SASKIBALOIA. ACB LIGAKO FINALA

Bi lagun txapelaren bila

Jon Rejado.
GASTEIZ
2005eko ekainaren 17a
00:00
Entzun
ntrenatzaile gehienen artean harreman ona egon ohi da, baina badaude lagun minak izatera heldu direnak. Bozidar Maljkovic eta Dusko Ivanovic dira horren adibide argietako bat, bata entrenatzailea eta bestea jokalaria zirenetik gaur egunera arte heltzen den adiskidetasuna mantendu baitute. Gaurtik aurrera, ordea, aurkariak izango dira ACBko txapela janzteko lehian. Hirugarren aldia da final batean aurrez aurre izango direla, eta, historiak ezer gutxirako balio duen arren, aurreko bietan Ivanovicek irabazi zuen.

Elkarren aurka jokatu zuten lehen finala 2000. urtean izan zen: Korac Kopa. Maljkovicen eskutik Unicaja Europako lehen finalera heldu zen, baina krisi ekonomikoak jota zegoen talde bat gailendu zitzaien: Limoges. Ivanovic zegoen Frantziako taldearen aulkian. Bigarren finala 2001-2002 denboraldiko ACBko final handian izan zen. Maljkovicek Unicajako aulkian jarraitzen zuen, eta Ivanovicek ordurako bigarren denboraldia zuen Tau Baskonian. Gertatutakoa jakina da: 0-3 irabazi zuen Gasteizko taldeak, sendotasun itzela erakutsita.Oraingoan, Maljkovic izan da aulkiz aldatu dena, eta, horretaz baliatuta, falta zaion txapela bakarrenetakoa eskuratzen saiatuko da. Bi helburu ditu begi artean: ACB Liga behingoz irabaztea eta Real Madrilen egitasmo berriaren bidea egokia dela azpimarratzea. Ivanovicek, berriz, bigarren aldiz irabaz dezake ACB Liga, baina lehenaren esanahi ezberdina izango du oraingoak: egitasmo zahar baten bukaera biribiltzea. Izan ere, Bartzelonaren ateak parez pare irekita dituela nahiko argi dago aspaldi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.