Denbora anitz zeraman horren bila, eta Miarritzek azkenean lortu zuen. Sasoi honetan lehen aldiz irabazi zuen Agileran, eta partida oso ona jokatuta, gainera. Multzoko lehen posturako borrokan sartu zen bete-betean, eta Heineken kopan ondo joka dezakeela erakutsi zuen. Multzoko beste partidan, Benettonek eta Ospreysek berdindu egin zuten, eta, ondorioz, puntu baten inguruan daude Ospreys, Saracens —biak sei punturekin— eta Miarritze —bost punturekin—.
Parte hartze eta erritmo handia behar izan zituen Miarritzek Ingalaterrako txapeldunaren aurka nagusitzeko. Espero zitekeen, bi taldeak aitzineko borrokaren zale izanik, eremu txikian jokatuko zutela, baina ez zen horrela izan. Bi taldeak zalu-zalu aritu ziren baloia hegaletara eraman eta gibelekoekin jokatuz. Dena den, eta lehen zatian erasoaldi luzeak ikusi baziren ere, puntu bakar bat ere ez zuten lortu. Horren erantzuleak bi taldeen defentsak izan ziren, oso ondo antolatuta baitzeuden.
Marcelo Boschek zangoz erakutsi zuen abilezia faltak ere ez zuen lagundu. Bi ostikada huts egin zituen. Puntu eskasia, halere, miarriztarren malestrukeriak azaldu zuen nagusiki. Etxeko taldeak izan zuen baloia lehen zatian —jabetzaren %67 izan zuen—, baina ez zuen baliatu. Orotara zazpi aitzin pase egin zituzten lapurtarrek, ingelesei beste horrenbeste baloi itzuliz. Pase batzuk alferrik eginak izan ziren, defentsari aitzinatzeko aukera eskainiz. Miarriztarren agintearen parean, Saracensek kontraerasoekin ihardetsi zuen. Gibelean jokalari bizkorrak eta mugituak ditu, eta Short, Strettle edo Farrellen ahaleginek min egin zioten Miarritzeri. Ingelesek, baina, sostengu eskasa izan zuten, eta defentsaren bizkarrean jokatu ordez, aitzinean paseak eginez aritu ziren.
Hariñordoki eta Ngwenya
Bigarren zatian gauzak aldatu ziren. Ingelesek izan zuten baloiaren jabetza. Harrigarria izan zen haien hautua, aitzinekoek oso gutxi parte hartu baitzuten erasoan, eta berehala hegalera jo zutelako. Bizpahiru jokalditan lortu zuten Miarritzeko defentsa lerroa zulatzea, baina kideen sostengu eskasak ezerezean utzi zituen aukera horiek. Kontsolazio gisa, Farrellek 0-3koa ezarri zuen. Bazirudien ingelesak partidaren neurria hartzen ari zirela eta Miarritzeri kostako zitzaiola garaile ateratzen. Hamar minutuz, baina, gauzak erabat aldatu ziren.
Bere zelaian zegoela eta defentsan, Miarritzek baloia berreskuratu zuen. Bere entsegu marratik zangoz ezin astindu eta erasora jo zuen. Saioak fruitua eman zuen, etxekoek sekulako jokaldia egin zutelako. Zelai erdiraino aitzinatu ziren, eta orduan Haylett- Pettyk ostikada jo zuen hegalera. Baloiaren zain zegoen Hariñordoki, bakar-bakarrik, eta azken 30 metroak bakarrik korrika eginez entsegu itzela sartu zuen (5-3). Entseguak arnasa eman zion etxeko taldeari, eta kontaktuetan aitzinatzen hasi zen. 60. minutuan zegoen partida, eta Julien Peyrelonguek 8-3koa ezarri zuen.
Hamar minutuko fase azkar hori Ngwenyaren entseguak itxi zuen. Berriz ere, bere 22 metroko eremuan zegoen Miarritze, postura txarrean. Lehen entseguan gertatu bezala, zangoz ezin zuelako astindu jo zuen erasora. Baloia gibelekoen artean ziztu bizian joan zen, eta ingelesak nagi aritu ziren. 50 metroz aitzinatu ondotik, Haylett-Pettyk bere lasterraldia gurutzatu eta Ngwenyari eman zion baloia. Estatubatuarra erdierditik sartu zen, eta beste entsegu eder bat sartu zuen (15-3).Ingelesek kolpe handia hartu zuten partida erabakita zegoelako. Oren laurdena eskas zen partida bukatzeko, eta baloia aitzinean gelditu zen.
Miarritzek jokoa itxi zuen, eta Saracensek eremu txikian berriz partidaren zentzua hartu nahi izan zuen. Gauzak ongi atera zitzaizkien ingelesei, miarriztarren zelaian jokatu zituztelako azken hamar minutuak. Short eta Farrellen eskutik bitan entsegua sartzeko aukera izan zuten, baina azken keinuan pott egin zuten. Defentsako puntua eman zien entsegua partidaren azken segundoan lortu zuten. Hari esker puntu bat eraman zuten maletan sartuta.