Caja Laboral Baskonia. Heurtel (11), Oleson (2), San Emeterio (6), Teletovic (22) eta Seraphin (10) —hasierako bostekoa—; Prigioni (4), Pau Ribas (4), Milko Bjelica (17) eta Nemanja Bjelica (5).
Bennet Cantu. Cinciarini (5), Markoixvili (6), Micov (14), Leunen (5) eta Shermadini (11) —hasierako bostekoa—; Lighty, Marconato (4), Basile (2), Mazzarino eta Scekic (13).
Markagailua. 26-27, 44-44 (atsedenaldian); 61-59 eta 81-69.
Epaileak. Christodolu, Zamojski eta Rutesic. Faltengatik kanporatuak: Baskoniako Nemanja Bjelica (36. min.) eta Bennett Cantuko Marconato (33. min.) eta Scekic (39. min .)
Bestelakoak. 7.953 zale Gasteizko Iradider Arenan.
Bai, baina ez. Edo ez, baina bai. Nondik begiratzen zaion. Baskoniak multzoko lider dela egingo du lo bihar Bilbo Basketek lortzen duen emaitzaren zain, baina lo lasai egingo duen edo ez, ezin jakin. Litekeena da baietz, oso gaizki hasi eta nahiko ondo bukatu zutelako arriskuan egon zen garaipena. Epel ekin ziotelako jarreraz, eta hotz jokoz, baina begiradarekin defendatuz galduta zeudela sinestu zuten uneren batean, eta lanerako jantzia jarri soinean. Orduan hautsi zuten partida, eta bigarren garaipena lortu.
Datu pare bat arabarren zabarkeria azaltzeko. 27 puntu hartu zituzten lehen zatian, eta Cantuk erraztasun handiarekin saskiratzen zuen eraso gehienetan. Baskoniaren defentsaren arrastorik ez, eta Italiako taldea ere nagikeria horrekin kutsatu samar, 26 puntu hartu zituelako. Bigarren laurdenean normaltzen joan zen egoera apur bat. 18-17 izan zen bigarren hamar minutuko partziala, baina Ivanovicek aldageletara bidean zeraman aurpegiak trumoia iragartzen zuen.
Trumoiak, tximistak eta bestelako meteoroak. Beste aurpegi batekin kantxaratu zelako Baskonia. Erakutsitako jarrera epela kolpe bakarrean atzean utzi nahiko balu bezala, 7-0ko partziala lortu zuen 51-44 aurreratzeko. Cantuk komeriak eduki zituen puntuak lortzeko lehen bi minututan, baina ondoren, 53na berdintzea lortu zuen Baskoniak defentsako errebotean dituen arazoei etekin handia aterata.
Parekatua mantendu zen markagailua, baina partida beste tankera batekoa zen ordurako. Itxiagoa, gogorragoa. Saskiratzeak garesti zeuden, eta defentsak ziren nagusi. Scekic ari zen min gehien egiten Canturi dagokionez, eta Teletovic Baskoniaren aldetik. 55na, 57na eta 59na berdindu zuten bi taldeek, eta garaipena airean norgehiagoka bukatzeko 10 minutu geratzen zirela.
Defentsa bikaina
Bi puntuko aldearekin ekin zion Baskoniak, eta azken laurdena estutzen hasi zuen. Asko gainera, Cantuk hiru puntu bakarrik saskiratu ahal izan zituelako lehen lau minututan. Kantxaren bestaldean, ordea, oso bestelakoa zen egoera. Euskal Herria astintzen duen hego haize ufadak bezain indartsu, Teletovicek aginte makila hartu eta 12 puntu saskiratu zituen jarraian. Biko bi, hiruko bi eta zaleak zutitu arazi zituen txikitze ikusgarria. 73-62 egin zuen ihes Baskoniak, eta hortxe hil zen norgehiagoka.
Saskibaloia. Euroligako A multzoa. Baskonia 81. Bennet Cantu 69
Bi laurden txar eta bi on
Begiradarekin defendatu du lehen zatian Baskoniak, eta 44 puntu jaso; baina buelta eman dio bigarrenean, eroso irabaztekoTeletovicek hautsi du norgehiagoka, azken laurdenean jarraian hamabi puntu sartuta
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu