Markel Irizarrek (Radio Shack) estutasun handiegirik gabe eutsi zion atzo liderraren maillotari Andaluziako Itzuliko hirugarren etapan, eta bi pausora dauka balentria. Geratzen diren etapen artean, itxura batean, atzokoa zen zailena, txirrindulariek bigarren mailako mendate bat eta hirugarren mailako hiru zeuzkatelako tartean. Baina taldekideen babesean, Irizar eroso samar helmugaratu zen talde nagusian. Fran Ventosok (Movistar) irabazi zuen etapa, esprintean, Jose Lobato (Andalucia-Cajasur) eta Davide Apollonioren (Sky) aurretik. Aipagarria izan zen Pello Bilbaoren (Orbea) seigarren postua.
Euskal txirrindulariak lan ona egiten ari dira Andaluziako Itzulian, sailkapen nagusiari begiratuta hiru euskaldun ageri direlako lehen hamarren artean. Irizar liderraz gain, Beñat Intxausti (Movistar) bederatzigarren dago, hamar segundora, eta Haimar Zubeldia (Radio Shack) hamargarren, hamabira. 11. postuan, berriz, Xabier Zandio (Sky) ageri da, hamahiru segundora. Oñatiarrak segundo bakarrera dauka Jurgen Van den Broeck (Lotto).
Eta etapan bertan ere hainbat euskal txirrindulari ihes eginda ibili ziren. Xabier Zabalo (Orbea), Hector Gonzalez (KTM-Murcia), Pablo Urtasun (Euskaltel-Euskadi), Txente Garcia Acosta (Movistar), Aitor Galdos (Caja Rural)... Baina ihesaldiak kontrolpean izan zituzten Rabobankek eta Movistarrek. Laugarren etapa jokatuko da gaur, La Guardia (Jaen) eta Kordoba artean (174 km). Antolatzaile taldeko kide bat hil zen atzo, itxuraz bihotzekoak jota.
Peter Sagan, Sardinian
Peter Sagan eslovakiarrak (Liquigas) erraz irabazi zuen atzo Sardiniako Itzuliko lehen etapa, Olbia eta Porto Cervo artean, 138 kilometrokoa. 21 urte besterik ez du Saganek, baina joan den denboraldian jada erakutsi zuen etorkizuneko izarretako bat izan daitekeela. Eslovakiarrak Alessandro Ballani (BMC) eta Daniel Ossi (Liquigas) hartu zien aurrea esprintean. Bigarren etapa jokatuko da gaur, Porto Rotondo eta Nuoro artean (197,5 km).
Bi etapa falta direla, Irizarrek lider jarraitzen du Andaluzian
Fran Ventosok irabazi du hirugarren etapa, Jaenen, eta Pello Bilbao (Orbea) seigarren izan da esprintean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu