Bidean aurrera

Aurreko sasoian baino nota hobea ateratzea ezinbesteko zuen Realak Montanierren egitasmoak etenik izan ez zezanFrantziarrak helburua bete du, eta etorkizun handiko multzoa moldatzen jarraituko du

Philippe Montanier, jokalariei azalpenak ematen, Realak denboraldi honetan Zubietan egindako entrenamendu saio batean. ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS.
Donostia
2012ko maiatzaren 19a
00:00
Entzun
Realak egindako lanak gorabeherak izan dituen heinean, hainbat iritzi daude emaitza jartzean. Kontu garrantzitsu bat, ordea, ezin liteke eztabaida iturri bihurtu: denboraldi hasierako helburu nagusia bete duela. Lasai antzean, gainera, eta horrek ez dauka meritu makala, azken bost urteetan Bigarren Mailatik Lehen Mailara jauzia egin duten hamabost taldeetatik zortzik kontrako norabidea hartu dutelako handik gutxira. Plangintzarik osatu ezean iraute hutsarekin konformatzen direnen patua da. Sportingi gertatu zaio, esaterako. Igo ondorengo laugarren aldian erori baita. Beraz, Lehen Mailan finkatu ahal izateko, ez da nahikoa, funtsezko baldintza izanagatik, mailari eustea. Multzo sendo bat osatu behar dago, pausoz pauso, koskak igotzeko gaitasuna izango duena. Horretan dihardute txuri-urdinek serio.

1. Sustraiak botatzen

Sasoi honetako ahaleginak aintzat hartzeko moduko datu bat utzi du beste guztien gainetik: sufrikariorik gabe eutsi dio mailari, hiru jardunaldiren faltan etxeko lanak eginak zituelako. Txikikeria badirudi ere, ez da izan txuri-urdinen legea aspalditxoan, 1999. urteaz geroztik bi alditan baino ez du-eta halakorik eskuratu. Bata, 2002-2003ko sasoi ahaztezin hartan. Bestea, handik bi urtera, Jose Mari Amorrortu gidari izan zuen lehen denboraldian. Gainontzeko zazpi parte hartzeetan azken-aurreneko edo azken jardunaldi arte itxaron behar izan du, kirioak dantzan. Horregatik izan ditu hainbeste entrenatzaile —hamabost ezegonkortasunen aroan—, Zubietari bizkar emanez, eltzetxoan zuena eta ez zuena xahutuz erdipurdiko futbolariekin kluba zorpetuz. Iparra galtzearen ondorio garbia izan zen. Badago beste estatistika argigarri bat. Puska horretan, Real Madril, Bartzelona, Athletic, Valentzia, Espanyol eta Mallorca izan dira Lehen Mailan iraun duten bakarrak. Lehiakorra izateak denbora eskatzen du, hortaz. Aurrena oinarri sendoak jarri behar dira derrigorrean, eta behin hori eginda, norberaren ahalmenaren araberako helburuak jarri.

2. Bolada gaiztoa

Molinonen irabazita txapelketari ederki asko ekin eta gero, etxean Granada eta Bartzelonaren aurka lau puntu aterata eta Sevillaren zelaian galduta, gauzak okertzen hasi ziren. Mallorcaren eta batez ere Athleticen aurkako porrotek berebiziko pitzadura eragin zuen futbolarien konfiantzan. Hala, Zaragozaren eta Rayo Vallecanoren kontrako hondamendiak etorri ziren denbora tarte txikian. Lehiakortasun zantzuak erakutsi ez zituzten arratsalde ilun bakarrenetarikoak dira. Ingurua aztoratu egin zen, Philippe Montanierren ahalmena ezbaian jartzeraino. Betisi eta Malagari segidan irabazteak itzali zuen suterik biziena, baina hortik ateratako kea ez zen guztiz desagertu.

3. Mugarria

Betisen eta Malagaren aurkako garaipenek nora eza bideratzeko arrastoak eman zizkieten entrenatzaile taldeari eta jokalari multzoari. Horiei jarraituz, Montanierren egokitzapen fasea igaro eta gero, hazkundearen bidean sartu ziren txuri-urdinak. Elustondo-Aranburu-Zurutuza hirukoaren lanak beharrezko oreka eman zion taldeari. Harrezkero, kokatuago egon da zelaian, egokiago. Horrek ekarri du Vela, Griezmann eta Xabi Prietoren pizkundea. Bigarren itzuliko zortzigarren taldea izan da, 26 punturekin.

4. Anoetan sendo

Lehengo lepotik izan du burua Realak Anoetan. Funtsezkoa izan da helburua lortzeko. 33 puntu aterata, lehen zazpi sailkatuek baino ez dute estatistika hori gainditzen. Anoetako jarraitzaileek, gainera, aspaldiko garaipenik errazenak ikusi dituzte: 5-1 Sportingi, 4-0 Rayori, 3-0 Zaragoza eta Racingi... Azken hiru urteetako batez bestekoaren arabera, neurketen ia bi herenak irabazi ditu Realak, eta horrek sekulako balioa du jokalarien konfiantza handitzeko. Bazkide kopuruak eutsi egin dio, eta babesa erabatekoa izan arren, entrenatzaileari kargua hartu diote hainbatek, eta txistu hotsak iaz baino ozenagoak izan dira.

5. Kanpoan,gorabeheratsu

Lehiakorra izatearen eta ez izatearen adibiderik gardenenak Anoetatik urrun topatuko dituzte futbolariek. Nola liteke Rosaledan, Calderonen, Cornellan edo Mestallan puntuak lortu dituen talde batek horren itxura ahula eman izana Romaredan, Vallecasen eta Los Carmenesen? Azterketarik latzenak gainditu eta samurragoetan kale. Etxetik kanpoko hiru garaipenak lehen itzulian lortu zituen, eta bigarrenean, hiru berdinketa baino ez. Soilik azken laurak aritu dira baldarrago. Iaz baino hamar gol gutxiago sartu dizkioten arren, gauzak hobeto egin behar dira puntu gehiago batzeko. Batez ere defentsan sendotasun handiagoa erakutsi eta txartel gorri inozoak saihestu.

6. Montanier

Martin Lasarteren aldeko jarrera hedatuagatik eta bere fitxaketarekin sortutako aurreikuspen neurriz kanpokoek mesede egin ez badiote ere, nekez uka liteke Montanierrek emaitza ona lortu duela. Taldearen jokoak hobera egin du, eta une batzuetan jokaldi txundigarriak josi ditu. Estiloa kutsatu dio, azken finean. Emankorra izan da harrobiko gazteekin egindako lana ere. Illarramendi, Martinez, Cadamuro eta Ruben Pardori benetako aukera emateaz gain, Mikel Gonzalezek, Estradak, Agirretxek, Zurutuzak eta Elustondok aurrerapauso nabarmena eman dute. Hobetzeko tarte handia duenez jokalari multzoak, bizitasun eta oldarkortasun handiagoz aritzeko gai direla erakutsi behar dute hurrengo denboraldian eta baloirik gabeko lana zorroztu.

7. Fitxaketak,bale eta kale

Mutur batetik besterako bidea egin liteke Vela eta Marigaren ekarpenak aztertuz. Mexikarrak nabarmen gainditzen du Zubietan dagoen maila. Hamabi gol sartu ditu, eta goleko sei pase eman. Aurrelari erabakigarri baten zenbakiak direnez, bera fitxatzea da klubak jarritako lehentasunetako bat. Marigarekin, aldiz, hitzak sobran daude. Egungo kirol zuzendaritzaren porrot handienetariko bat izan da. Betiko ekuazioaren aurrean daude orain, sinple bezain zaila. Fitxaketetan zenbat eta gehiago asmatu, orduan eta errazago gaindituko ditu Realak sasoi honetako 47 puntuak.

8. Aranbururen agurra

Anoetak eman duen futbolaririk garrantzitsuenak kito esan ostean, hutsune horri aurre egitea izango da kirol ordezkarien erronka nagusietako bat. Ez da ahaztu behar Mikel Aranburuk 2.000 minututik gora jokatu dituela sasoi honetan. Modurik naturalenean gauzatu behar da ordezkapena. Aranburuk uzteko arrazoietako bat horixe da, hain zuzen. Pardok, Elustondok eta Markelek izan beharko lukete zeresana.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.