Prentsaurreko mamitsua eskaini du gaur goizean Marcelo Bielsa Athleticeko entrenatzaileak. Albiste bat eman du: "Iraizozek jokatuko du atepean Osasunaren aurka". Baina askoz urrutiago joan da argentinarraren hausnarketa. Autokritika zorrotza egin du entrenatzaileak, eta "egoera txarraren arduradun nagusia" bera dela aitortu. "Lotsa ere ematen dit, baina jokalari gehiegirekin defendatzen dugu". Jarraian argitu du defentsako sistema ez dela konpontzen "defendatzeko jokalari gehiago zelairatuta". 25 partidatan 50 gol jaso ditu Athleticek. "Eta 150 aukera sortu dizkigute". Giroa gaiztotzen ari da Bilbo aldean, eta, zentzu horretan, giro ona sortzen ez duela asmatu aitortu du argentinarrak. "Taldeari ez diot eskaini beharrezkoa den giro on hori. Arlo psikologiko horretan ez dut asmatu".
Dena den, aldaketak egiteagatik ez dituela egingo defendatu du Bielsak. "Ondo dagoena ez da aldatu behar. Nik ez dut egiten kalkulurik edo ez dut ateratzen ondoriorik arrazoia izan dezadan. Hori bai, gaizki dagoena aztertu eta zuzendu egin behar da". Zalantzak sortzen hasi dira entrenatzailearen karguaren inguruan. "Baina entrenatzailearen postua berez da ezegonkorra. Agintariek inoiz ez dute esaten entrenatzailea kargutik kenduko dutela; kendu egiten dute, eta kito".
Hamahiru jardunaldi falta dira liga amaitzeko, eta jaitsiera postuak hiru puntura dauzkate zuri-gorriek. Azken bederatzi partidetan bost puntu besterik ez dituzte lortu. Larunbatean 20:00etan jokatuko dute derbia Osasunak eta Athleticek, eta litekeena da Gaizka Toquerok jokatzea Oscar De Marcosen ordez; azken hori kili-kolo dabil aste guztian.