Bi urteko zigorra

2010eko Tourrean eman zuen positiboaren erruz lehiatik kanpo egongo da Contador, aurtengo abuztuaren 6ra arte

jon eskudero
Donostia
2012ko otsailaren 7a
00:00
Entzun
Kirola Arbitratzeko Epaitegiak (TAS) bi urteko zigorra jarri zion atzo Alberto Contador txirrindulariari (Madril, Espainia, 1982),2010eko Frantziako Tourrean klenbuterolarekin positibo emateagatik. Hala, bertan lorturikotitulua eta iazko Italiako Giroa kendu dizkio epaitegiak. Ia 2,5 milioi euroko kalte-ordainak ere izango ditu espainiarrak, eta aurtengo abuztuaren 6ra arte ezingo du korritu. Beraz, Frantziako Tourrean eta Londresko Olinpiar Jokoetan ez du parte hartuko.

2010eko uztailaren 21ean eginiko analisietan eman zuen positiboa, artean Astanako txirrindularia zela. Momentu horretan lider zegoen, baina albistearen berri irailaren bukaeran zabaldu zuten. 50 pikogramo klenbuterol antzeman zizkioten gernuan, eta Contadorren arabera, haragi xerra kutsatu bat jateak eragin zion. Taldeko sukaldariak Irunen (Gipuzkoa) erositako haragiak, hain zuzen ere. Horixe izan du euskarri bakarra madrildarrak. UCIk eta Dopinaren Aurkako Munduko Agentziak (WADA) txosten bat aurkeztu zioten TASi, eta hark arrazoi eman die. Ulrich Haas alemaniarrak, Quentin Byrne-Sutton suitzarrak eta Efraim Barak israeldarrak osatzen dute TASeko epaimahaia.

Aurkezturiko txostenean adierazten denez, ez daukate froga argirik Contadorren aurka, baina ez dute sinesten positiboa haragi xerrarengatik izan zenik. Dokumentuaren arabera, ziurtzat jo daiteke odol transfusioa egin zuela txirrindulariak, edo, bestela, nutriziozko osagarri kutsagarriren bat jan zuela. Gaineratu dute Espainian ez dela sekula arazorik izan haragi kutsatuarekin. Uste horretatik abiatuta ipini dute zigorra. Errugabea dela frogatu ez duelako jo dute errudun Contador.

Ganadua gizentzeko erabili ohi da klenbuterola, eta gizakietan baita errendimendua hobetzeko ere. Antza denez, arnasketa arloan asko laguntzen du. Nolanahi ere, aurkitutako kopurua oso zela txikia aitortu zuen UCIk bere garaian, eta ikerketa sakona egin behar zela benetan dopatu egin zen edo ez ebazteko. Zehazki, 50 pikogramo klenbuterol antzeman zituzten Contadorren gernuan —0,00000000005 gramo mililitro bakoitzeko —.

Ikerketak luze jo du. Eta kasuak, zer esanik ez. Denetariko egoerak bizi behar izan ditu Contadorrek. Laburbilduz, Espainiako Federazioak zigortzeko proposamena egin zuen lehenik; bera aurka agertu zen, eta korritzen utzi zioten gero. Hori ikusita, WADA eta UCI izan ziren helegitea ipini zutenak, erabakia TASen eskuetan utziz. Azkenean, zigortzea erabaki duten arte. Ia denbora horretan guztian lehiatzen aritu da espainiarra, baina zigor moduan kontatuko zaio. Gainontzeko kasuetan ez da halakorik ezagutu —Valverden eta Astarlozaren kasuetan, besteak beste—.

2011ko urtarrilaren 25etik kontatzen hasi eta bi urterainokoa ezarri diote lehiatzeko debekua. Ordea, kontuan eduki behar da 2010eko Tourraren ondoren bost hilabete eman zituela errepideetatik kanpo. Ondorioz, aurtengo abuztuan itzuli ahal izango da lehiara. Klenbuterolaren ondorioz zigortzen duten lehenengo kirolaria izango da Contador.

WADA: «Justizia egin da»

Erabakia jakitera eman berritan asko eta askotarikoak izan ziren erreakzioak. John Fahey WADAko zuzendariaren esanetan ez da inolako okerrik egon erabakian: «Azkenean justizia egin da. TASek hartutako epaia zuzena da, eta horrek erakusten du WADAren efikazia. Alegia, gauzak ongi egin ditugula». Hori entzunda, iritzi asko entzun behar izan zituen kontra.

Contadorrek 30 eguneko epea dauka orain helegitea aurkezteko, Suitzako Epaitegi Arruntean —bertan baitago TASen eraikina—. Horixe litzateke konponbide bakarra espainiarrarentzat. Lehenik, prentsaurrekoa eskainiko du gaur bere jaioterrian (Pinton), Bjarne Riis Saxo Bankeko zuzendaria alboan duela, 19:30ean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.