Bi urteren ondoren

Fernando Alonsok lortu du 'pole'-a Hungariako Sari Nagusian, bi urtez halakorik egin gabe egon eta gero

Laurentzi Garmendia
Donostia
2009ko uztailaren 26a
00:00
Entzun
Arraroa izan zen atzoko sailkapen saioa, eta, zoritxarrez, beldurgarria. Fernando Alonso izan zen azkarrena, arriskatzea erabaki zutelako. Autoak bi lasterketa daramatza abiadura seinaleak ematen, baina espainiarrak onartu zuen ez daudela irabazteko moduan, arin aterako baitira. Alboan Vettel izango du, eta atzean, Webber. Button liderra zortzigarren aterako da, oraingoan aitzakiarik gabe.

Azken lasterketetan, Brawn autoak lehen postuetatik urruntzen ari dira. Turkian irabazi zuten azkeneko aldiz, baina lasterketa haren ondoren izan diren bietan Red Bull nagusi izan da. Gainera, Button podiumetik urrun geratu da Britainia Handiko eta Alemaniako sari nagusietan. Tenperaturari egotzi zioten errua, baina atzo, Budapesten, pista 43 gradutan zen, eta baldintza horietan irabazi izan du Brawnek.

Atzo auto asko sartu ziren Buttonen eta Red Bullen artean. Barrichello bera ez zen sailkatu lehen hamarren artean, urtean lehen aldiz. McLarenek bi gidariak ditu hor, laugarren Hamilton eta seigarren Kovalainen. Zirkuitoaren ezaugarriek igo dute zilarrezko autoen taldea horraino, Hungaroringek ez baitu aerodinamika ona eskatzen aurrean ibiltzeko. Aldiz, ezaugarri mekanikoak beharrezkoak dira, eta hor McLaren nahiz Williams nabarmendu dira historian. Irteeran KERSa duenez, Hamiltonek lehen bihurgunea bizituko du.

Buttonek kezkatuta behar luke, aurretik jende asko duelako; beste zirkuito batean horiek aurreratzeko aukera izango zuen, baina Budapest, Danubioko Monako da. Ez dago aurreratzerik, eta are gutxiago KERSik gabe. Izan ere, Ferrarik eta McLarenek bakarrik mantentzen dute KERSa, eta haietako gehienak aurretik ditu ingelesak. Puntu asko gal ditzake Hungarian Buttonek, eta oraindik hogeita bat puntuko aldea badu ere, gaur arratsaldean burumakur atera daiteke.

Alonsok aukera gutxi du lasterketa irabazteko, berak onartu bezala arin irtetea erabaki baitute: «Ohi bezala autoa astun kargatu izan bagenu, zortzigarren edo bederatzigarren egongo ginateke. Baina arin atera nahi genuen, eta polea lortu. Helburua ez da irabaztea, alboko hauek -Red Bull gidariak- azkarragoak baitira; puntu batzuk lortu nahi ditugu, gutxi bildu baititugu».

Irteerak erabakiko du lasterketa, eta lehen geldialdiek. Litekeena da Alonso buruan mantentzea ordura arte, baina Red Bull autoek horren ondoren agintea hartuko dute seguruenik. Vettelek eta Webberek elkarren aurka lehiatzeko baimena dute, eta horrek behintzat zeresana emango du. Podiumerako Rosberg eta Hamilton ere kontuan hartu behar dira, sendo aritu baitira asteburu osoan. Raikkonen ere maisu da Hungarian, baina oso atzean aterako da, zazpigarren. Aipatzekoa kronometraia sistemak izan zuen hutsa, azken saioa bukatzean gidariek ez baitzekiten zein postuan ziren; bere denbora soilik zekiten, eta besteei galdezka aritu ziren, denborak alderatzeko.

Massaren istripu harrigarria

Eguneko albiste iluna Felipe Massaren istripua izan zen. Oso arraroa da auto batek esekiduraren malgukia galtzea, baina Rubens Barrichelloren autoari hirugarren bihurgunetik ateratzean gertatu zitzaion. Malgukia aske geratu zen, jauzika, eta handik segundu batzuetara, Felipe Massa ziztu bizian pasatu zenean, bete-betean jo zuen buruan. Brasildarrak ez du lasterketan parte hartuko, zauriak baititu aurpegian, masail hezurrean eta garezurrean. Ebakuntza egin zioten begiaren gaineko hezurrean. Gidaria onik bada ere, autoan G sensorearen argia piztu zen, istripua bortitza izan zela adierazteko. Aurreko astean Henry Surtees gaztea hil zen Brands Hatch zirkuitoan aurkari baten gurpil aske batek buruan jota, eta Massaren istripuak kezka eta beldurra eragin zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.