Ondorio handirik ezin da atera ligako bi jardunalditan, baina zaleen artean ilusioa pizteko moduko partida egin du Realak Anoetan, Vila-Reali erraz nagusituta. Teorian, txuri-urdinek ez zuten arerio samurra, baina lehen zatia nahikoa izan dute partida erabakita uzteko. Hiru puntuak lortuta, bi partidatik bi garaipen lortu dituzte Espainiako Ligan, eta sailkapenaren goiko postuetan jarraituko dute.
4-3-3koarekin zelairatu da etxeko taldea; Elustondo eta Navas erdiko atzelari gisa, hegaletatik Kevin Rodrigues eta Alvaro Odriozola, zelai erdian Illarramendi, Zurutuza eta Xabi Prieto, eta aurrean, Juanmi, Willian Jose eta Oiartzabal. Realak Alberto de la Bella fitxatu izanagatik, Eusebio Sacristanek Kevinen aldeko apustua egin du sasoi hasieran, eta hegaletako bi atzelarien korrikaldiek sortu dituzte arrisku jokaldi nagusiak.
Joan-etorriko partida izan da lehen hogei minutuetan, eta bi taldeak gerturatu dira arerioaren areara, nahiz eta aparteko arriskurik ez duten eragin. Joan-etorri horretan heldu da Realaren lehen gola: 25. minutuan, kornerra lehen zutoinera atera, eta baloia bigarrenera luzatu du Xabi Prietok, buruz; hor zen Willian Jose, eta, lehen saioan kale eginda, bigarrenean sareratu du baloia.
Hor hasi dira Realaren minuturik gozoenak. Presioa goran eginda, baloiaren jabe egin da Reala, eta abagune nabarmenak izan ditu bigarrena sartzeko; Xabi Prietok izan du argiena; buruz buru, Andres Fernandez atezainak urrundu du kapitainaren jaurtiketa. Prietok, ordea, ez du bigarrenean barkatu; 35. minutuan, jokaldi nahasi bat baliatu du, baloia zutoin ondo-ondotik sareratzeko. Egun berezia zuen donostiarrak, 500. partida bete baititu Realarekin. 10. minutuan eskertu diote zaleek, txalo zaparrada batekin.
Atsedenaldiaren atarian eta Realaren goraldi betean heldu da hirugarren gola; Aritz Elustondok 40 metroko pasea eman dio Juanmiri, eta hark, Andres Fernandezen aurrean, baloia kontrolatu eta loratu egin du, bi ukitutan.
Bigarren zatian, Vila-Realek, golak behar bazituen ere, ez dio aparteko arazorik sortu Realeko defentsari, eta txuri-urdinek, lasaiago jokatu arren, ez diote uko egin erasora jotzeari. Eusebioren aldaketak, horren erakusle: Vela, Canales eta Agirretxe zelairatu ditu. Markagailua ez da aldatu, eta gol adina puntu eskuratu dituzte donostiarrek.