Ander Herrera. Athleticeko jokalaria

«Bielsa aproposa da gazteak entrenatzeko»

Ander Herrerak uste du Athletic ligako onenekin lehiatzeko gai dela. Bere jardunari dagokionez, erdilari zuri-gorriak uste du oraindik asko daukala hobetzeko.

haritz gallastegi
Bilbo
2011ko azaroaren 18a
00:00
Entzun
Zelaian duen antzeko ausardiarekin jarduten da grabagailuaren aurrean Ander Herrera (Bilbo, 1989). Gaztea izan arren, gorengo mailan dabilen futbolari bati egokitzen zaizkion ardurak hartzeko prest dagoela erakusten ari da. Athleticera ondo egokitu da, eta apurka-apurka hasi da zelaian erantzukizunak hartzen. Hala ere, orain arte eman duen baino askoz gehiago emateko gai da.

Lehiara itzultzeko eta emaitza bolada onarekin jarraitzeko gogoz?

Hamar partida daramatzagu galdu barik. Ez galtzea beti da kontuan hartzeko modukoa, baina aurkarien artean besteak beste Atletico Madril, Valentzia eta Bartzelona egon direla jakiteak are eta indar handiagoa ematen digu. Gainera, ez da komeni ahaztea Europako Ligako neurketak ez direla samurrak izaten ari. Horrek guztiak lanean jarraitzeko gogoa ematen digu.

Ia bi hilabete galdu barik egon arren, sailkapenaren erdian dago Athletic, hamalau punturekin. Ez dituzue puntu asko batu.

Lasai egon behar dugu. Liga iraupen luzeko lasterketa bat da. Nik azken jardunaldian egon gura dut Europako postuetan. Halere, zenbat eta lehenago egon onenen artean, orduan eta hobeto.

Ba al dakizu Athleticek 1993tik ez duela irabazi Sanchez Pizjuanen?

Bai, bai, esan didate. Hala ere, azken denboraldiotan berdinketa asko lortu ditugu han.

Athleticek ba al dauka gaitasunik 38 partidako txapelketa batean Sevillaren parean edo aurretik egoteko?

Ikusiko dugu. Sevilla ez da ari Europan lehiatzen, eta hori abantaila handia da ligari begira: partida gutxiago jokatuko ditu, presio gutxiago izango du, neke gutxiago… baina nik uste dut bi taldeen maila aintzat hartuz gero gai garela haien parean aritzeko. Real Madril eta Bartzelona dira lehiaketa guztiak irabazteko jokatzen duten bakarrak. Athletici dagokionez, uste dut hiru lehiaketetan duintasunez aritzeko gai dela.

Zure esanek pentsarazi dezakete ez diozuela uko egiten Txapeldunen Ligan sartzeari. Hala al da?

Hori denborak esango du. Guk ezin dugu pentsatu ezinezkoak diren helburuetan. Baina, era berean, gosea izan behar dugu. Jokalari gutxiko taldea daukagu, eta bai Kopan eta bai Europako Ligan gauza onak egin gura baditugu, nabaritu egingo dugu. Talderik indartsuenek ere izaten dituzte gorabeherak. Baina ilusioa eta gogoa ez zaizkigu falta. Guk onenen artean egoteko egingo dugu lan, baina presioa beste batzuek dute: Malagak, Atletico Madrilek… diru asko inbertitu duten taldeek, alegia.

Zerk kezkatzen zaitu gehien igandeko aurkaritik?

Erasoko jokalariak ditut gustuko. Negredo eta Manu del Moral oso onak dira. Navas eta Caceres ere oso ondo ari dira. Talde osoa da.

Sevillaren erasoa nabarmendu duzu, baina Athletic ere ez dabil txarto ate aurrean. Guztira hamar jokalarik sartu duzue gutxienez gol bat. Bada zerbait.

Ausartak garela, area ingurura gerturatzen garela, erasoan zein defentsan hartzen dugula parte guztiok… gauza asko erakusten ditu estatistika horrek. Konfiantzarekin jokatzen ari gara.

Marcelo Bielsa entrenatzaile bikaina dela entzun eta entzun ari gara. Gaur egungo onenetakoa omen da. Zer ari zara ikasten zu harengandik?

Ezin dizut gauza bakarra esan. Guztioi erakutsi behar digu asko. Gazteak entrenatzeko, aproposa da. Tematia da, eta ez digu lagatzen lasaitzen.

Sasoi hasieran oso ondo ari zarete. Athletic da aurkaria itotzen duen taldea. Baina berdin gertatutako al da martxoan? Izango al zarete gai bederatzi hilabetean maila berean aritzeko?

Bai entrenatzaileak, bai Luis Bonini prestatzaile fisikoak nahikoa esperientzia pilatu dute zer egiten ari diren jakiteko. Eurek erabaki dute lehen taldea jokalari gutxikoa izatea, eta, era berean, haien ardura da orain egiten ari garen lan fisikoa. Aurrez arrakasta handia izandakoak dira, eta guk itsu-itsuan sinesten dugu haien gaitasunean. Oraingoz emaitzek arrazoia eman diete.

Zure jardunari dagokionez, gustura zaude orain arte egin duzun lanarekin?

Nahiago dut balorazioak denboraldi amaierarako laga. Asko pozten nau orain daukadan entrenatzailearekin eta taldekideekin behar egiteak.

Azken partida bietan gola sartu duzu. Baina, askoren ustez, taldearen sormen jokoan pisu handiagoa izan behar duzu. Neurketa askotan ez zara nabarmendu alor horretan.

Nik ez daukat kanpokoek estutzeko premiarik. Nik neuk asko exijitzen diot neure buruari. Sormen lanean ez eze, golak sartzen eta defendatzen ere asko eman dezaket.

Lehen Mailan hasi zinenetik, mailari eusteko lanean aritu zara. Hori zen Zaragozaren helburua. Denboraldion, ordea, gora begira dagoen talde batean ari zara. Barruan daukazun guztia emateko aukera hobea ematen dizu Athleticek?

Ez izan dudarik. Nik denboraldi bi eta erdi egin nituen Zaragozaren lehen taldean. Lehen sei hilabeteetan, Bigarren Mailan aritu ginen. Orduan, igotzeko presioa geneukan, Zaragoza Lehen Mailako taldea baita. Behin helburua lortuta, ez jaisteko aritu ginen lanean. Ardura handia geneukan, eta horrek jokalari gisa hobetzeko aukera eman zidan. Etorkizunean antzeko egoerei aurre egitea egokitzen bazait, prest egongo naiz. Baina orain bestelako helburuak ditu Athleticek. Eta jakinekoa da gora begira egoteak lasaiago jokatzeko aukera ematen duela. Gehiago gozatzen da.

Baloiarekin baloi gabe baino hobeto moldatzen zara. Zein futbolari dituzu gustuko?

Zaragozako harrobiko jokalaria naiz, eta beti izan dut oso gustuko Caniren jokoa. Bestalde, Aimar eta Iniesta ere oso gustuko ditut. Baloiarekin artistak dira, baina beste dohain asko dituzte.

Athleticera etorri berria zara, baina zure izaeragatik eta mailagatik taldeko liderretako bat izango zarela dirudi. Prest ardura hori hartzeko?

Ni ez naiz taldeko nagusietako bat. Gure taldean lider rola izateko gaitasuna duten jokalariak badaude: Iraolak, Iraizozek eta Gurpegik, adibidez, neurketa asko jokatu dituzte maila gorenean. Errespetu handia diet hirurei. Bestalde, Llorentek eta Javi Martinezek ere pisu handia dute. Ardurak hartu behar badira, hartuko ditut, baina nik badakit zein den nire lekua. Asko daukat ikasteko aipatu dizkizudan taldekideengandik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.