Marcelo Bielsak Athleticen filosofiaren aldeko aldarrikapena egin du Bartzelonaren aurkako partida aurreko prentsaurrekoan. Hala, entrenatzaile argentinarrak azpimarratu du Athletic eta haren filosofia "oso garrantzitsuak" direla futbolarentzat. Horri lotuta, Bielsak aitortu du San Mamesek "aparteko sentsazioak" eragiten dizkiola eta gustatuko litzaiokeela sentsazio horiek zaleekin partekatzea.
Larunbateko partidari dagokionez, Bielsa ziur da Bayern Munichek Bartzelonari emandako astinduak ez duela ondoriorik izango San Mamesen jokatu beharreko partidan. Bartzelonak datorren asteazkeneko itzuliko partidari begira zenbait jokalariri atseden emango ote dion galdetuta, Athleticeko entrenatzaileak esan zuen hori Bartzelonako entrenatzailearen "ardura" dela.
Bielsak ez zuen argitu etzi Fernando Llorentek edo Aritz Adurizek jokatuko duen. "Ondo" ikusten ditu biak, eta, beraz, ez du ezer erabakia.