Bi eguneko tartean bigarren garaipena lortu du Greipelek Australian

Alemaniarrak Down Under klasikoa irabazi zuen igandean, eta Down Under itzuliko lehen etapa bart

Erredakzioa
Donostia
2012ko urtarrilaren 18a
00:00
Entzun
Denboraldi hasieratik euren arrastoa uzteko nahia izaten dute esprinterrek, eta Andre Greipel (Lotto-Belisol) dotore ari da lan horretan. Igandean Down Under klasikoa irabazi zuen, Australian, eta bart esprint estu-estuan hartu dio aurrea Alessandro Petacchiri (Lampre) Down Under itzuliko lehen etapan. Azken urteotan bezala, Australian hasi da World Tourra, esprinterrentzat erakargarria den inguru batean. Jauheni Hutarovitx (Française des Jeux) helmugaratu zen hirugarren. Garaipenerako borrokatik urrun, baina aurreko taldean iritsi ziren, besteak beste, Romain Sicard, Gorka Izagirre eta Ruben Perez (Euskaltel-Euskadi).

Denboraldian esprintak askotan izaten du erorikoa ondoan, eta World Tourreko lehen etapan ere kolpe latza hartu zuten tropeleko txirrindularietako batzuek. Helmugara iristeko 800 metro eskas falta zirela eta Greipeli esprinta prestatzen ari zela, hankaz gora joan zen Jurgen Roelandts (Lotto-Belisol). Besteren artean, kolpe handia hartu zuten Frederic Guesdonek (Française des Jeux) eta Matteo Montagutik (Ag2r). Aldakan haustura dauka Guesdonek, seigarren lepaornoan Roelandtsek, eta besaburuan eta aldakan kolpeak dauzka Montagutik.

Gainsariei esker, Petacchirekiko lau segundoren aldea dauka Greipelek sailkapen nagusian. Bart goizaldean zen jokatzekoa bigarren etapa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.