Marcelo Bielsa Athleticeko entrenatzaileak oraindik ez du argitu taldean segituko duen datorren denboraldian —ekainean amaituko zaio kontratua—, eta esan du Europako Liga irabazi ez izana ez dela horretarako erabakigarria izango. "Garaipen batzuek bukatzea aholkatzen dute, porrot batzuek jarraitzea", adierazi du gaur, Lezaman, Espainiako Ligako azken jardunaldiaren atarian —Levanteren zelaian ariko da bihar Athletic, 20:00etan—.
"Denboraldia bukatu arte egon behar da, aztertu egindakoa eta bi parteok erabakia hartu", esan du.
Hilaren 25ean Espainiako Kopako finala izango du Athleticek, Bartzelonaren aurka, Madrilen. Europako Liga galdu ostean, motibaziorako gauzarik onena aurrean beste final bat edukitzea da, Bielsaren arabera.