Hiru eguneko egonaldia antolatu du Euskal Selekzioaren Aldeko Iritzi Taldeak (ESAIT), Frantziako Tourrean. Hilaren 17, 18 eta 19an izango dira Pirinioetan, lasterketako bi etapa ikusteko. Lehena, Peyresourden ikusiko dute —18an—, etapako azken mendatean; bigarrena, Peyragudesen—19an—, helmugan bertan. Bi mendateen bidegurutzean jarriko dute ESAIT gunea: Peyresourde gainetik hiru kilometrora, eta Peyragudesetik laura. Modu horretan, gune beretik ikusi ahal izango dira bi etapak.
Euskal Selekzioaren Aldeko XII. Txirrindulari Martxa izango da, eta «Euskal Herriaren naziotasuna eta bertako selekzioen ofizialtasuna aldarrikatzea» du helburu. Horretarako, Frantziako Tourrak duen «mundu osoko hedapena» aprobetxatu nahi dute.
Egun horietan, bi txirrindulari martxa egingo dituzte. Hilaren 18an Peyresourdera igoko dira, lasterketa handik igaroko den egunean. Hamar kilometro izango dira, Avajan herritik abiatuta, goizeko hamaiketan. Mendate «gogor samarra» dela argitu zuen Uzkudunek, eta «lasai-lasai» joango direla, martxa osoa egiteko. Hurrengo egunean egingo dute bigarren irteera, Peyragudes gainera. ESAIT gunetik abiatuko dira, eta lau kilometro inguru igoko dituzte, malda leunagoekin.
Euskal festak ere ez dira faltako. Uztailaren 17an antolatuko dute lehena, arratsaldeko seietan. Jan-edana izango da ESAIT gunean (txistorra, gazta, sagardoa, garagardoa...), euskal musikaz girotuta. Hilaren 18an, berriz, paella bat prestatuko dute Orioko zenbait lagunek, 150 pertsonarentzat. Arratsaldeko seietan izango da hori ere.
Ikusiko dituzten bi etapetan, euskal txirrindulariak animatzeko aprobetxatuko dute. Hala ere, Uzkudunek hara joango diren zaleei eskatu zien «gainerakoak ere animatzeko, errespetuz aritzeko eta txirrindulariak arriskuan ez jartzeko». Euskal txirrindulariek, baina, ez dute zorte handirik izan aurtengo Tourrean. Lau erretiratu dira jada, eta Euskaltel taldeko Samuel Sanchez ere lasterketatik kanpo dago.
Dena den, Uzkudunen ustez, horrek ez du eragingo Frantziara joango diren zale kopuruan: «Pirinioek badute beren xarma, eta zalea zain egoten da, Tourra noiz iritsiko». Gainera, ziur daude bi etapa ikusteko aukerak jendea «erakarri» egingo duela. Azken mendatea ikusiko dute bietan, eta bigarrena hantxe amaitzen da. «Lekutik mugitu gabe, gainera».
Aurreko batzuetan arazoak izan dituzte txirrindulari martxa egiteko, ez baitiete igotzen utzi. Aurten, ordea, ez dute halakorik espero: «Orduagatik, goiz igoko baikara». Peyresourde etapa amaiera ez izateak arazoak saihestuko dizkie, eta Peyragudesen badute irtenbiderik: «Hiru igoera ditu; arazorik izatekotan, beste bat hartuko dugu».
Hara joan nahi duen jendearentzat, autobusak antolatu dituzte ESAITek eta Oñatiko Lizarralde Kirolak-ek. «Oñatin bi autobus bete dira jada». Kanpatzeko aukeraren inguruan, bestalde, ziurtatu zuten eremua ikuskatu dutela eta «Tourmalet baino zabalagoa» dela.
Txirrindularitza. Frantziako Tourra
Bi txirrindulari martxa eta euskal festak egingo ditu ESAITek Tourrean
Hiru eguneko egonaldia egingo du Pirinioetan, Frantziako lasterketako bi etapa ikusi eta euskal selekzioen alde egiteko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu