arta batek 10 zati baditu, bi puska Euskal Herriko Itzuliak jango lituzke. Tourrak beste bi. Beste bat Euskal Bizikletak. Seigarrena Donostiako Klasikoak eta beste bi Giroak eta Vueltak. Geratzen diren beste bi zatiak klasiko ezagunenek, aste bateko itzuli batzuek eta Euskal Herrian jokatzen diren beste probek jango lituzkete.
Klasiko ezagunenak goseak akabatuko lirateke Euskal Herrian, banaketa bitxi hori aintzat hartuta. Merezi baino askoz oihartzun apalagoa dute, itzuli txiki edo handiek adinako erakargarritasuna badute ere. Euskal Herrian txirrindulari profesionalen gehiengoak klasiko handiak ezagutu ere ez ditu egiten, eta korritzen dituenean, komeriak izaten dituzte bukatzeko. Itzuli handietara bideratzen da euren prestakuntza, eta egun bateko probak zokoratuta dituzte. Zaleriak ere antzeko joera du, ulergarria guztiz. Gustukoen dituen txirrindulariak itzuli handietan ahalegintzen dira, batez ere. Hitzordu berak dituzte maiteen zale gehienek ere, ondorioz.Gutxiengoak ere aberasgarriak direla, eta horri heldu behar, horrek mantentzen baitu bizirik klasiko handien zaletasuna Euskal Herrian. Gipuzkoako Txirrindularitza Elkargoan badira zale ale batzuk. Euren lanbideko jarduna bukatu ondoren txirrindularitzan murgiltzen direnak, alor anitzetan.Txirrindulari gazteei bideko harriak leuntzen saiatzen direnak, adibidez. Bizitzako une erabakigarrienean, lanbide bat aukeratu eta lanean hasi, edo ikasketekin jarraitzea erabaki behar denean. Maila txukuna duten Gipuzkoako txirrindulariak selekzio batean bildu ditu elkargoak: «Iaz erlojupekoa zuten nazioarteko proba batzuetara eraman genituen gazteak, arlo horretan eskarmentua har zezaten. Aurten. Waregem Sari Nagusira joan gara, Belgikara, harbidea ezagutu dezaten, eta etorkizunean, nahi eta ahal badute, tankerako klasikoetan neurria eman eta txukun jarduteko. Gabezia handia da arlo horretan, harbidean, klasiko gogorretan, profesionaletan ere bai». Felix Ugalde eta Jokin Lizeaga teknikarienak dira azalpenak.Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntza dute, egokitutako furgoneta eta auto bat eman dizkiete, eta hainbat ekoizlek ere laguntzen diete materialarekin. Waregem Sari Nagusira Iban Iriondo, Iñigo Andreu, Garikoitz Zabaleta, Iñigo Lariz, Gorka Ruiz de Gordoa eta Ugaitz Artola txirrindulariak joan ziren, Jokin Lizeaga eta Jon Lasa teknikariekin. Flandesko Tourrean igotzen diren horma gaiztoetan majo sufritu zuten denek, baina seiek bukatu zuten 149 kilometroko proba gogorra. Iriondo zumaiarra izan zen onena, 29. postuan. 66 taldek eskatu zuten gonbidapena Waregem Sari Nagusian korritzeko, baina 33 taldek bakarrik korritu ahal izan zuten, Gipuzkoako selekzioa tartean.Diruaz, hitz askorik ez: «Gazteenen alde lanean ari garen zale eta lagun taldea gara. Dirurik gabe ere moldatuko ginateke», dio Ugaldek, barrez. Aurrez aurre harbideko probarik ikusi ez duen zaleari, tankerako probaren bat ikusteko gomendioa egiten diote Lizeagak eta Ugaldek: «Ikusgarriak dira». Badute esperantza, pixkanaka, euren zaletasun horrek goraka egingo duela euskal zaleen artean.
Ikasketek dute lehentasuna
Asteburuan Picardieko Tourrera joango dira (Frantzia), gazteek trebakuntza egokia izan dezaten. Trebakuntzaren harira, eta ekimenak kirol kutsua izan arren, gazteen ikasketek lehentasun osoa dutela nabarmendu du Ugaldek: «Gazteak hezi nahi ditugu, haien gabeziak estali, baina ikasketen ondoren. Ikasketek dute lehentasuna, eta ikasketak uzten dieten tartean etortzen dira gurera Aurrena ikasi, gero kirola. Txirrindularitzan bidea egitea ez da erraza, eta komenigarria da, badaezpada, lanbideren batean aritzeko ikasketak eginak edukitzea».
TXIRRINDULARITZA. KLASIKOAK
Bideko harriak leuntzen
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu