Illunben irabazitako azken bi partidek halako patxada ekarri dute Donostiara. Iraganeko zurrunbiloan itsatsita geratu da taldeak urtarrilaz geroztik egindako lan eskasa, baina iragana egoskorra da, eta Kanaria Handiko emaitzak orain dela hamar egun zegoen egoera triste bera ekar dezake taldera. Ez harritu hala gertatzea, gainera, Kanaria Handia ACB ligako plaza zailenetakoa baita. Han irabaztea onenen eskura bakarrik dago, eta lortu dutenek ere majo sufrituta lortu dute.
Hori horrela, zaila da Lagun Arok Kanaria Handian uztarik lortzea. Las Palmasko taldea titulua lortzeko kanporaketetan sartzeko borrokan murgildua dago erabat. Seigarren dira, 16-13ko balantzearekin, baina garaipen bakarrera dute bederatzigarren postua, oporrak, eta jakitun dira zortzi onenen artean sartzen badira etxean dituzten partidak irabazita sartuko direla. Kanaria Handiak jokalari garrantzitsu bat faltako du. Taurean Green joko antolatzaileak ezker oineko hatz bat hautsi du, eta bi hilabete egin beharko ditu osatzen.
Green gabe, baina Jaycee Carrollekin. Ligako saskiratzaile onena da estatubatuarra, partidako 19,7 puntu saskiratuz, eta Lagun Arok azken hilabeteetako defentsa epela egiten badu, taldea txikituko du. Aurreko jardunaldian Joventutekin egin bezala, Carrollek 35 puntu saskiratu baitzituen.
KANARIA H.-LAGUN ARO
Txapelketa. ACB ligako30. jardunaldia.
Kanaria Handia. Bellas, Alvarado, Jaycee Carroll, Spencer Nelson, Bramos, Beiran, Jim Moran, Dorovnjak, C. J. Wallace eta Xavi Rey.
Lagun Aro GBC. Salgado, Ritxi Uriz, Lander Lasa, Jimmy Baron Jr., Alfonso Sanchez, Domen Lorbek, Panko, Doblas, Miralles eta Kone.
Sailkapena. Kanaria Handia 6. postuan dago: 16-13. Lagun Aro 14. da: 10-19.
Lekua. Las Palmasko CID kantxa (5.500 ikusle).
Ordua. 18:00 (Teledeporte).
Bi garaipenek emandako poza zapuztu liteke Kanaria Handiko partidan
Lagun Arok sasoia itxuroso bukatu beste asmorik ez dauka gaur, ligako plaza zailenetakoan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu