Golak: 1-0: Raul Garciak (53. min.);2-0: Raul Garciak (69. min.). Epailea: Velasco Carballo. Txartel gorriak Espanyoleko Coutinhori (54. min.) eta Forlini (81. min.). Txartel horiak Osasunako Raul Garciari, Cejudori, Damiari eta Puñali; eta Espanyoleko Baenari, Lopezi, Morenori eta Gomezi. Bestelakoak: 13.500 ikusle inguru Reyno De Navarra zelaian.
Real Madrilen eta Rayo Vallecanoren aurka jasotako jipoien ondoren beharrezkoa zuen Osasunak berriz ere ohiko sendotasuna erakustea, eta Espanyolen aurka gorritxoen bertsiorik onena ikusi zen atzo, berriz ere, Reyno de Navarran. Raul Garciaren bi gol zoragarriri esker hiru puntuak eskuratu zituzten, eta lortutako puntuekin sailkapeneko postu gozoenetan jarraituko dute nafarrek. Europako Ligako postuetan, alegia. Seigarren dira Jose Luis Mendilibarren jokalariak, eta gaur Atletico Madrilek, Sevillak, Athleticek zein atzetik gertu dituen beste taldeek kale egitea nahikoa da ametsak egia bidean egoteko.
Iragan asteburuan Vallecasen taldeak erakutsitako maila eskasa ikusita, Mendilibarrek aldaketak egiteko beldurrik ez zuen izan, eta guztira bost egin zituen hasierako hamaikakoan. Marc Bertranek, Lolok, Raoul Loek, Cejudok eta Roland Lamah-k hasieratik jokatzeko aukera izan zuten. Raitala, Roversio, Nekunam, Annunziata eta Lekic geratu ziren aulkian. Jokalari aldaketa baino garrantzitsuagoa izan zen, ordea, jarrera aldaketa. Lehen minutuetan kosta egin zitzaien nafarrei partidaren jabe egitea, eta laugarren minutuan Javi Lopezen erdiraketa batean gutxigatik ez zuten gola lortu kataluniarrek.
Coutinhok eta Uchek elkarri traba egin zioten eta aurrelari nigeriarrak ezkerrez langaren gainetik bidali zuen baloia. Aukera horretan izan ezik, Osasunako atzelariek ondo lotu zituzten Espanyoleko aurrelariak, dena dela. Eta pixkanaka-pixkanaka baloiaren jabetza bereganatzea lortu zuen etxeko taldeak, Casilla atezaina lanean jartzerik lortzen ez zuten arren.
Ohi bezala, geldikako jokaldietan izan zituen aukera onenak Osasunak, lehen zatian. Hogeita laugarren minutuan Patxi Puñalek ezker hegaletik jokoan jarritako falta jaurtiketa batean Raul Garciak zutoinera bidali zuen baloia. Minutu bat geroago, eskuin hegaletik berriz erdiraketa dotorea egin zuen Osasunako kapitainak, eta beste behin Raul Garciak Espanyoleko atzelariei aurre hartu zien, nahiz eta bere burukada harmailetara bidali. Bakar-bakarrik iritsi zen Garcia errematera, eroso, baina ez zuen burua behar bezala sartu. Ninok ere izan zuen bere aukera atsedenaldiaren aurretik, baina geldiketa bakar bat egin gabe hartu zuen aldageletarako bidea Espanyoleko atezainak.
Raul Garciaren erakustaldia
Atsedenaldiaren ondotik Raul Garciaren erakustaldia iritsi zen, ordea. Lehen zatian goletik gertu ibili zen, eta bigarrenean bete-betean asmatu zuen. Bederatzigarren minutuan Puñalek arean jarritako falta jaurtiketaren aldaratzea Lolok eskuratu zuen, eta bere erdiraketa ezkerrez saretara bidali zuen boleaz Zizurrekoak. Gol dotorea, Raul Garciaren denboraldiko zortzigarrena. Markagailuan aurretik jarri orduko, gainera, Coutinhok bigarren txartel horia ikusi zuen, eta jokalari bat gutxiagorekin Espanyolek ezin izan zuen ezer egin.
Raul Garciak ez zuen nahikoa, dena den. Eta lehen gola eta ordu laurdenera aurrekoa baino gol dotoreagoa egin zuen. Eskuinetik Bertranek emandako baloia area barruan dotore kontrolatu, eta atera begiratu ere egin gabe Casilla atezainaren gainetik dotore loratu zuen. Jokalari gutxiren baitan dagoen errematea izan zen, eta noski, Raul Garciaren sasoiko bederatzigarren gola. Atletico Madrilen ez zuen arrakastarik izan, baina etxera itzulita bere mailarik onena ematen ari da berriz erdilari nafarra, eta Osasuna ederki ari da eskertzen bere ekarpena. Pena bakarra, sasoi amaieran berriz Madril aldera joan behar duela.
Aldaketak egin zituen Pochettinok bere taldea suspertu asmoz, baina berandu zen ezertarako, eta Velasco Carballo epaileak Forlin ere egotzi egin zuenean argi geratu zen puntuak Iruñean geratuko zirela. Ninok eta Raul Garciak aldea areagotzeko aukera bana izan zuten, baina 2-0koarekin amaitu zen norgehiagoka. Datorren asteburuan Betisi irabazteko gai izanez gero, gertu ikusiko dute Europa Ligako ametsa nafarrek. Hori da asmoa.
OSASUNA 2. ESPANYOL 0
Bide onean berriz ere
Ligako azken bi porroten ostean, Osasunak ongi jokatu eta Espanyol eroso garaitu du, Raul Garciak eginiko bi gol dotoreei eskerSeigarren postuan jarraituko dute nafarrek, eta atzekoekiko aldea areagotu dezakete
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu