ESKUBALOIA. ASOBAL LIGA

Bidasoak Teucro hartuko du Artalekun

Irungo taldea da faborito, ez dute partidarik galdu etxean, eta galiziarrek ez dute irabazi etxetik kanpo

Erredakzioa
DONOSTIA
2004ko urriaren 9a
00:00
Entzun
Bidasoak Teucro hartuko du gaur Artalekun (18:30), Asobal Ligako bosgarren jardunaldian. Irungo taldea sailkapeneko erdiko postuetan dago, hiru punturekin. Lau partida jokatu ditu: garaipen bat (Granollers, etxean), berdinketa bat (Torrevella, etxean) eta bi porrot (Bartzelona eta Portland, etxetik kanpo). Ez dira estatistika txarrak, ezta txapela kentzeko modukoak ere. Espero zena, besterik ez. Teucro antzeko dabil. Pontevedrako (Galizia) taldea 11. postuan da, Bidasoak baino puntu bat gutxiagorekin. Partida bakarra irabazi du: Alcobendasen aurka, etxean, bigarren jardunaldian. Beste hiru partidak galdu egin ditu, aurkari indartsuen kontra hori bai: Ademar eta Valladolid etxetik kanpo, eta Teka etxean. Hala, aurreikuspenak betetzen badira, Bidasoak eskuratu beharko luke garaipena, baina hori gaur ikusiko da, Artalekuko pistan.

Julian Ruiz Bidasoako entrenatzaileak hutsune bakarra du gaurko partidarako: Rok Praznik, erdiko eta ezker alboko esloveniarrari ez baitzaio oraindik sendatu irailaren 25ean egin zuen zuntz-haustura. Ruizek, hala ere, albiste ona jaso du astean zehar, Ivan Stankovic eskuin alboko serbiarra jokatzeko moduan baitago.

Akaba Bera Bera-Ro'Casa ABF Superligan (19:00)

ABF Superligan, berriz, Akaba Bera Berak Ro'Casa hartuko du etxean, Ligako laugarren jardunaldian. Donostiako taldeak ez zuen ondo hasi txapelketa, lehen bi partidak galdu baitzituen, baina badirudi poliki-poliki gorantz doala. Azken jardunaldian garaipen erraza lortu zuen Leonen (20-30), eta gaur bide horri eutsi nahi dio. Kanariarrek okerrago hasi dute Liga: bi partida jokatu dituzte eta biak galdu, Ferrobus eta Mar Sagunten aurka.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.