Bi mila arrazoi

Athleticek irabazi egin nahi du gaur Santanderren, jarraitzaileek emandako babesa eskertzeko

haritz gallastegi
2007ko apirilaren 1a
00:00
Entzun


Athleticek irabazi egin nahi du gaur Santanderren, jarraitzaileek emandako babesa eskertzeko
HARITZ GALLASTEGI

Bilbo

Athleticek esnatu egin behar du. Lehenbailehen, nola edo hala. Txapelketa azken txanpan sartu, eta jaitsierako postuetatik irten ezinda dabil talde zuri-gorria. Azken hilabetean egindako jokoarekin, gainera, ez du aurrera egingo. Lehen Mailan ez dago zuri-gorriek baino okerrago jokatzen duen talderik. Ez aurrera, ez atzera ari dira. Defentsan zein erasoan ari da makal Athletic.

Egoera kezkagarria da, baina taldeak badauka denbora egoerari buelta emateko. 11 neurketa ditu aurretik horretarako; partida asko, eta arrazoi ugari. Batetik, haien ohorea eta haietako askoren kirol ibilbidea dago jokoan. Nahikoa beharko luke barruan duten guztia emateko. Ari dira, eta aurrerantzean ere emango dute, baina, norberaren egoera pertsonala nahikoa ez balitz, ingurura begiratzea besterik ez lukete egin behar. Berehala konturatuko dira zer den Athletic bizkaitar gehienentzat eta euskal herritar askorentzat. Barru-barruan daramate. Pertsona askok Athleticen inguruan antolatzen dute eguneroko bizitza. Ez dute beste ezer ere buruan; euren hitzekin eta ekintzekin erakusten dute Athleticen jarraitzaile sutsuak direla. Hamabostero betetzen dute San Mames, eta pazientzia ere soberan dute. Ia bi urtean partida txarrak eta taldea galtzen ikusi ostean, jokalariek duela hilabete entzun zituzten lehen txistuak etxean. Katedrala norgehiagoka guztietan betetzen da, eta etxetik kanpo ere sekulako babesa jasotzen ari da talde zuri-gorria: 1.500 jarraitzaile inguru joan ziren Vigora (Galizia) Celtaren eta Athleticen artekoa ikustera; Santanderrera (Espainia), Sardinerora, berriz, 2.000 zale inguru joango dira. Ligako zein taldek dauka Athleticek adina babes? Jarraitzaileei ezin zaie zer aurpegiratu. «Hau da Athletic. Munduko jarraitzailerik onenak ditugu. Gu bizitzen ari garena ahaztezina da», adierazi zuen atzo Jose Manuel Esnal Mane taldeko entrenatzaileak.



URZAIZ ZELAIAN, YESTE AULKIAN. Athleticeko entrenatzaileak ez dauka arrazoi faltarik. Ahaztezina da, bai. Ahaztezina zaleen erantzuna, eta ahaztezina zaleen sufrikarioa. Gurutze bideari berandu baino lehen amaiera emateko, ezinbestekoa izango da gaur Racingi irabaztea. Horretarako, lau aldaketa egingo ditu hasierako hamaikakoan Manek. Txartelak tarteko, partida bateko zigorra bete beharko dute Sarriegik eta Adurizek -donostiarrak Osasunaren aurka egin zuen umekeriaz inor ez oroitzea izango da onena-. Haien lekuan Luis Prietok eta Urzaizek jokatuko dute. Halaber, Murillo eta Etxeberria ere hasierako hamaikakora itzuliko dira. Donostiarrak partida bateko zigorra bete zuen azken partidan. Elgoibartarrak, berriz, Yesteren partez jokatuko du gaur. Eskuin hegalean jokatuko du, eta Javi Martinezi tokatuko zaio Urzaizi laguntza ematea. Basauriarra, hori bai, deialdian sartu du Manek. Azken bi asteotan oso gutxi entrenatu arren, ez dauka ordezkorik. Athleticen goitik behera betetzen da John Toshackek Real Madril zuzentzen zuenean esan zuena: astelehenean, jokalari guztiak aldatuko lituzke entrenatzaileak; asteazkenean, zazpi; ostegunean, bost; eta igandean, betikoek jokatzen dute. Ez dago besterik.

Jokalariei dagokienez, aurpegi berri asko egongo dira, baina joko sistema aurreko partida gehienetan erabilitakoa izango da. Manek lau defentsako atzeko lerroa zelairatuko duela, alegia. Astean bost atzelarirekin ere entrenatu du Lezaman. Joan zen denboraldian emaitza ona ekarri zion Javier Clementeri, eta balmasedarrak ez du berriz ere erabiltzea baztertu. «Athleticek erdiko atzelari asko ditu, eta aukera hori ematen du. Guk ezin dugu ezer baztertu, eta horretarako probatzen ditugu aukera guztiak entrenamenduetan», esan zuen atzo Manek.

Oraingoz, ordea, Ustaritzek aulkitik ikusi beharko ditu Zigic eta enparauak. «Racingen joko zuzena, hegaleko jokoa eta estrategia nabarmenduko nituzke bereziki. Hala ere, guk ere baditugu arma horiek», azpimarratu zuen atzo Balmasedako entrenatzaileak. Ez da, ez, memento txarra arma guztiak erakusteko. Sardineron bosgarren garaipena jarraian eskuratu eta, seguruenik, jaitsierako postuak uzteko balio dezake. Ez da gutxi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.