Zehaztasuna eta sendotasuna batetik; zakurkeria eta kolpea bestetik. Alegia, Olaizola II.a eta Beroiz batetik, Bengoetxea VI.a eta Begino bestetik. Erabat estilo ezberdineko bi bikotek neurtuko dituzte indarrak Andre Mari Zuriko torneoaren finalean, gaur, Gasteizko Ogeta pilotalekuan (22:15, ETB1). Goizuetarrak eta Uhartekoak apenas tantorik galtzen duen bikotea osatzen dute. Leitzakoak eta Auzakoak, berriz, biziagoa eta arriskutsuagoa. Ez dago faborito garbirik, baina finala ona izateko ezaugarri guztiak betetzen dituzte lau pilotariek. Izen eta izan handikoak dira, baina oraindik Gasteizko torneoa irabaztea zer den ez dakitenak. Beraz, bi estilo helburu bakarraren bila lehiatuko dira.
Zalantzarik gabe, torneoko bi bikote onenak ariko dira aurrez aurre, biak ere Asegarce enpresakoak. Olaizola II.a eta Beroiz partida bakarra irabazita sailkatu dira finalera. Hain zuzen ere, joan den larunbatean Irujori eta Merino II.ari irabazita (22-13). Oso itxura ona eman zuten, eta argi geratu zen elkarrekin ongi konponduz gero zaila dela eurak mendean hartzea. Beroiz oparirik egiten ez duen atzelaria da. Olaizola II.ak ere gutxitan barkatzen du, eta defentsa bikaineko aurrelaria da. Gaur-gaurkoz, gainera, fresko dago eta tantoa erraz amaitzen du. Hitz batean, bikote sendoa osatzen dute.
Bengoetxea VI.a eta Begino, berriz, ez dira gutxiago, eta sasoi onean daude. Horiek bi partida jokatu behar izan dituzte finalerako txartela lortzeko. Lehenengo norgehiagoka Titin III.a eta Zubietaren kontra jokatu zuten, eta eroso irabazi (22-12). Finalerdietan, berriz, ez zuten inolako arazorik izan Xala eta Albisu garaitzeko (22-5). Azkenhoriek euren mailatik oso urrun aritu ziren herenegun, baina ezin zaie meriturik kendu leitzarraren eta auzarraren lanari. Batak pilota astindu egiten du, eta besteak bukatu. Egun ona egokituz gero, bikote arriskutsua osatzen dute.
Olaizola II.a da Gasteizko torneoan esperientziarik gehien duen pilotaria. Lau aldiz jokatu du, eta hirutan finalera heldu da. Hori bai, ez du behin ere irabazi. Guztietan Titin III.a tokatu zaio parean. 2007. urtetik, hala ere, binaka jokatu gabe dago torneoan, batzuetan lesioen erruz eta besteetan neurketa bereziren bat jokatu behar izan duelako. Esaterako, Irujoren kontra bi aldiz jokatu du buruz buru udako ferian. Lehenean galdu egin zuen (5-22) eta bigarrenean irabazi (22-9).
Bengoetxea VI.ak eta Beginok ere ongi ezagutzen dute Ogeta. Leitzarra azken lau urteetan aritu da binaka Andre Mari Zuriko torneoan, horietatik hirutan Beginorekin gainera, baina ez dute inoiz lortu finalera sailkatzea. Iaz finalerdietan geratu ziren kanpoan, Titin III.a-Zubietaren kontra (12-22). Beroizek, bestalde, ez du inoiz jokatu, baina 2009an banakako Promozio Txapelketa irabazi zuen Arretxe II.aren aurka (22-5).
Udako lehen torneoan, sanferminetan, finaletik kanpo geratu ondoren, Gasteizen ez dute hutsik egin nahi bi bikoteek. Neurketa gogorra espero da, eta gakoa atzean egon daiteke.
Bi estilo aurrez aurre
Olaizola II.a-Beroizek eta Bengoetxea VI.a-Beginok jokatuko dute gaur Andre Mari Zuriko torneoaren finala
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu