Inguratuta dagoen eta inguratzen duen postua da errugbian 8 postua. Uztartzean bigarren lerroko bi jokalariak ditu aitzinean. Ezkerrean eta eskuinean, berriz, hirugarren lerroko beste bi taldekideak ditu ondoan. Baina, aldi berean, beste jokalariak inguratzen dituen jokalaria da zortzia. Uztartzean berak ematen du bultzadaren abiada. Berak erabakitzen du baloia uztartzetik noiz atera; ostikadak jasotzeko bera da defentsako bigarren lerroan kokatzen dena berriz karga indartsu batean abiada emateko…
Teknika eta indarra. Grina eta inteligentzia. Horien beharra dauka zortziak, errugbi partidan bere arrastoa uzteko. Postuaren kalitate eta ezaugarri horien erakusgarriak dira Miarritzeko Raphael Lakafia (Tours, Frantzia, 1988) eta Baionako Marc Baget (Tournay, Okzitania, 1984). Biak, haien moldearekin, arrastoa ari dira uzten Top14ko bi euskal taldeetan.
Lakafiak eman du, zalantzarikgabe, ezusteko nagusia. Frantziako Grenobletik ekarri zuen Laurent Rodriguez xuri-gorrien kirol zuzendariak iragan sasoian. Sasoi batez harrobian zaildu eta gero, pixkanaka hasierako taldean jokatzen hasi zen, eta gaur egun Jean Mixel Gonzalezek nekez uzten du ordezkoen aulkian.
Lakafiaren kalitateak gaztetasuna eta indarra dira. Tonizitate handia dauka, eta aldi oro indartsu eta zalu sartzen da defentsetan, zulatze ederrak eginez. Jokalari atletikoa da. Haren aita Frantziako txapeldun izan zen xabalina jaurtiketan, eta ama disko jaurtitzaile gisa jardun zen. Atleta bikote horrek bi seme oso atletiko ukan ditu. Lehena, Pierres-Gilles Lakafia (1,86 metro eta 95 kilo), Tolosan ari da hegaleko gisara, gaztetan anaiarekin Grenoblen aritu ondoren. Bigarrena, Raphael bera da, 1,93 metro eta 110 kiloko mutil puska. Uda garaian, aitak egiten ditu prestatzaile fisiko lanak, Toursen, haien sorterrian. «Beti egon gara kirol munduan sartuta. Aitari entrenatzera joaten laguntzen genioen, asteburuetan hura ikustera joaten ginen… », dio Lakafiak.
Pazifikoko Wallis eta Futuna uhartekoak dira jatorriz Lakafiatarrak, eta horrela piztu zitzaien errugbiarekiko zaletasuna. «1995eko Munduko Kopa zelarik, aita Zeelanda Berriaren eta Pazifikoko uharteetako selekzioen alde zen. Lehen aldiz kirol hori ikusi, eta jostagarria iruditu zitzaigun».
Indarra eta burua
Uharteetako jokalarien berezko dohain fisikoak ditu Lakafiak, eta familiatik etorri zaio kirol zaletasuna. Ondorioz, ahal atletiko handia dauka, eta min egiten du askotan.
Oso bestelakoa da etzi Anoetako derbian Baionan aurkari izanen duen Marc Bageten kasua. Baget errugbia nagusi den Pirinioetakoa da. Baget eskola klasikoko zortzia da, taldearen joko taktikoan garrantzi handia duena. Baloia eskuetan aitzina joateko, indar hutsaren ordez, gorputzaren koordinazioa, alegiatxoa, ezustea eta beste erabiltzen ditu. Talentuaren dotorezia hori dauka, eta nortasun handia. Taldearengan eragin handia du. Taldeko kapitaina da, bere taldekideak etengabe kokatzen ditu, defentsan agintzen du, karisma du…
Sasoi ederra egiten ari da Baget. Zortzi postuaren jabe egin da, taldean berean arerio indartsuak izan arren: Lakafiaren estiloko Dwayne Haare zeelandaberritar indartsua, edo bere dohainetatik hurbiltzen den Julien Puricelli Frantziako selekzioarekin aritutakoa. Baina sasoi hau Bagetena izan da. Lakafia baino helduagoa da, baina orain arte lesioek ez zuten bakean utzi Baget. Bi belaunak txikitu ditu, eta bi operazio egin dizkiote, ondorioz, hilabete luzeetan jokatu ezinik egon da. Sasoi honetan, zorionez, horrelakorik ez zaio gertatu, eta bere talentua erakutsi ahal izan du. «Jokatzeko gogoz nengoen, eta unea gozatzen ari naiz», aitortu du.
Pixkanaka zuloa egin du taldean, eta azken asteetan kapitain izendatu du Thomas Lievremont aitzinekoen entrenatzaileak. Bagetek ardura anitz hartu du azkenaldian, jokalarien izenean mintzatuz, Baionako zuzendaritzaren krisian batik bat. Baina horrek denak ez du eraginik izan zelaian. Beti bezain dotore eta sendo aritu zen, adibidez, Anoetan, Tolosaren aurka.
Louis Picamoles aurkariari nagusitu nahi izan zitzaion Bagetek. «Partida guztietan banakako helburuak jartzen ditugu. Nire helburua Picamolesen gainetik pasatzea zen», esan zuen Anoetako partidaren ondotik.
Orduan, orain zer? Baget eta Lakafia dira Top14an haien postuan ikusgarri ari diren bi jokalariak. Frantziako selekzioa, aldi berean, krisian dago. Orduan, Munduko Kopara joan daitezke? «Helburu ederra da sasoi bukaerari begira», dio Bagetek. Lakafiak ez du pentsatu ere egin nahi horretan, Miarritzeko lehen taldean egonkortzea aski zaiola zehaztuz. Adinaren eragina izanen da, seguraski; baina, argi, Lakafia Frantziako selekzioaren zerrendan sartzea ez litzateke hain harrigarria eta.
Bi estilo, postu bat
Raphael Lakafia eta Marc Baget 8 postuan nabarmentzen ari dira denboraldi honetan Miarritzen eta Baionan. Etzi lehia bizia izanen dute Anoetan, derbian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu