Minutu eskas bat behar izan zuen atzo Marcelo Bielsak Realaren aurkako derbiaren atarian zegoen zalantza bakarra argitzeko, hots, nor izango zen Athleticen atezaina Anoetan: Gorka Iraizoz edo Raul Fernandez. «Iraizoz ariko da bihar [gaur]», esan zuen prentsaurreko hasi eta berehala. Beraz, ezkerreko belaunean izandako lesio bategatik Malagaren aurka harmailan geratu eta gero, atezain iruindarrak zainduko du berriro talde zuri-gorriaren atea. Bielsak, hala ere, ez zuen atearen inguruko eztabaida itxi. Aitzitik, entrenatzaileak adierazi zuen «ohikoa» dela eztabaidak egotea, eta «aktoreak aldatzea». Eztabaidak eztabaida, Iraizoz ariko da gaur Anoetan. Ez da aldaketa bakarra izango Malagaren aurkako partidarekin alderatuz. Fernando Amorebietak Borja Ekiza ordezkatuko du defentsaren erdialdean.
Derbiari dagokionez, Bielsak onartu zuen «partida berezia» dela, eta «ilusio handia» dutela jokatzeko. Horren harira, azpimarratu zuen gaurko derbia aukera dela partida handi bat irabazi eta helburuak zehazteko. «Zenbat eta garaipen entzutetsuagoa lortu, orduan eta bultzada handiagoa jasoko du gure animoak».
Realaren arriskuez galdetuta, Athleticeko entrenatzaileak azpimarratu zuen talde txuri-urdinak jokalari asko dituela baloia «ukitu eta eramateko dohainekin».
Azkenik, Bielsa pozik azaldu zen denboraldi-aurrean albiste izandako zenbait gai «pixkana-pixkana» atzean ari direlako geratzen.
Bielsa: «Ohikoak dira eztabaidak, baina Iraizoz ariko da»
Athleticeko teknikariaren ustez, gaurko derbia aukera da lehia handi bat irabazi eta helburuak zehazteko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu