Bide zuzenetik doa Raikkonen

Gidari finlandiarrak 'pole'-a lortu du Hungaroringeko zirkuitu zailean. Schumacher atzetik hasiko da

Igor Susaeta.
DONOSTIA
2006ko abuztuaren 6a
00:00
Entzun
Kimmi Raikkonen (McLaren) aurreneko tokian aterako da gaur Hungariako Sari Nagusian, 1 Formulako Munduko Txapelketako 13. proba puntuagarrian. Gidari finlandiarra izan zen azkarrena, atzo, Hungaroringeko barrutian egindako entrenamendu ofizialetan. Haren atzetik Felipe Massa (Ferrari) sailkatu zen. Finlandiarrak iaz lortutako garaipena errepikatzeko aukera asko ditu, Hungaroringeko zirkuituan aurreratzea zaila baita oso.

Michael Schumacher (Ferrari), berriz, 11. tokian aterako da, FIA Nazioarteko Automobilismo Federazioak bi segundoko zigorra jarri diolako. Gidari alemaniarrak bi auto aurreratu zituen entrenamendu libreen hirugarren saioan, epaileak bandera gorria atera zuenean. Jenson Buttoni (Honda) bere autoaren motorra erre zitzaiolako atera zuen epaileak bandera gorria. Button ere hamar postu atzerago aterako da, arazo horrengatik motorra aldatu behar izan baitzuen.

Munduko Txapelketako lider Fernando Alonsok ere atzetik ekingo dio lasterketari. Izan ere, espainiarrari bi segundoko zigorra jarri zion herenegun FIAk, Robert Doornbos gidariarekin izandako liskarrengatik. Gainera, bandera horiarekin beste gidari bat aurreratu zuen.

Estu-estu dago Munduko Txapelketako sailkapen nagusia. Izan ere, Michael Schumacherrek azkeneko hiru sari nagusiak irabazi ditu, eta estu hartu du Alonso. 11 puntura du gidari espainiarra. Dena den, Renault taldeko zuzendari Flavio Briatoreren esanetan, «Schumacherrek Alonso baino presio handiagoa du, dirudienez. Halere, denak Alonsori presioa sartzeko ahaleginetan dabiltza».

Hungaroringen, baina, Schumacherrek lanak edukiko ditu aldea txikitzeko. Izan ere, barruti oso deserosoa da Hungariakoa. Estua, zikina eta motela. Gainera, bihurguneak oso txikiak dira eta autoek asko galgatu behar izaten dute. Gidarien beraien esanetan, helmugako zuzengunean soilik aurrera daiteke. Dena dela, autoek ordu 290 kilometro orduko abidura har dezakete bakarrik.

'POLE'-A, ERABAKIGARRIA. Entrenamendu ofizialetan muturrean ibiltzea ezinbestekoa da Hungaroringeko barrutian, gero lasterketan aurrean ibili ahal izateko. Gidariek beraiek esaten dute ia ezinezkoa dela aurreratzea. Ez zaie, ez, arrazoirik falta.

1988an jokatu zen estreinakoz Munduko Txapelketako lasterketa bat Hungaroringen. Orduz geroztik, entrenamendu ofizialetan aurreneko hiru tokietan sailkatu direnak izan dira garaileak. Bi dira, halere, salbuespenak. Izan ere, Kimi Raikkonen laugarren tokian atera zen, baina lasterketa irabazteko gai izan zen. Aurten ere bera da faborito.

Arraroagoa izan zen, ordea, 1989an gertatutakoa: Nigel Mansell gidari britaniarra ez zen batere ondo moldatu entrenamendu ofizialetan. Horregatik, 13. tokitikekin zioen lasterketari. Baina 1992ko munduko txapeldunak sekulako erakustaldia eman eta proba irabazi zuen.

Orduz geroztik, baina, 17 urte igaro dira. Esan bezala, entrenamendu ofizialetan muturrean ibili diren gidariek lortu dute garaipena Hungaroringen. Iaz Raikkonen nagusitu zen. 2004an eta 2001ean, berriz, Schumacherrek irabazi zuen. 1999an eta 2000n Hakkinen izan zen garaile. 2003an bere ibilbideko lehen garaipena lortu zuen bertan Fernando Alonsok.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.