Diesela garesti dago Tourrean. Iraupenarekin irabazten dira itzuli handiak, baina txisparekin etapak. Horixe da Egoi Martinez Euskaltel-Euskadikoaren arazoa; superra eskatzen duten maldetan ito egiten dela, iraupena dela haren indargunea, baina mugatua daukala gorputz diesel hori. Begia dauka oso fina ihesaldietan sartzeko; begia eta ahalmena. Baina lan onari ezin errematerik eman gero. Urrutira joan gabe, hala gertatu zitzaion orain lau urteko Tourrean, Simon Gerransek (Credit Agricolen orduan, Greenedgen orain) aurrea hartu zionean; eta antzeko zerbait gertatu zitzaion atzo ere, Tourreko 12. etapan.
Gehiegitan bezala, biderik zailenetik sartu zen ihesaldian, kontraerasoan. Gogotik lan egin zuen gero, baina ezin lana biribildu. David Millarrek (Garmin) jokatu zuen bizien bost laguneko ihesaldian, eta hirugarren postuarekin etsi behar izan zuen etxarriarrak, azken metroetan berak jo zuen arren lehen erasoa. Dieselaren kontuak dira horiek. Lau taldekide galdu ondoren, txalotzekoa da Martinezen ahalegina, baina ahalegina ez da agertzen izenburuetan; ahaleginak ez du ematen punturik.
Arraroa zen Alpeetako azken etapa. Arraroa, gogorra zelako hasiera, baina min egiteko helmugatik urrutiegi zeudelako lehen mailako bi mendateak, Grand Cucheron eta Granier. Ederra izan zen hasiera txirrindularitza helmuga bakarrik ez, irteera ere badela ulertzeko. Grand Cucherongo lehen malda gogorrak gainean zirela, tropel erdia saiatu zen ihes egiten. Tourrean mugimendurik txikiena ere puztu egiten da, eta garaipena da ihes egitea.
Mugimendu horietan, oso adi ibili zen Euskaltel-Euskadi. Bost txirrindulari besterik ez dira geratzen Tourrean, baina Ruben Perez, Gorka Izagirre eta Egoi Martinez bereziki, ia saio guztietan agertu ziren aurrean. Saiatzeak horixe dauka gehienetan, saria. Ikusgarria izan zen lehen 110 kilometroetan tropelean egon zen sua. Hainbesteko estresa sortu zuten eraso amaigabeek, azkenean Bradley Wiggins liderrak berak ere (Sky) erasoa jo zuen Granier mendate gogorreko azken metroetan. «Nahikoa da» esan nahi balu bezala, giroa baretzen saiatu zen britainiarra.
Baina jendea gehiago harrotzea besterik ez zuen lortu. Ordurako gorpuzten hasita zegoen ihesaldia. Hemeretzi lagun joan ziren ihesean Grand Cucheronen —tartean zen Ruben Perez—, baina kontraerasoek min handiagoa egiten zuten erasoek eurek baino. Minutuaren jiran, erasoa jo eta jo, ez zegoen lasaitasunik tropelean. Robert Kiserlovski (Astana) bakarrean igaro zen lehen mendatetik, eta minutu erdia atzerago zihoazen ondoren iheskide izan zituen lau lagunetatik hiru: David Millar (Garmin), Jean Christophe Peraud (Ag2r) eta Cyril Gautier.
Orduantxe ekin zion kontraerasoari Egoi Martinezek, Chris Horner (RadioShack) eta Christophe Kern (Europcar) ondoan zituela. Ona izan zen Ruben Perezen lana, ia-ia aurrekoenganaino eraman zuelako etxarriarra.
Sagan harrapatuta, lasaitua
Atzean, Sky lanean, eta aurrean, 30 lagun sakabanatuta. Hamabi lagun elkartu ziren aurrean Granierreko lehen maldetan, eta bazirudien tropelak lasaitzeko erabakia hartuko zuela. Baina, Sky buruan zela, egurrean egin zuten igoera —atzean geratu ziren Pierre Rolland (Europcar) eta Thibaut Pinot (Francaise), 9. eta 10. sailkatuak—. Aurrean, Granierrek bere tokian jarri zuen bakoitza; Kiserlovski, Millar, Gautier, Peraud eta Martinez ziren indartsuenak.
Ezin lasaitu, ordea. Wigginsen erasoaren ondoren, Peter Sagan (Liquigas) tartean zela —baita Gorka Izagirre eta Rein Taaramae ere (Cofidis)—, taldetxo arriskutsua sortu zen atzean. Eta Greenedge ez zegoen prest Sagani gerora Matthew Gossena izan daitekeen elastiko berdea oparitzeko. Egurra berriz ere. Hamar bat kilometroko deman, Greenedgek irabazi zuen azkenean. Taldetxo hori artaldean sartuta, orduan bai, orduan lasaitu zen tropel nagusia. 115 kilometro falta ziren artean helmugara iristeko, eta bat-batean erabat mantsotu zuen erritmoa tropelak.
Hamabi minuturen baino gehiagoren aldearekin, super-diesel borroka bakarrik falta zen. Tamalez, oso diesela da euskal ziklista. 13. etapa jokatuko da gaur,Saint Paul Trois Chateaux eta Le Cap D'Agde artean. 217 kilometrokoa da.
Txirrindularitza. Frantziako Tourra
Biderik zailenetik, zutoinera
David Millarrek irabazi du Tourreko 12. etapa, eta berriz ere ihesaldian sartuta, hirugarren helmugaratu da Egoi Martinez
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu