ESKUBALOIA. ASOBAL LIGA

Bidasoa Europara itzul daiteke gaur, lau denboraldi geroago

Irundarrek derrigorrez irabazi behar diote Cangasi Artalekun (18:30)

Julen Etxeberria.
DONOSTIA
2005eko maiatzaren 21a
00:00
Entzun
Partida bakarra falta da Asobal Liga amaitzeko, eta Bidasoak eskura du EHF Koparako sailkatzea. Trantsizioko denboraldia izan behar zuena, denboraldi bikaina izatekotan da. Nork esango zuen. Orain hilabete jaitsieratik puntu eskas batera zeuden irundarrak, urduri, aurreko sasoietako larritasunak errepikatzeko beldur. Baina azken bost partidetan gora egin dute irundarrek: lau partida irabazi dituzte (Alcobendas, Teka, Arrate eta Almeriaren aurka) eta bakarra galdu (Valladoliden aurka). Hala, sailkapeneko azpialdetik goialdera egin dute salto.

Bidasoak gaur egin nahi du azkeneko urratsa, goia jo. EHF Koparako eta Espainiako Koparako sailkapena dago jokoan. Hiru denboraldi joan dira Bidasoak Espainiako Kopa azken aldiz jokatu zuenetik, eta lau denboraldi Europako lehiaketetan parte hartu zuenetik. Cangasi gaur Artalekun irabaziz gero, bi txapelketa horietan aritzeko txartela lortuko luke, eta bide batez, azken lau sasoietako sailkapen onena egingo luke: zazpigarren. Ez da ez sari makala.

Estatistikak alde

Estatistikei erreparatuta, Bidasoak du aukera gehien Europarako sailkatzeko. Hamar aldiz jokatu dute irundarrek Artalekun Cangansen aurka: zazpi aldiz irabazi dute etxekoek, behin galiziarrek eta bitan berdinketan amaitu da partida. Joan zen denboraldian astindu ederra eman zion Bidasoak: 33-20. Sasoi honetan ere irundarrentzat izan da garaipena: 25-27 irabazi zuten Cangasen. Bidasoak, halere, ez du lan erraza izango. Galiziako taldea sasoiko dago (hiru partida daramatza galdu gabe), klubaren inoizko sailkapen onena lortzeko prest.

Irungo taldea ez da bakarrik izango, Artalekuko pabiloia mukuru beteko baita azken urteetako partida garrantzitsuena ikusteko. Bidasoako zuzendaritzak hainbat neurri hartu ditu pabiloia betetzeko eta giro polita sortzeko. Hala, hori eta urdin koloreko 2.000 puxika banatuko dituzte, eta bazkide bakoitzak sarrera bat izango du doan. Partida, halaber, Gurutz Aginagalderi agur esateko aukera bikaina izango da. Atezain irundarra Logroñora doa, Bidasoan 18 urte egin ondoren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.