bartzelona jokatzen ikusita. Zenbait entrenatzailek ez dituzte taldeak bereizteko petoak erabiltzen entrenamenduetan. Beren ustez, jokalariak begiratzen dutena baino gehiago begiratzera ohitzen dira petorik ez dutenean. Bartzelonakoek ere ez daukate petoen beharrik taldekidea non dagoen jakiteko. Badakite. Dena dakite. Dena ondo egiten dute. Mugimenduak egitea ez da oso ariketa entretenigarria jokalarientzat. Aspertu egiten dira. Igandean, ni aspertu nintzen bezala piperrik eta emoziorik gabeko partida ikusten. Petorik gabe ibiltzea ere ez da atsegina talde normalentzat, baloia askotan galtzen dutelako, taldekidea non dagoen jakitea zailagoa delako. Ernegatu egiten dira. Realeko jokalariak ernegatu ziren bezala, denbora guztian baloiaren atzetik korrika.
Okerra azaldu da. Osasunak hiru gol sartu zituen Valentzian, eta hala ere, ez zuen irabazi. Ez al zuen ba esaten Camachok golak sartzean arazo guztiak konponduko zirela? Oker zebilen, txoko honetan idatzi nuen bezala duela zenbait aste. Arazo nagusia beste bat da, zuzendu beharreko okerra ez da bakarrik gol eskasia, entrenatzaileak uste duen bezala. Defentsako lanean talde osoak egiten dituen hutsak larriak dira. Valentzian beste horrenbeste gertatu zen. Beste behin, geldikako jokaldietan gola jaso zuen. Beste behin, sekulako opariak egin zizkion aurkariari. Ez da talde lehiakorra defentsako lanean, eta gabezia handia da oso. Konpondu ezean, oraingo bidetik segituko du. Okerra hori dela adierazteko beste zerbait: taldeak nahikoa txukun jokatzen du etxetik kanpo erasoan. Gai da aukerak sortzeko. Herenegun, sartu ere sartu zituen aukera batzuk. Orduan, beste nonbait dago zuloa. Txukun jokatu, hiru gol sartu aurkariaren etxean, eta hala eta guztiz ere, partida irabazten ez duenaren arazoa sendotasun falta nabarmena da.
Ondo ari da. Athletic indartsua da etxean. Erakutsi zuen igandean. Berriz ere irabazle. Baina zenbait lekutan, ez dabiltza konforme. Aurreko astean, Hamaika Telebistan, derbiaren aitzakian egin genuen mahai-inguruan, Beñat Zarrabeitia kazetariak zioen bere taldea ez zela ari denboraldi ona egiten. Nik esan nion Europara sailkatzeko aukera guztiei eusten ziela, eta hor zela taldea. Igandean irabazi eta gero, aurreko astean baino gertuago dauka aukera hori. Txapeldunen Liga ere aipatu zuen Zarrabeitiak. Bada, sei puntura dauka orain. Gertu. Ondo ari ez den taldea nekez egongo da helburu horietatik ez oso aparte. Etxetik kanpo baldar ari dela? Ados. Baina etxean sendo dago. Dena dela, nola aldatzen den balorazioa ehun kilometroko tartean. Athleticek eta Realak ia-ia zenbaki berdinak dituzte etxeko eta etxetik kanpoko jardunetan. Puntu kopuru bera dute sailkapenean, baina Donostian pozik diren artean, Bilbon ez da erabateko poza. Bitxia.
Aulkitik begira. Aitor Manterola
Betikoa: ezusterik ez
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu