Bi oilar katarroarekin

Sasoi betean egon gabe ere, lidergoa jokoan izango dute iluntzean Baskoniak eta Real Madrilek Gasteizen

Andoni Urbistondo.
2010eko abenduaren 18a
00:00
Entzun
Katarroak, sukarra, hotzeria, buruko mina… Neguz jantzitako udazken bukaeraren zantzuak dira. Baskonia eta Real Madril ere kutsatu ditu, eta, ACB ligako oilar tenteenak izanda ere, urtaro honetan ohikoak diren gaixotasunen hatzaparretan erori dira. Europa hotzean barrena egindako txangoek buruko min franko eragin dizkiete biei, baina biek lortu dute Top 16 ligaxkara pasatzea. Ligan ere ondo-ondo dabiltzanik ezin esan. Hamar partida bakarrik jokatu ostean, Real Madrilek bi partidu galdu izana, eta Baskoniak hiru, ez da ba normal-normala.

Baina lidergoan daude espainiarrak, eta lidergoa lortzeko aukeran gasteiztarrak. Baskoniak gaur Buesa Arenan Real Madrili irabazten badio, sailkapen buru izango da. Hori bai, behin-behinean, bihar Bartzelonak Joventuten aurka irabazten badu kataluniarrek eskuratuko dutelako burua. Real Madril bi partida irabaztetik dator Euskal Herrira —Unicajari eta CAI Zaragozari bere etxean—. Baskonia, aldiz, azken bi norgehiagokak galduta, biak etxetik kanpo: Cajasol eta Bizkaia Bilbo Basket.

Boladen datu hori, dena den, bigarren mailakoa da Baskonia eta Real Madril aurrez aurre neurtzen direnean. Bolada txarrenean murgilduta egonda ere egoerari buelta emateko gai diren taldeak dituztelako. Komeni, halere, beste datu hau mahai gainera ekartzea. Real Madrilek Buesa Arenan jokatu dituen azken zortzi partidak galdu ditu. Ettore Messinak zuzendutako taldeak hiru denboraldi oso daramatza Gasteizen irabazi gabe, eta horrek edonoren fedea kamusten du, baita talderik indartsuenarena ere.

Pizgarri askoko partida

Begiratzen zaion leihotik begiratuta ere, pizgarri asko ditu partidak. Pablo Prigioni, Sergi Vidal eta Jorge Garbajosa datoz bisitan, eta horrek gorrotoa eta estimua eragingo ditu Buesa Arenara bertaratzen diren zaleen artean. Dema ikusgarria espero da jarduna nabarmen hobetu duen Stanko Baracen eta Real Madrileko Ante Tomicen artean. 2,17 metro dira luzean biak, eta Tomic Gasteizera etortzeko zorian egon zen gaur urte eta erdi. Zer esan Fernando San Emeterio eta Carlos Suarezen arteko demaren inguruan. Ligako hegaleko trebeenak dira, eta biak onena zein den erakusteko borroka estuan murgilduta daude sasoi honetan.

Horrela dabil Real Madril azken urteetan, azken hamarkadan. Baskoniak hainbat txapel eskuratu ditu, baina Real Madrilek liga bakarra irabazi du, eta Europan ere Lauko Finalak usaindu ere ez ditu egin. Hori, urtero sekulako dirutza inbertitu arren. Aginte-makila Messinari emanda, adibidez. Italiarra da Europako entrenatzailerik kotizatuenetako bat, Zeljko Obradovicekin batera, baina Messinarekin ere ezinean ari da Real Madril. Entrenatzaile aldaketa soilak arrakastarik ez duela ziurtatzen erakusten du horrek, taldeak urteetan bizio gaiztoak hartu dituela, eta horiek ezabatzea ez da batere erraza.

Real Madrilek bere historia lotsagarri uzteko moduko porrotak jaso ditu sasoi honetan Euroligan. Azaroaren 17an 67-49 galdu zuen Belgikako Spirou Charleroi taldearen aurka, eta herenegun Alemaniako Brose Basketen aurka ere bai makurtu zen (82-75). Real Madrilek duen izenaren arrastorik ez duten talde apalak biak.

Tamainako porrotek komunikabideen kritika franko eragin zituzten, eta kritika horiek Messina lasaia ere ernegatu, zenbaitzuk haren burua eskatu baitzuten. «Talde hau zurrunbilo txarrean sartuta dago aspaldi, eta denbora behar da zurrunbilo horretatik ateratzeko. Nahi baduzue, Phil Jacksoni deitu, eta Pepu Hernandezi. Nahi baduzue, nire emazteari ere deitu, ea berak nik lortzen ez dudana lortu zuen».

Ez da anekdota bakarra izan. Gorka Ramoneda Lagun Aro GBCko presidenteak aste honetan esan du Donostiako taldeak Madrilen jokatu zuenean, Jorge Valdano Real Madrileko zuzendaritza taldeko kideak, Jimmy Baronek hirukoak saskiratzeko zeukan erraztasuna ikusita, hau esan ziola Alberto Herrerosi, egun Real Madrileko saskibaloi alorreko kirol arduraduna denari: «Eta guk zergatik ez dugu fitxatzen horrelako jokalaririk? Merkeak eta saskiratzeko gaitasuna dutenak?» Zer esan ez zekiela geratu omen zen Herreros. Halere, kontuz Real Madrilekin. Bestalde, Pape Sowk debuta egingo du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.