Pablo Lasok kontratua 2013ko ekaina arte luzatzea adostu du Lagun Arorekin. Berria ez da ustekabekoa, jakina zelako klubeko zuzendaritza gustura dagoela gasteiztarra egiten ari den lanarekin. Taldea ACB mailan mantentzeko eskatu zioten sasoi hasieran, eta oraingoz erronka hori guztiz gauzatu ez badu ere, Lagun Arok ez du maila jaisteko arriskurik. Berriak baino gehiago, berri hori jakinarazteko uneak eragiten du zalantza apur bat. Izan ere, eskas ari da oso Lagun Aro aurten, jokatutako hamalau partidetatik hamabi galduta. Azken laurak ere errenkadan galdu ditu, eta hurrengo partidak ere ez dira samurrak: Valentzia eta Alacant etxetik urrun, eta Kanaria Handia etxean.
Lasok bere lana bete duela ezin da ukatu, baina bai taldea espero baino okerrago ari dela. Komeriak izango dute aurreko denboraldiko hamahiru garaipenak lortzeko, eta bolada txarrean murgilduta segitzen badu, litekeena da 16. postuan bukatzea liga erregularra. Illunben ere banatuta daude zaleak, eta zaila da esaten Lasok aldeko edo kontrako zale gehiago dituen. Zuzendaritzak, baina, ez du giro nahasi hori aintzat hartu nahi izan, eta Lasoren kirol merituak hartu ditu aintzat. Kirol meritu horiek —alegia, mailari eustea— nahiko diren edo ez eztabaidatzeko modukoa litzateke.
Bi urterako berritu du kontratua Pablo Lasok
Atzo jakinarazi zuen akordioa klubak, eta gasteiztarrak bost urte egingo ditu Donostian, kontratua betetzen badu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu