Bi talde, bi ibilbide
Argentinak ez luke arazorik izan behar Mexikori irabazi eta final-laurdenetarako txartela lortzeko
Argentinak ez luke arazorik izan behar Mexikori irabazi eta final-laurdenetarako txartela lortzeko
J. E.
Argentina eta Mexiko ariko dira elkarren aurka gaur. Beste hitzekin esanda, erregulartasuna irregulartasunaren kontra. Hori uzten dute agerian, behintzat, bi selekzioek Alemanian daramaten ibilbideek. Argentina aise sailkatu da final-zortzirenetarako, heriotzarena deitzen zioten C multzoan. Bi partida eskas behar izan zituen txartela ziurtatzeko. Estreinakoan, uste baino gehiago kostatu zitzaion Boli Kostari irabaztea (2-1). Bigarren partidan, aldiz, guztiz kontrakoa gertatu zitzaion. Serbia eta Montenegroren aurkako partida parekatua izango zela espero zen. Baina usteak ustel, argentinarrak nahierara aritu ziren, eta astindu gogorra eman zioten Serbia eta Montenegrori (6-0). Azkenik, hirugarren partidan, Herbehereen aurka, hainbestean aritu ziren, eta hutsean berdindu zuten. Partida horretan, hala ere, Jose Pekerman Argentinako hautatzaileak atseden eman zien zenbait jokalariri.
Mexiko goitik beherako txapelketa egiten ari da. Ondo hasi zen, Irani 3-1 irabazita. Baina hortik aurrera, pattal aritu da. Hutsean berdindu zuen Angolaren aurka, eta Portugalen kontra 2-1 galdu zuen, partida eskasa eginda. Horren ondorioz, erraza zirudien sailkapena zaildu zitzaion. Azkenean, Angolaren hutsei esker lortu zuen final-zortzirenetan tokia izatea. Baina mexikarrek badute urduri eta arduratuta egoteko arrazoirik. Aurkarien maila zenbat eta handiagoa izan, orduan eta hobeto jokatu dute. Horrela ezer gutxi dute egiteko, are eta gutxiago Argentinaren aurka, lehen ligaxkan bikain aritu dena.
Ustez, Argentinak egin beharko luke aurrera. Hala ere, Argentina faboritoa ote den galdetuta, Pekermanek atzo azpimarratu zuen hori esatea «gehitxo» esatea dela. Argentinako hautatzailea sinetsita dago partida «parekatua eta gogorra» izango dela. Pekermani ez zaio arrazoirik falta, bi selekziok azken urtean elkarren aurka jokatutako partiden emaitzak aintzat hartuz gero, behintzat. Izan ere, azkeneko bi partidak berdinketarekin amaitu ziren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu